2019-01-25 23:18

Korrupzioa guztion ahotan dabilen garaiak dira honakoak. Politikoki erabili egiten da,
hedabideetan zein tabernetako eztabaida sutsuetan. Baina errealitateak erakusten diguna
da maila politikoan ez dagoela inolako asmorik ustelkeriari aurre egiteko, ezer gutxi egiten
da haren aurka eta ez dira bitartekoak jartzen egoera aldatzeko, eta hau gutxi balitz
hiritargoak ere ez ditu normalean korruptoak zigortzen horretarako aukera duenean.

 

Egoera honakoa delarik, gai larri honen inguruan kontzientzia pizten ahalegintzen garen
taldeoi ez gaitu batere harritzen gure eguneroko jardunean zentsura saiakera ezberdinei
aurre egin behar izatea. Azkena, Amurrioko Udalaren eskutik, honakoa aurreneko aldia ez
delarik.


Ahoztar Zelaietak idatzitako De Miguel auziari buruzko liburuaren aurkezpena
zentsuratzeko ahalegin berri hau gainditu izanarekin pozik gaude ADIko kideok baina hala
ere hausnarketa batzuk azpimarratu nahi ditugu jarraian:


-Liburu baten aurkezpena debekatzen saiatu izana ez da larriena. Beste lekuren batean
egiteko aukera izango genuke. Eskaintza ezberdinak izan ditugu horretarako eta zinez
eskertzen ditugu. Larriena da Amurrioko Udalean gune publikoak erabiltzeko orduan
zentsura sistema bat indarrean egotea, eta halaber zenbait politikarik publikoa dena haien
jabetza partikularra balitz bezala erabiltzea.


-Josune Irabien alkatesak hori aipatu arren, ez da inongo gaizki ulerturik egon. Behin gure
eskaera esku artean izan zuelarik, gaiaz arduratzen zen teknikariak jakinarazi zigun
alkatesarekin kontsultatu beharra zuela. Deigarria iruditu zitzaigun honako jarrera, izan ere
eskaera mota hauek normalean berehala argitzen dira baldin eta aretoa libre badago
zehaztutako egunean eta orduan. Egiazki eskaera guztiak alkatetzatik pasatzen dira?
Harrigarria benetan. Handik egun batzuetara, arestian aipaturiko teknikariaren ahotik
erantzuna jaso genuen: ezezko biribila. Ezezko erantzuna ematea alkatesaren erabakia
zela gaineratu zigun ere. Hau da, gaizki ulerturen bat ematekotan, alkatesa eta
teknikariaren artekoa beharko luke izan. Dena dela, hemen garrantzitsuena da Amurrioko
kultur etxean egiten dena aurretiazko filtro moduko batetik pasatuarazi nahi izan dela. Zein
zen bestela eskaerari erantzuna emateko teknikariak alkatesarekin halabeharrez
kontsultatu behar izanaren arrazoia?


Argi dago korrupzioaren gaiak ez duela salmenta errezik eta orohar bere erabilera politiko-
folklorikoaz aparte askori traba egin eta desorosoa suertatzen zaiela. ADItik ordea merezi
duen garrantzia ematen diogu, izan ere gizarte honetako arazo larrienetakoa da duda
barik, gure eguneroko bizitzan eragin zuzena duelarik, batez ere biztanleriaren gune ahul
eta babesgabetuenetan. Guzti honengatik, otsailaren 5ean Ahoztar Zelaietaren liburuaren
aurkezpena emango den Amurrioko Kultur Etxera bertaratzeko deia luzatu nahi diegu
herritar guztiei, hartara sistema ustel honi aurre egiteko asmoa agertu eta korruptoak
behingoagatik jazarriak izan eta haien jarduerei babesa emateari utz diezaioten lortu arte
urrats berri bat emateko.

 

Gasteiz eta Araba inguruko ustelkeria kasuak aztertu eta sozializatu nahian ari garen elkarte herritarra. #ustelkeriaSTOP