2018-07-05 10:09

2019ko apirilean, Euskal Herri osoa zeharkatuko dugu, eta atzerako kontaketa hasi da. Hori dela eta, AEKn, buru-belarri gabiltza prestaketan, eta, besteak beste, 21. KORRIKA iragarriko duen SPOT-IRAGARKIA grabatuko dugu irailean. Horretarako, zure laguntza nahi dugu: bai parte hartzera animatuz bai deialdi hau ahalik eta gehien zabalduz.

Spot-iragarkiaren "protagonistak" nahiz extrak bilatzen ari gara. Grabaketak, aurtengo irailaren 11n, 13an eta 17an izango dira. Protagonistek egun pare batean grabatu beharko dute, eta extrek horietariko bakar batean. Profil desberdinak behar ditugu, adin guztietakoak; beraz, interesa baduzu, bidali emaila zure datuekin esan@aek.eus helbidera, argazki batekin. SPOT-IRAGARKIAen egileek hautatuko dute protagonista-taldea.

Azkenik, breakdance dantzariak ere behar ditugu. Inor animatuz gero, idatz dezala esan@aek.eus helbidera.

Oharra: abuztu bukaeran, jasotako mezu guztiekin harremanetan jartzen hasiko gara.

Eskerrik asko eta badakizu: tipi, tapa, KORRIKA!

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.