2025-06-29 23:26

TURISMOKO DEPARTAMENTUAK EUSKARAZ; OSCAR TXIBITEK ZERGATIK EZ?

 

Hainbatetan eskatu dugu euskaraz ere jar daitezela Nafarroako Gobernuak AP-68an dituen kartelak. Turismoko Departamentuak ele bitan jarri ditu bere kartelak (“Nafarroako Erresuma” diotenak), eta poztekoa da. Baina Lurralde Kohesiorako Departamentuak jarraitzen du, temati, euskararen kontra, eta bere kartelek espainol hutsean segitzen dute (“Navarra Comunidad Foral” diotenak).

Horrekin lotuta, eta Nafarroako Arartekoak 25 urte bete dituen honetan, oroitarazi nahi dugu nola jokatu duen Lurralde Kohesiorako Departamentuak, 6 urte hauetan, Arartekoaren kexen aurrean:

Gutxienez 4 kexa jarri dira Arartekoan, hainbat karteletan euskara baztertzeagatik (espedienteak: Q21/500, Q21/935, Q24/55 eta Q24/987). Lau kexa horietan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak eman duen lehenbiziko erantzuna izan da “ez dagoela betebeharrik bide-seinaleak ele bitan jartzeko”, eta aldiro frogatu behar izan dio Arartekoak baietz, “eremu euskaldunean” beharturik dagoela seinaleak ele bitan jartzera, eta gainerako tokietan ez dagoela eragozpenik ele bitan jartzeko.

Bestalde, Q21/935, Q24/55 eta Q24/987 kexetan zehazki esan dio Arartekoak Lurralde Kohesiorako Departamentuari “Francia” ele bitan jarri behar duela “eremu euskaldunean, eta gainerako tokietan ez dagoela eragozpenik ele bitan jartzeko. Eta hiru kexetan Departamentuak argi eta garbi esan dio ez dagoela ados eta ez duela ele bitan jarriko. Dena agirietan dago. Hala ere, protestei esker, azkenaldian “Frantzia” erantsi du, euskaraz, 30 karteletan.

Argi dago: protesta da bidea, eta protestatzen jarraituko dugu, besteak beste, AP-68 kartelak euskaraz jar ditzan Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Turismoko Departamentuak egin bezala.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.