« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Juanjo Olasagarre

Turrak

2010-06-21 08:50:00 | Juanjo Olasagarre

Jakina, Johannesburgora joanez gero mundu guztia joanen litzateke Sowetora, normala da. Strugglearen turra egin, Apartheidaren Museoa bisitatu, beharbada, bertan ostatu hartu, bertakoren batekin hitz pixka bat egin.

Rio de Janeiron berdin egiten dute turistek (bereziki euskaldunek, elkartasunaren rolloa dela eta), faveletara joan, bertakoek nola bizi diren ikustera, pixka bat paseatu, karrika izan nahi dutenetatik ur-pixa nola jaisten den begiratu. Sarajevon gauza bera, guda lekuak bisitatzeko tur bat hartu eta frankotiratzaileak hiria zelatatzen zuten tokietatik hiria mendean hartu, jendea hiltzen zen kale gurutzean gelditu, lehergailuek zoruan egindako markak, Sarajevoko arrosak deitzen diete, ukitu, jende pila hil zen merkatua bisitatu, hiria inguratzen zuen tristura usaindu. Norberak daukana saltzen du. Rio de Janeirokoek pobrezia, sarajevoarrak patu petral hura, Sowetokoak borroka eta Apartheida.
 
Purista bat, beharbada, turismoak dena hutsaltzen duela-ez duela hasiko litzateke. Ez natzaizue horretan hasiko, beharbada egia da, baina horrek ez luke turismoaren hutsaltzea azalduko bakarrik, gure bizitzarena ere bai. Bere horretan utziko dugu, beraz.
Epikak tiradizoa dauka. Seguru aski duinago irudituko zaigu Sarajevoko turra eta Sowetokoa nahiz eta pobrezia Riokoa bezainbatekoa izan.
 
Bai, epikak tiradizoa dauka. Beharbada biktimak eskolara eramateko proposamena turrez konpondu beharko litzateke. Ez da esan beharrik non. Han kontrol bat, haraxeago lehergailuak eztanda egin zuen tokia, beste hartan urliari hankak kendu zizkioten zubia... Euskaraz-ingelesez-gaztelaniaz.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403