2018-10-03 23:00

Manifestu hau babesten dugun norbanakook, kolektibook edo taldeok arduraz ikusten dugu Gasteizko Udalak gure hiriko lau eragile ezberdinekin hartutako jarrera eta urriaren 6an ospatuko den OkupaTU Gasteiz Egunak jasandako zentsura. Hori dela eta, hurrengo sei puntuak eman nahi ditugu jakitera:

● Horrelako jai ekimen bat legez kanpo uztea (batez ere izena argudiatuta) zentsuratzat jotzen dugu.

● Alfonso Alonsorekin Gaztetxe Eguna ospatu zen 2005ean; Patxi Lazcozekin Piztu Gasteiz Eguna 2008an; Gora Gasteiz Eguna Javier Marotorekin 2015ean… Urriaren 6rako planteatzen duten antzeko egitaraua izan dute egun hauek, baina ez dituzte inondik inora ere debekatu. Ez dugu ulertzen aurtengo urteurrena debekatzeko arrazoia.

● Gasteiz hiri aberatsa da: kulturalki, artistikoki, musikalki… urriaren 6ko egitaraua horretara bideratuta zegoen, alegia, hiria kolorez margotzera musika, artea eta kultura orokorrean izanik lagun.

● Espazio publikoa ezin da soilik milaka euroko diru laguntzak jasotzen dituzten ekimenetara bideratu. Gu ere “behetik”, kaletik, hasi garen artistak, musikariak, idazleak, kirolariak… gara. Printzipal Antzokian aritzeko, Fuerosen jotzeko edo liburu bat aurkezteko, horrelako espazioak behar-beharrezkaok ikusten ditugu.

● Zentzu honetan, OkupaTU Gasteiz dinamika osatzen duten eragileek eskaintzen diguten “eszenatokia” eskertu besterik ezin dugu egin: uhinak gure ekimenen berri emateko, oholtza gure ikuskizunak egiteko, frontoia kirola nahibeste praktikatzeko eta auzoa gure proiektuak martxan jartzeko.

● Urriaren 6an Hala Bedik, Gaztetxeak, Auzolanak eta Errekaleorrek ospatuko duten urteurren festan parte hartzeko gonbitea luzatzen dugu, jai giroa nagusi izango den egunean.

Sinatzaileen zerrenda osoa: https://halabedi.eus/2018/10/01/crece-la-lista-de-adhesiones-para-el-okupatu-gasteiz-eguna-y-ya-supera-las-320-caras-conocidas-y-colectivos/

 

 

Gasteiz eta Araba inguruko ustelkeria kasuak aztertu eta sozializatu nahian ari garen elkarte herritarra. #ustelkeriaSTOP