2023-05-24 11:26

Gaur  (maiatzak 20) Gasteizen  EUSKAL HERRIA BIZIRIK! ekimenak manifestazio arrakastatsua antolatu du. Antolatzaileen arabera «Gaur, hemen, landa-eremuko eta hiriko pertsonak elkartu gara bizirik mantentzen gaituzten horien defentsan: lurra, itsasoa, baserriak, basoak, errekak eta ibaiak, larreak, soroak eta mendiak. Ahaztu gabe bertan bizi diren izaki guzti-guztiak. Horiek herri hau egiten dutelako. Haiek gu egiten gaituztelako.» 

Eta bukaeran komunikau hau irakurri dute:

ADIERAZPENA

Azken aldi honetan natur-guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara.

Guztiz kezkagarria da ikustea gure lurraldera inbertitzaile handiak, berriz ere, badatozela ingurune naturala hondatzen jarraitzera, eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko asmoz.

Trenbide proiektu eta azpiegiturak; zentral eolikoak edota fotovoltaikoak –eta, noski, horiei dagozkien banaketa-lineak–; erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak.

Euskal Herriko mapan, horiek guztiak agertzen dira; batzuk jada martxan dauden proiektuak dira, eta beste asko laster gauzatzekoak. Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea ekarriz.

Proiektuon atzean asmo argia ikusten dugu: landa eremua eta bertako bizimodua apurka-apurka desegitea, gure mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagerraraziz.

Enpresa handiek ezarritako ibilbide berbera eginez, politikari askok diote industrializazio proiektu handien aldean ingurune horien garrantzia eskasa dela eta ezkutatzen digute enpresa horiek direla, hain zuzen ere, politika suntsigarri horren onuradun bakarrak.

Horrela, diru publikoa patrika pribatuetara desbideratzen dute. Halaxe xahutu da eta oraindik xahutzen ari da horrenbeste diru AHT-an, erraustegietan eta zabortegi industrialetan.

Halaber, kostako eremuetan gertatzen ari diren txikizioak direla eta –kirol-portuak, dike berriak, kostaldearen artifizializazioa, besteak beste– denon aisialdirako tokiak eta ingurune natural izugarriak harri eta porlan azpian betiko galtzen ari gara. Kostaldeko herriek beren xarma galtzen duten heinean, promotore eta inmobiliarien etekinak esponentzialki igotzen dira.

Gertatzen ari dena ez da lapurreta ekonomikoa bakarrik; proiektu horiek pertsonen osasunari ere egiten diote kalte. Hori gutxi ez eta Administrazioak lagundu egiten du legeria korporazio handi horien interesetara egokituz, eta baliabide publikoak eta espazio komunalak jartzen ditu haien esku.

Horren adibide dira Tapia Legea eta Nafarroa Garaiko homologoa. Udalei eta kontzejuei beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kendu eta haien subiranotasuna urratzen dute.

“Trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoek beren esanahia galtzen dute egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Jatorri fosileko energiaren ordez energia berriztagarria erabil daitekeela argudiatzen dute, inork beren merkatu-nitxo berria zalantzan jar ez dezan.

Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora bultzatzen gaitu. Horren ondorio zuzena da transgenikoen inposizioa han eta hemen; zeintzuk mendekotasun berriak sortzen dituzten eta gure haziak askatasunez ereiteko gaitasuna kentzen diguten.

Baserri txikietako ereduaren desagertzea oso hurbil dugu. Lur emankorren erabilera aldatu egiten dutelako legez, eta etxalde txikiak baztertzen dira behin eta berriz. Baserriekin eta lurrarekin espekulatzeak era zuzenean egiten dio eraso herriaren elikadura subiranotasunari.

Historian zehar, landa eremuaren ondarea eta jakintza jarri dira, behin baino gehiagotan, politika desarrollisten mende. Trukean, bertako biztanleek bazterketa latza jasan dute, nahita ezarria eta aurretik programatua.

Natur ingurunea eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Horiek hondatuz gero, atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalek, landa-eremuko ekosistemek, eta baita ekosistema sozialek ere.

Hemen gaudenok ez dugu onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea  aurreikusten ez duen politikarik. Guk argi daukagu: produkzio sistema ondasun komunala hobetzera bideratu behar da.

Horregatik, natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, gure habitata babestuko duen politika exijitzen dugu, inbertitzaileen diru goseari men egin egingo ez diona.

Energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika nahi dugu: pertsona guztien beharrei erantzungo dien eredu energetiko deszentralizatu eta tokikoan oinarritua.

Erabaki politikoek komunitate osoa hartu behar dute kontuan, eta erabakiak herritarrok hartu behar ditugu, ez kapitalak.

Horregatik, garraio sistema soziala garatuko duten politikak nahi ditugu; eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza ereduak sustengatuko dituzten politikak; energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituzten politikak. Azken batean, natur-ondarea, arkeologia-ondarea, gizarte-ondarea eta kultura-ondarea kaltetuko ez dituen eredua ekosoziala behar dugu.

Euskal Herriko mendiak, natur guneak, landa eta kostako inguruneak ez dira kapitalak
konkistatzeko espazioak!


AMAIERA

Bihotzez eskertu nahi dizkizuegu emandako babesa eta jasotako indarra. Denbora luze pasa dugu hau antolatzen, eta bidea ederra izan da. Hemen, ordea, ez da bukatzen borroka hau. Borroka honen beste pausu bat izan da gaurkoa, hiriko biztanleak eta landa-eremukook batera eman duguna.

Gaurkoaren ondoren ere prest gaude egiten gaituen lurraren defentsan jarraitzeko, eta animatu nahi zaitugu zure eskualdeko taldera batzera, edota ez balego, taldea sortzera.

Bidean topo egingo dugulakoan,

GORA EUSKAL HERRIA BIZIRIK!
A Planeta, B Planeta ez dagolako - Planetan zehar honen alde ari dira/gara - bertako borrokak eta egoera guztiak kontuan hartu behar ditugu Planetaren alde ekiteko. Horregatik, saretu eta informazioa hedatu.