2025-08-12 10:28

UGT-K KONTRA EGIN ARREN, PROFIL ELEBIDUNA IRUÑEKO UDALEAN

 

2024ko Iruñeko Udalaren plantilla organikoan, profil elebiduna zeukan giza baliabideetako goi mailako teknikariak. UGT-k errekurritu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian.

2025eko maiatzaren 26an, ebazpena eman zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak: Ez du onartu UGT-k jarritako helegitea.

UGT-k alegatu zuen profil hori ez dutela justifikatzen ez Iruñeko hizkuntza-errealitateak, ez lanpostuaren funtzioek. Lau herritar euskaldunek UGTren helegite horren aurka parte hartu zuten, kalte egiten ziolakoan Administrazioari euskaraz zuzentzeko duten eskubideari.

Hauek dira Auzitegiaren arrazoiak helegitea baztertzeko: Udalaren hautaketa-deialdien kudeaketan, askotan, teknikariak hautagaiei arreta pertsonala eman behar diela, eta udaleko lanpostuetan profil elebiduna soilik lanpostuen % 4’34an ezarrita dagoela eta, beraz, ez dagoela desproportziorik.

Pozik egotekoa da ebazpena, teknikari horrek euskarari dagokionez plantillaren diseinuan ziur aski parte hartuko duelako eta beharrak hobeto ikusiko dituelako. Lanpostu estrategiko batean profil elebidunak badu bere garrantzia.

UGTren jarrera euskarafobiko honen porrot hau txalotzen dugu.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.