Goizalde Landabasok hitzez eta Aritz Eigurenek marrazkiz eraiki berri dute Bränskint hiria: eleen eta irudien arteko solasaldian zabaldutako hiri zaharra. Hitzek esaten ez dutena irudiek diote eta irudiak antzu balira, biak batera eta uztarturik, ulerbide dirateke, izan ere, sortze lan hau marrazki eta letren arteko harmonian tenkatzen baita.
Hiri hotza irudikatu digute, itxaropen gorria sarbidean, kale elurtuetan putak, bortxaketak, eskaleak, bakardadea, zaborrak, heriotzak, hip-hop erritmoan drogak, zubigaineko eta zubipeko pertsonaiak. Eta haien arteko solasak, begiradak, miseriaren begirada lohi eta bihurriak. Paisaiak. Txuri-beltzean atondutako paisaia elurtuak, hotzak lurrundutako hitzak.
Hasierako irudiak ere halaxe dira, hotzaren txuri grisak eta erdian gorria. Aurreratu ahala irudien puzzleak eta tonuak irekitzen dira eta tonuz aldatzen doaz kolorea hartzeraino. Marrazki festa horretan trazu oso finak gailentzen dira, minimalistak lirudikete, eta beste batzuk ordea orrialde osoa harturik espazio hanpatuaren euskarri bilakatzen dira. Marrazkiak oso diferenteak dira, estiloz nahiz tonoz, hiriaren antolaketa honetan Aritz Eigurenek eskaini dizkigunak.
Landabasok mikroipuinak marraztu ditu, dosi txikietan irakurtzeko, hiria baldosaz baldosa egina dagoelako eta bizitza segundo bat baino ez delako. Bränskint oso gertu dagoen hiria sentitzen dugu, hotza eta bakarra, noraezean irudika dezakeguna. Liburuaren azalak berak aurreratzen digu poesiaz kargaturiko Carrefour edota Eroskiko karrotxoa, edozein eskaleren etxe edo aterpea izan litekeena. Etxe mugikorrak harantz eta honantz dabiltzanak, miseria bidaide. Bränskinten psikiatrek ez dakite zorionarekin zer egin. Baina hotzaren isotopia lagun, hiri honetan ere bada Eguzki amandrerik, nahiz eta 226 egun behar izan laino beltzen indarra gainditzeko.
Egin dugu Bränskinterako bidaia, hantxe gozatu dugu mikronarrazioen erritmo bizia, hantxe sumatu dugu hitzen eta irudien arteko ezkontzari darion poesia. Eta idazle eta irakurlearen artean marrazkilariak zubiak marraztu ditu. Eguraldi makurrarekin era konpultsiboan. Etxe aurreko zubia lehenengoa. Unibertsitatera bidean dagoena, azkena. Ikusleenganako zubirik, baina, ez du aurkitzen. Eta zuk, irakurle, topatu al duzu komunikazio ariketa honetan Bränskintik zureraino sartzen den zubi zuri-beltzik?