ABENDUAREN 14RA ARTE PAI-TIK ATERATZEKO AUKERA
2025eko urriaren 13tik 2026ko apirilaren 17ra arteko epea zuten Nafarroako ikastetxeek PAItik ateratzeko, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emandako 676/2025 Ebazpenaren arabera (2025eko urriaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta).
Hala ere, 679/2025 Ebazpenaren bidez epea aldatu du zuzendari nagusi horrek (2025eko urriaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta).
2025eko abenduaren 14a baino lehen aurkeztu beharko du PAI ateratzeko eskaera ikastetxeko zuzendaritzak, gehiengo osoaren bidez Klaustroak eta Eskola Kontseiluak hartutako akordioak erantsita. Aldi berean, hauexek aurkeztu beharko ditu: Programatik ateratzeko arrazoiak, ikastetxeak hizkuntza arloan izanen dituen helburu berrien planteamendua, aurreikuspenen arabera programatik atera ondoren izanen duen plantilla eta programa azkentzeko prozesuaren egutegia ikasturtez ikasturte. Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu behar da eskaera.
676/2025 Ebazpenaren arabera, “Atal elebidunen programan izan duten parte-hartzea bukatu nahi duten ikastetxe baimenduek idatziz jakinarazi beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari” eta “ikastetxeak bermatuko du programan hasitako ikasleek bertan jarraitzea etapa bukatu arte”. Azken baldintza hori PSOEk inposatutako xantaia da, ezin berehalakoan atera.
Baldintza zitala jarrita badago ere, PAIren kalteak hurrengo belaunaldiek jasan ez ditzaten urratsa ematera animatu nahi ditugu ikastetxeak. Batez ere, PAI-D eredukoak animatu nahi ditugu, ikasleek euskara ongi barneratzeko PAI oztopoa baita, PAI eta D eredua bateraezinak baitira, D eredua murgiltze sisteman oinarritzen delako.
Hala ere, PAI dagoen gainontzeko ikastetxeei onuragarria izanen zaie PAItik ateratzea, ikasleek ikasgaiak hobeto ikas ditzaten eta ingelesezko eskola partikularretan gurasoek dirurik ez xahutzeko. Ingelesaren pagotxa agian gutxi batzuek aprobetxatuko dute (Nafarroako Administrazioetan modu artifizialean bultzatu nahi badute ere). Besteek ikastetxea utzi bezain laster ahazte prozesua hasiko dute. Gainera, hemen harreman sozialetarako ingelesaren balioa hutsala da. Beraz, PAI kaltegarria da ikastetxe guztietan.