2024-04-01 12:02

IRUÑEKO UDALAK EUSKARA BAZTERTU DU LAN DEIALDI BATEAN, JENDAURREKO POSTUETARAKO

 

Iruñeko gobernu aldaketa egin zenetik, Iruñeko Udalak bere administrazioan sartzeko lehenbiziko lan deialdia egin du (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2024ko martxoaren 26an).

Deialdiaren helburua da ofizial administrarien bi zerrenda osatzea, lanpostuak aldi baterako betetzea behar denerako (zerrenda bat da barrukoa eta bestea kanpoko jendearentzat).

Estreinaldia ezin okerragoa izan du; izan ere, jendaurreko harremanak izatea eskatzen duten lanpostuak izanik, euskara jakitea ez da baloratu (ez asko, ez gutxi; ezer ez).

Horrelako lanpostuetarako ez badu baloratu, noiz baloratuko du?

Iruñeko Udalean badira lanpostu batzuk profil elebiduna dutenak, baina oso gutxi dira, eta, gainera, batzuetan euskara ez dakitenek okupatzen dituzte (langile horiek erretiroa hartzean beteko dituzte elebidunek, ustez). Eta, gainera, euskara jakitea baloratu ere egiten ez bada...

Borrokan segituko dugu, profil elebidunak jar daitezen, eta bestela, gutxienez, euskara jakitea balora dadin.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.