Alberto Bocos Londresen izan zen 1976an eta ordutik punkean murgilduta ibili da, Jabi Saiesen alboan: atzerritik diskoak ekartzen; hardcore melodikoa egiten zuen Ezin Izan taldean; aldizkari, fantzine edota irratietan esku hartzen; eta Musica Autonoma disko dendaren arduradun. Atzerriko taldeak ekartzen zituen Zambombo elkarte eragilean buru-belarri ibilitako Jose Antonio Alfonso zaragozarrarekin batera egin du Bocosek DVDa.
Punka eta hardcorea biak batera hartu dituzue hari gisa. Bi estilo horiek banatu ezinak al dira?
Banatu daitezke, baina Espainiako Estatuko poparen barruan ahaztutako bi estilo garrantzitsuenak dira; eta beraien artean lotura oso handia dute. Bestalde, badira hainbat talde punk gisa izendatu arren, musika estiloz hardcore barruan ere sar daitezkeenak: esaterako, RIP edota Espasmodicos.
Punkaren eta hardcorearen historia 1980tik 1990era mugatu duzue. Zergatik hor hain justu?
1990etik aurrera gauzak okertzen hasten dira… Badira talde interesgarri batzuk eta ideia onak baina… Ez da berdina. Sasoi horretan crossover-a hasi zen metala eta hardcorea nahastuz, eta hasierako esentzia galduz joan zen.
Dokumentaleko talde guztiak batzen dituena sistemaren ukazioa da ezta?
Bai, sasoi hartan ez genuen onartzen esaten zigutena. Gaur egun jendeak protesta handia egiten du, baina oso zaila da bereiztea… Edozeinek jarri ditzake gandorra edo rastak, baina dagoeneko ez da pertsonala. Guk gure kamisetak, txapak, kontzertuak egiten genituen; diskoei balio handiagoa ematen genien… gaur egun, edozein lekutan eskura daitezke. Ez genuen onartzen esaten zigutena, baina eraiki egiten genuen.
80ko hamarkadako taldeak mitifikatuegiak daude edo itzela izan zen orduan egin zena?
80ko hamarkada bukaeratik ez da halako indarra izan duen beste ezer sortu. Hip-hopa indartsua izan zen sasoi baten; heavyak antzera jarraitzen du; metal berria ahuldu da, baita hardcore melodikoa ere. Gaur egungo taldeek ez dute ez halako lotura ezta halako hunkipenik lortzen…
DVDaren azalean RIP jarri duzue. Zergatik?
Zalantza handiak izan genituen hasieran. Baina grabazioak berrikusi ostean konturatu ginen talde ia guztiek RIP eta Jabi Saies miresten dituztela; are gehiago, Arrasateko taldea Espainiako Estatuko punk-hardcore talde garrantzitsuenetakotzat dute gehienek, baita Jose Antoniok eta biok ere.
Jaso duzuen historiaren protagonistak jakitun al dira egin zutenak izan duen garrantziaz?
Gehienak oso pozik daude egin eta bizi izandakoaz, baina ez dute uste beraien lanak halako eragina izan duenik. Umiltasunaren adibide garbiena RIPekoak dira, oraindik ia ez dute sinesten eredugarriak izan direnik. Bestalde, musikari guztiek oso ondo hartu dute ekimena, poztu egin dira.
Espainiako Estatuko lau eremu bakarrik hartu dituzue, eta Euskal Herriko kapituluan, nahiz eta luzeena izan, Bizkaiko eta Nafarroako taldeak falta dira, besteak beste…
Bai, egia da. Badakigu jende dezente kanpoan gelditu dela, baina lortutako material guztiarekin ia gainezka egin genuen. 4 ordu eta erdiko lana osatu dugu, eta gauza asko kanpoan utzi behar izan ditugu. Gure asmoa da laster bigarren lan bat egitea kanpoan gelditu diren talde eta musikari esanguratsuekin. Gainera taldeen zuzeneko irudi gehiago sartzeko asmoa daukagu.