Urriaren 29an Bilbon (EHUko San Mameseko Areto NAgusian)
Urriaren 30ean Donostian (Uliako lore baratzak, 19:00)
Gaur egungo krisi sistemikoaren ingurumen eta klima ondorioek zalantzan jartzen dute etorkizuna. Horren aurrean, gobernuek, tragediaren aurrean geldirik, makineria kapitalistaren gainerako piezekin batera (enpresak eta finantza-erakundeak, komunikabideak, erakundeak eta abar), egungo desoreka ekosistemikoaren balizko arintzeen imajinarioa dakarten kontzeptuen zati bat bereganatzen dute, guri ustezko irtenbide bat saltzeko, baina naturaren eredu suntsitzaile berarekin jarraitzeko azken finean.
Norabide ekosistemikoa benetan aldatzera bideratuko gaituen eredu sozioekonomikoa aspalditik ari gara lantzen eta aldarrikatzen. Bitartean, egungo ekoizpen-eredu berarekin jarraitzen dugu, elite batek etekin ekonomikoak, hegemonia eta boterea mantendu dezan bermatuz; horrek kontsumoa handitzen jarraitzea esan nahi du, inolako irizpiderik gabe; eta Planetaren muga biofisikoak alde batera uzten jarraitzea esan nahi du, etengabeko hazkuntzaren helburu bakarrarekin.
Biak, natura zaintzearekin koherentea den sistema baten inguruan antolatzea eta Hondamendia elikatzen duen sistemaren jarraipena, guztiz bateraezinak dira. Izan ere, argi eta garbi esan dezakegu gaur egun pairatzen ditugun arazoak sistema honi dagozkiola, Kapitalismoari, bere aldaera, garai eta mozorro desberdinekin.
Botere ekonomikoek proposatzen diguten Trantsizio Energetikoak orain arte bezala jarraitzea planteatzen du, energiaren, produktuen eta baliabideen kontsumo maila eta modu berberekin; mugikortasun eta garraio maila eta modu berberekin; erauzketa maila eta modu berberekin; turismo maila eta modu berberekin; eraikuntza eta hedapen maila eta modu berberekin; nekazaritza maila eta modu berberekin; GUZTIAREN maila eta modu berberekin.
Eta hori bateraezina da benetako paradigma aldaketa batekin. Egiten den gauza bakarra energia ekoizpena handitzea da, mix-ari energia eoliko eta fotovoltaikoko proiektuak gehituz, zigilu berde faltsu batekin apainduz, behar bezala jokatzen ari direla simulatzeko eta, horrela, errazagoa izateko engainu hori gizartearen onarpen-maila zabal batera eramatea. Beraz, oraindik ere baliabide fosil asko kontsumitzen dira, kontuan hartu gabe horrela jarraituz gero espazio natural zabalak suntsituko direla, ingurumen inpaktu handiak eraginez. “Energia berriztagarri” esaten diote pertsonak eta natura irensten dituen sistema honen eranskin bati.
Energia berriztagarri faltsu horien lehen eragin handia okupatzen duten lurraldean gertatzen da, mendi komunal eta laborantza lur eremu natural zabalak industrializatuz eta pribatizatuz. Gatazka handiak sortzen dituzte kaltetutako komunitateetan eta gizarte maila. Herrien izateko eta jarduteko erak apurtzen dituzte. Porlanaren zurrunbilotik babestu izan diren eremutan urbanoak ez diren lur sail handien erabilerak aldatzen dituzte, lurzoru naturalak gero eta artifizialagoak bihurtuz, horrek eragin negatiboa duelarik klimaren aldaketan.
Eraikitzeko eta funtzionatzeko behar dituzten materialen (baliabide naturalak) eskasian ere sakontzen dute, horiek ekoizteko behar den gastu fosila dela eta. Horrek esan nahi du estraktibismo latza jasaten dutela mendebalde hegemonikoko periferian kokatzen diren herrialdeek; izan ere, herrialde horietako ondasun komunalez jabetzen dira eta gainbeheran dagoen mundu aberatsera eramaten dira. Beraz, herri horien subiranotasuna lapurtzen duen kolonialismoa hauspotzen dute.
Ustezko trantsizio energetiko hau ere fartsa bat da, baliabide naturalak bere puntu kritikora iristen ari direlako, gainbehera nabarmenean: kobrea, burdina, eztainua eta abarren kasuak ditugu, eta eskari handiko beste batzuenak ere, hala nola lur arraroak, litioa, eta abar. Energia lortzeko era horiek sortzen dituzten hondakinak ahaztu gabe.
Kutsadura, hondamen naturala, herrialde aberatsekiko mendekotasuna beren harreman kolonialistan, komunitateen desplazamendu behartua hiri handiak oraindik handiago izan daitezen, biziraupen-ekonomiak deuseztatzea eta horrekin batera pertsona ugari proletarizatzea, emakumeen aurkako indarkeria handiagotzea. Hau da gure mundutik eskaintzen den berriztagarrien eredua.
Ez da trantsizio energetiko bat, negozio-eredu bat baizik, kapital botere handiak salbatzen saiatzen dena berauek sortzen dituzten irabazien jaitsieratik. Pobrezia eta suntsipena esan nahi du gu guztiontzat. Gaur, inoiz baino gehiago, menpekotasun ekozida honi aurre egingo dioten erantzunak artikulatu behar ditugu. Erokeria honen aurrean altxatzea eta antolatzea ezinbestekoa da naturaren eta gizadiaren arteko harreman berriak sortu ahal izateko bidea jorratzeko.
Horretarako, hiru aditu izango ditugu urriaren 29 eta 30ean: Antonio Turiel, Antonio Aretxabala eta Carlos Taibo. Ezinezkoa izango da daukagun denbora gutxian dena kontatu ahal izatea. Baina ziur esaten digutena argigarria eta motibagarria izango zaigula.
Antolatzaileak: