2025-07-29 10:48

BOEn LEGEAK KATALANEZ, BAINA EZ EUSKARAZ

 

Urtebete baino gehiago igaro da eta berdin jarraitzen dugu: Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (gaztelaniazko siglekin, “BOE”) legeak ez dira euskaraz argitaratzen. Aldiz, BOEn katalanez argitaratzen dira Diputatuen Kongresuak behin betiko onartutako legeak ez ezik, baita bestelako arau garrantzitsuak ere, Espainiako Gobernuak eta Kataluniako Generalitatearen Gobernuak izenpetutako hitzarmenari esker. Badakigu Frantziako Errepublikaren Aldizkari Ofizialean (Journal officiel de la République française) euskaraz zerbait argitaratzea askoz zailagoa izango dela, baina berdin-berdin beharrezkoa da.

Gogoratu behar dugu Espainiako Diputatuen Kongresuak behin betiko onartzen dituen lege-testuak euskaraz zinezko bertsioan argitaratzeko aukera Ganberaren erregelamenduaren aldaketan jaso zela. Horren harira, Diputatuen Kongresuak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu zuten 2024ko abenduaren 3an; alabaina, Gorte Nagusien Aldizkari Ofizialak eta BOEk segitzen dute lege-testuak euskaraz argitaratu gabe. Euskaltzaindiak erantzun digunez, testuak jasotzeko sistema eta itzulpenak bideratzeko prozesua zehazten ari da, baina bitartean euskaldunok testuok gaztelaniaz irakurtzen jarraitu behar dugu.

Gurean, 2011ko urriaren 11n sinatu zuen Eusko Jaurlaritzak katalanek sinatutakoaren tankerako hitzarmena, baina horren indarraldia amaitu ostean, ez da berririk sinatu eta ez da urratsik eman eragiten diguten (Hego Euskal Herrian bizi garenoi, behintzat) arauak euskaraz argitara daitezen. Are deigarriagoa: Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartzen dituzten legeak, euskaraz ere idatzita egon arren, zergatik argitaratzen dituzte gaztelania hutsean BOEn?

AETn ezin dugu beste aldera begiratu eta gaia astintzen jarraituko dugu, lege guztiak euskaraz ere argitaratu ditzatela lortu arte. Katalanek lortu badute, euskaldunok zergatik ez?

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.