2010-06-23 12:58:00 | Agin Rezola
deskonposizio egoeran
Hegoafrika 2-1 Frantzia. Frantzia deskonposizio egoeran dagoela irakurri dut gaur. Gero konturatu naiz futbolaz ari zirela.
Uruguay 1-0 Mexiko. Luis Suarezek buru guay bat duela esan daiteke, buruz sartutako golari esker irabazi baitzuten uruguaytarrek.
Hego Korea 2-2 Nigeria. Nigeriarren hutsak alde batean eta beste aldean Korearrenak, neurketa azkenean bina amaitu zen. Ze kontraesankorra...
Argentina 2-0 Grezia. Argentinak oso jokalari bertikalak ditu (etzanda ez daudenean) eta Grezia apalari erraz irabazi zioten.
Frantziak modu negargarrian esan dio agur Domenechen aroari. Hemendik aurrera Blanc izango da jokalari beltz pila dituen selekzioko hautatzaile. Hegoafrika ere etxera joan da, alegia, ez direla joan.
Uruguay eta Mexikok nahikoa zuten sailkatzeko berdinketarekin, baina Uruguayk irabazi egin zion Mexikori eta hauek begi bat beste partiduan zutela ibili ziren. Okulista mexikarrak eskuak igurzten ari dira.
Hego Koreak ere aurrera egin du, baina hutsegite handiak eginda. Nigerian Enyeama atezainak zerbait egin behar zuen aldiro, “ene ama!” entzuten zen Nigeriarren aulkian. Baina partidua ikusteak merezi zuen Kanu (orain Kanu baino, kana gehiago den arren) ikusteko. Mª Teresa Fernández de la Vegak baino zimur gehiagorekin, besteei paga banatzera irten zela zirudien.
Azken partiduan Argentinak aisa hartu zuen mendean Grezia. Maradonaren gizonak erasoan paretak eginez aritu ziren (batzuetan ez dut futbola ulertzen) eta etengabe bilatu zuten Tzorvasen atea. Ez nahastu “a por chorvas” espresioarekin.
Final zortzirenetan beraz: Argentina vs. Mexiko eta Uruguay vs. Hego Korea.
Ez dago erantzunik.
© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403