IRUÑEKO UDALEAN, EUSKARARI DAGOKIONEZ, ALDAKETAK ESKAS
Azkeneko udal hauteskundeetatik 2 urte igaro dira. Agintaldiaren erdia iragan da. Iruñeko Udalean, balantzea egiteko unea da, gure aldetik, euskarari dagokionez.
Iruñean biztanleen % 10’5 euskalduna da eta % 11’4 ia euskalduna (2016ko datuak dira). 203.596 biztanle ziren Iruñean 2021ean. Horrek erran nahi du 21.378 euskaldun oso bizi direla Iruñean (gutxi gorabehera, datuak sinkronizatuta ez daudelako eta gaurkotu gabe). Hala ere, Nafarroan euskaldun gehien bizi den udalerria da Iruñea.
2023ko langileen zerrenda, Haur Eskolak kontuan hartu gabe, lanpostu elebidunak (euskara/gaztelania) % 3’13 ziren Iruñeko Udalean. 2025eko plantilla organikoan, % 4’23 dira (1.893 lanpostutik 80 lanpostu).
Hobekuntza izan da, baina, hala ere, Iruñerriko edo eremu mistoko beste udalekin alderatuta, kopuru eskasa da. Adibidez, Eguesibarren, % 5’96; Lizarran, % 13’01; Zizur Nagusian, % 16’54; Berriobeitin, % 21’62; Barañainen, % 23’68; Burlatan, % 24’57; Atarrabian, % 33’33; Orkoienen, % 35’09; Antsoainen, % 39’62; Berriozarren, % 42’03; Uharten, % 50; Oltza Zendean, % 53’33. Nafarroako Gobernua beti oso zekena izan da euskararekin, baina orain azkeneko gehikuntzarekin Iruñeko Udalaren aurretik jarri da (% 4’9). Datu hauek guztiak, Hezkuntzako lanpostuak kontuan izan gabe dira (Haur Eskoletakoak ere kontuan izan gabe).
Arras eskasak izan dira euskara eskatuta egin diren deialdiak Iruñeko Udalean bi urte hauetan (3). Hala ere, azkenekoan 42 administrari lanpostu betetzeko, zortzitan euskaraz jakitea beharrezkoa da. Aurrerapausoa! Profil elebiduneko lanpostu horiek hamarkadak zeramatzaten deialdiaren zain!
Noski, plantilla organiko honekin euskara eskatzeko aukerarik ez dago % 95’77 lanpostutan. Ilegala izanen litzateke lanpostu horietan.
Gobernu-taldearen esku dago euskara meritu moduan puntuatzea lan deialdietan. Kalerako lan deialdietan 27 lan deialdietatik deialdi bakarrean puntuatu du euskara (% 1’65, Poliziaren Legeak behartuta). Iruñeko Udalean okerrago egiteko tarte oso gutxi dago.
Musika Eskolan irakasleek ez dute profil elebidunik, Musika Hizkuntzakoa izan ezik. Horrek azaltzen du zergatik den euskarazko eskaintza hain eskasa. Kontuak horrela, euskaldunok ezin dugu musika ikasi euskaraz.
Haur Eskoletan, euskara/gaztelania lanpostu elebidunak % 22’73 dira. Ingelesa/gaztelania lanpostu elebidunak, ordea, % 35’12 dira.
Jakina, hezitzaile-lanpostuen % 77’27an euskara ez bada eskatzen, euskarazko Haur Eskolak zabaltzeko muga handia da, ia ezinezkoa bihurtuz. Etorkizuna hipotekatuta geratzen da. Gogora dezagun auzo batzuetan euskarazko eskaintzarik ez dagoela (eredu mistoan ere ez). Eta haur eskola bakarra dago euskarazko murgiltze-ereduan. Hori gutxi balitz, haur eskoletan ingelesezko jarduerak mantentzean Iruñeko Udalak erridikulua egiten segitzen du eta euskara barneratzeari begira kaltea sortu.
Bada garaia Iruñeko Udalak urrats sendoak eta ausartak eman ditzan euskararen alde, Haur Eskoletako eskaintzatik hasi, Musika Eskolatik segi eta gainontzeko arloetan buka. Iruindar euskaldunei bizkarra ematetik eskua (eta belarriak) eskaintzera igaro behar du Udalak eta bi urte ditu oraindik horretarako.
2025-06-18.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.