2024-04-08 00:25

ANTSOAINGO UDALA, BERE EUSKARAREN ORDENANTZA URRATZEN

 

Antsoaingo Udala, EH Bilduren eskuetan, bere euskararen ordenantza urratzen ari da lan deialdietan.

Hauxe dio ordenantzak (2000-6-16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala):

“17. art. Antsoaingo Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, hizkuntza jakitea merezimendutako sartuko da, (...) euskararen ezagutza nahitaezkoa ez bada.

18. art. Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da (...)”.

Azkenaldian lan deialdi hauek egin ditu:

- Giza baliabideen zuzendaritzako lanposturako oposizio-lehiaketa (2024ko otsailaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

- Udaltzaingoko agente lehenaren lanposturako lehiaketa (2024ko otsailaren 22ko NAO)

- Hirigintzako teknikariaren lanposturako oposizio-lehiaketa (2024ko martxoaren 21eko NAO).

- Sukaldarien zerrenda egiteko oposizio-lehiaketa (2024ko martxoaren 21eko NAO).

Udaltzaingoko agente lehenaren lanposturako, % 1’65 puntu ematen dizkio euskara jakiteari, eta 0 (zero) puntu gainerakoetan.

Antsoaingo herritar batek errekurtsoa jarri zuen Udalean, aipatutako  lehenbiziko bi deialdien kontra, eta Udalak erantzun zion ez dela interesduna, eta beraz, ez zaiola errekurtsoa onartu. Besterik ez.

Herritarrak, hortaz, errekurtsoa jarri du lau deialdien kontra Nafarroako Administrazio Auzitegian, euskara balora dadin Euskararen Ordenantzaren arabera.

Hobe luke Antsoaingo Udalak deialdiak orain zuzentzea.

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.