2021-03-24 15:39

Elkartasuna adierazi nahi diogu, ADI! ustelkeriaren aurkako elkartetik, Andoni Díaz basozainari, zeinek ohartarazi zuen isileko ehiztariei jarritako zenbait salaketa ez zutela aurrera egiten Arabako Foru Aldundian. Era berean, Aldundiak afera honetan darabilen praktika iluna salatu nahi dugu.

Joan de udazkenean, Gasteizko 1 zenbakiko instrukzio epaitegiak Fiskaltzaren salaketa onartu zuen Aldundiko zerbitzuburu baten kontra, ustez, datu garrantzitsuak ezkutatzeagatik isileko ehizan inplikatutakoak zigortuak izan ez zitezen. Fiskaltzak funtzionario horri dokumentuak faltsutzea egotzi dio. Otsailaren 2an ordea jakin genuen praktika horien salatzailearen kontra, basozainaren kontra alegia, disziplina-espedientea abiatu duela Arabako Foru Aldundiak.

Andoni kudeaketa-eredu autoritarioen prezioa ordaintzen ari da 2017tik ustelkeria-ekintza horiek salatzeagatik. Beste behin ere, salatua da babesten dena, egungo Arabako Foru Aldundiaren kudeatzaileen gertukoa izango dena  edo agian afiliatua. EAJ-k zein PSOE-k salatzailea  kriminalizatu eta jazartzen du. Hau da ustelkeria kasuak salatzearen prezioa.

Influentzia-trafikoan, kutunkerian, obskurantismoan, harrokerian eta errepresioan oinarritutako Arabako Foru Aldundiaren kudeaketa politikoaren biktimatzat dugu Andoni. Hori dela eta eskaria egiten dugu bere aurka abiatu duten disziplina-espedientea baliogabetu eta bere pertsonaren aurkako hertsatze-praktikak amaitzeko.

 

(argazkia: CADENA SER)

Gasteiz eta Araba inguruko ustelkeria kasuak aztertu eta sozializatu nahian ari garen elkarte herritarra. #ustelkeriaSTOP