« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Juanjo Olasagarre

Barkamena

2010-06-12 14:52:00 | Juanjo Olasagarre

Duela bi hilabete edo zutabe hau idatzi nuen Deian. Oraindik ere egunerokotasuna duelakoz ekarri dut hona. Iruditzen zait, hala ere, barkamenetik harantz gelditu dena betikoa dela Hego Afrikan. Filmean gertatu bezala egonen ahal dira zuriak beltzen kirola, futbola begiratzen.

Invictus ikusi dut aurreko astean, Hego Afrikan interesaturik nagoelako ezen ez ikusteko filma iruditzen zitzaidalakoz. Hala ere, filma gustatu egin zait, batetik, hemen aitortu nahi ez dudan arrazoi batengatik, eta, bestetik, Mandelaren eite handia ongi erretrataturik ageri delako. Batez ere barkamenari dagokionez, berak asmatua baita forgive but don´t forget leloa.

1996 barkamen eta berradiskidetze giroa ia ukitu egin zitekeen Hego Afrikako gizartean. Ez dut uste, hala ere, filmean ageri den bezala, barkamen giro hori sortzea Mandelaren lana bakarrik izan zenik. Mandelak etsenplua emanez giroa hedatzen lagundu zuen, baina, seguru aski, atzetik erabaki politiko bat zegoen, eta Mandela bera eta hainbat eta hainbat preso, kaltetu, jazarri, alargun eta abarren eskuzabaltasuna.

Barkamena. Balore kristau bat da ala gizaki guztioi dagokiguna? Eta nola barkatzen da ahaztu gabe?

Euskal Herria eta Post Apartheideko garaiak mintzagai adiskide batek iradokitzen zidan gure gatazka konpontzeko Mandela bat falta izan zaigula, eta Mandelarekin batera barkamena eman eta jasotzeko abilitatea. Abilitatea diot, eta ez dohaina edo berezko natura.

Barkamenak kateaturik zeuden gorroto espiraletik askatu zituen beltz asko, halaber, zuri askoren erru sentimendua arindu zuen. Bestelakoa da ordea barkamena beti justua ote den, edo barkamenak justizia ezartzen duen. Horrek harritzen ninduen Hego Afrika hartan, egoera injustu geldituagatik jendea barkamenez mintzatzen zela, benetan, gizarteak kristauak direnean mintzatzen diren benetakotasunaz.

Argi dagoena zera da barkamenaren bidez ez ditugu soilik bestearekin bakeak egiten baizik eta batez ere geure buruarekin. CS Lewisek, idazle fededuna, zioen bezala: “barkamena eskatzea desenkusatzeaz bestelakoa da, desenkusatzeak kaltetuari arrazoiak azaltzea da. Barkamena eskatzea gure okerraren osotasuna onartzea da(...) Barkamenaren izate humanoa handien eskuetan dago bakarrik”

Hari barkamena eskatu aurretik barkatu, eta aurrera egiteko aske gelditu zelako izan da Mandela handia, baina batez ere azkarra.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403