2018-09-20 23:39

NORTZUK GARA:

Errealitate anitzetatik gatozen eta ibilbide ezberdinak izan dituzten norbanakoz osatutako talde bat gara. Iritzi eta joera ezberdinetakoak izanagatik, kezka komun batek elkartu dituen herritarrak; gaur egungo egitura sozio-politikoan guztiz errotuta dagoen ustelkeriak, alegia. Zehatzagoak izateko, azkenaldian Gasteizen edo Araban publiko egin ziren ustelkeria kasuen inguruko kezkak elkartu zituen herritarrak gaituzue.

Pauso bat aurrera eman eta gertatutakoak zabaltzeko eta gainontzeko herritarrak informatzeko helburuz subjektu aktibo izan nahi duten herritarrak. Salatu beharrekoak salatu eta arazo hauei irtenbideak bilatzeko alternatibak proposatzeko asmoz elkartu garenak.

 

DEKALOGOA:

1. Gasteizen edo Araban gertatutako ustelkeria kasuen aurrean; influentzia trafikoa, zilegi ez den babesleen influentzia, eroskeria, iruzurra edota funts publikoen erabilera bidegabea, prebarikazioa, kazikismoa eta nepotismo kasuak salatzeaz gain, hiritarrak informatzea.

2. Aipatu kasuen jarraipena egitea, datu berriak gehituz gertaeren ingurukoak osatzea eta beharrezko den kasuetan herri akusazioa aurrera eramatea.

3. Kudeaketa publikoaren gardentasuna bermatzea helburu; instituzio zein erakunde publikoetan, herritarron parte hartzea sustatzea zein kontrol sozial zuzenerako tresnak ezartzeko proposamenak egitea.

4. Administrazio publikoari, diru kontuen zein baliabide publikoen erabileraren inguruko informazio era garden eta argi batean eskuragarri jarri dezala exijitzea.

5. Herri ondare komuna, gardentasuna, informazio eta parte hartze zuzena eta kontrol demokratikoa barne hartzen dituen filosofía herritarrengan sustatu eta berrezartzea.

6. Instituzio zein erakunde publikoei, uneoro, herritarren nahi eta beharretarako izango diren baliabideak jar ditzaten exijitzea. Herritarren interesen gainetik interes partikularrak lehenetsi beharrean, onura pribatuen esanetan jardun gabe, herri interes publikoen zerbitzura jardun dezaten.

7. Funtzio publikoa garatzeko, arduradun eta kargu publiko guztiei (izan politiko zein teknikoak) kode etiko bat exijitzea. Kolektibotasunaren zerbitzura egongo den eta zintzotasuna, gardentasuna eta funtzio publikoaren bidezko garapena jasoko duen kode etikoa. Era berean, bere ardurarekin bat ez datozen praktikak gertatzen direnean kontrol guneetan beharrezko diren azalpenak eskatzeko aukera eskainiko duena eta horrekin batera, dagokion arduradunaren kargu gabetzea ahalbidetuko duena.

8. Administrazioaren funtzionamendu egokia interes sozialekin batera joan dadin, herritarrei honelako dinamiketan parte hartu eta inplikatzeko deia egitea. Beraien inplikazioa sustatu eta subjektu aktiboen kontzientzia sortuz, baliabide publikoen erabilera sozialaren berme gisa.

9. Herritarrek beraien kezka eta ezinegonak bidera ditzaten beharrezko tresnak sortu eta eskaintzea, beraien iritzia adierazi eta nahi dituzten salaketak burutzeko, beti ere, gertakari objektibo eta egiaztagarriak diren kasuetan.

10. Politika publikoen prestaketa, garapen eta jarraipen prozesuetan inplikatuko den gizartea sustatzea.

Gasteiz eta Araba inguruko ustelkeria kasuak aztertu eta sozializatu nahian ari garen elkarte herritarra. #ustelkeriaSTOP