2023-02-22 10:14

AEKn XII. Didaktika Topaketa prestatzen ari gara larunbaterako (otsailak  25). Donostian elkartuko dira irakasleak, mahai inguru batean AEKren aspaldiko euskara eskolez aritzeko: AEKren euskaltegi eta irakasle askok 40 urte baino gehiago daramatzatenez euskara irakasten, beren esperientziak entzun eta partekatuko dituzte. Hala, Topaketa leku egokia izango da AEKren historia didaktikoa errepasatzeko eta irakasle gazteagoei ezagutarazteko.

Mintzodromo batek eta bi hitzaldik osatuko dute Topaketako egitaraua. Batetik, dislexiaz arituko dira, DISLEGI (Gipuzkoako Dislexia Elkartea) kide Arantza Elgezabal Biainekin. Bestetik,  euskalkiak ikastolen hezkuntz proiektuan izango dituzte hizpide,  Inma Muñoarekin (Ikastolen Elkartea)

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.