2023-11-29 19:12

HEZKUNTZA LEGE BERRIA, ATZERAPAUSO HANDIA

 

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean onartuko omen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza lege berria.

Hasiera-hasieratik piztu ziren alarmak: euskaraz gain, gaztelania eta ingelesa izan zitezkeen irakaskuntza-hizkuntza, eta ikastetxe bakoitzak erabaki behar zuen bere hizkuntza-proiektua. Eragile batzuen asmoa zintzoa zen: orain A eta B ereduetan daudenei euskara gehiago ematea, eta segregazioa bukaraztea. Baina, orobat, eragin zitekeen gaztelania eta ingelesa sartzea oraingo D ereduko ikastetxeetan, euskararen kaltetan.

Gainera, zoritxarrez, eragile euskaltzale nagusiek sinesten dute hezkuntza eleaniztunean; hau da, hezkuntza hirueledun eta are laueledunean ere. Uste dute euskararen transmisioari ez zaiola kalterik eginen ingelesa 3 edo 4 urterekin irakasten hasita (ikastetxe publikoetan 3 urterekin hasiko dira), ezta irakasgai bat ingelesez emanez ere, ezta 12 urterekin laugarren hizkuntza bat irakasten hasita ere. Are gehiago: uste dute euskararen transmisioari on eginen diola horrek denak, metodologia berritzaileei esker.

Gaztela eta Leonen, Madrilgo erkidegoan, Andaluzian, Nafarroan bertan... juxtu kontrakoa ikusten ari da: edukiak ingelesez ematea zailtasun gehigarri bat da, eta hobeki moldatzen dira, oro har, egoera sozioekonomiko hobean daudenak. Hala, segregazioa handitzen da. Baina Hezkuntzako sailburuorde Begoña Pedrosak esan du “EAEko esparru eleaniztunak ez duela zerikusirik Ebrotik behera” gertatzen denarekin, eta “ez duela segregaziorik eraginen”. Zergatik? “ingelesa goiz irakasten hasita ez delako segregaziorik eragiten” (“Bildarratz convoca un desayuno informativo en sábado para pedir el voto de EH Bildu para la Ley de Educación”, El Salto, 2023-11-4). Horratx formula magikoa, espainiar tonto horiek ezagutzen ez dutena. Itxi bitez EAEko ingeleseko eskola partikularren akademiak.

Oso prozesu gorabeheratsu baten ondoren, iduri du PSOE aterako dela irabazle. Aspaldi zebilen horren bila: hezkuntza hirueleduna orokortzea. Baina gutxi iraunen du arrakastak: euskararen transmisioari kalte egiteaz gain, segregazioa eta eskola porrota handituko ditu.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.