« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Bilardo

Eroak

2010-06-11 21:25:00 | Bilardo

Obelix duk diziplinarik gabeko gilbor-handi bat, jokaldia ikusten ez dakien zentral maaaaantsoa, traketsa, dena -keria (eta no podía). Nirekin ez zian hark zelaia usaindu ere egingo. Baina esaten dik egia bat, eta horrekin bakarrik, titular: “Erotuta zeudek erromatar hauek”.

Ez duk erromatarren kontua bakarrik. Erotuta zeudek ARGIAko hauek ere, niri hemen idazteko esaten. Eta erotuta zegok jendea, jeneralean, futbolarekin. Ez futbolean aritzeagatik, Andy Goram bezala; hori ulertuko nikek.

A, ya, ez ezagutzen, e? Bale, motzean: Eskoziako porteroa 1990eko urteetan; eta eskizofrenikoa; zaleek erdi brometan abesten zioten “two Andy Gorams, there's only two Andy Gorams”. Baina hik imajina ezak: bahabil ate azpian gelditu eta gelditu, eta halako batean hasten haiz ahotsak entzuten, eta ez dituk atzeko hooliganak. Igual, ez zekiat, ahotsek esaten zioten penaltia zein aldetara, kornerra motzean ala bigarrenera, faltako tiroa bere zutoinetik ote zetorren. Igual ez. Baina nik errespetatzen dizkiat halako futbol-eroak.
Bestelakoak, inork erotzat ez dauzkanak, ez.
Zer gaitz mental duk, adibidez, Espainiako deporteetako periodistena, jende aurrean eskua hanka tartean sartzen ibiltzeko? Eta ez ditek zakila edo klitorisa ukitzen. Kia! EspaÑa laztantzen ditek, gogorra, umela, lizuna, fantasia inposible guztien ama.
Eta zer dituk Hegoafrikara joango diren turista formako milioika dolarrak? Kaskoko isuri bat! Ez zegok, benetan, beste modurik Afrika aberasteko?
Zer duk Maradona, burua 1994ko gol ero hartatik altxa ezinda, eta orain mundua konkistatu behar duenaren plantaz? Niri manikomioan Napoleonen txapela jantzita dabilen burugabea ekartzen zidak gogora.
Esaera zaharrak klaro asko esaten dik, ordea: futbola hamaika hamaikaren kontrako kirol bat duk, eta beti irabazten dik eroenak.
Ongi etorriak beraz, zoroetxera. Ea ez diguten lobotomiarik egiten, gutxienez.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403