ARGIA SARIAK > 2016

Kanpaina: Gora Gasteiz

Ez da urrun Marotok etorkinen aurkako eta gizarte laguntzen inguruko esanekin Gasteizko giroa gaiztotu zuen garaia. Orduan –2014ko azaroan– sortu zen Gora Gasteiz! herri ekimena, hain zuzen ere, egoera horren aurrean gizartea aktibatu eta herritar anitzen arteko elkarbizitza sustatzeko. “Sektore ugaritatik, kasu batzuetan antolatuagoetatik besteetan ez hainbeste, sortu zen, erakusteko Gasteiz beste zerbait zela eta beste zerbait izan zitekeela, badaukala hiriak tradizio bat etorkinen hiri bezala, bidegurutze bezala”, dio Iban Zaldua ekimeneko kideak.

2015eko apirilaren 18a hartu zuten gasteiztarrak aktibatzeko egun gisa eta Gora Gasteiz Eguna ospatu zuten. “Nahiko arrakastatsua izan zen eta lagundu zuen hirian egon zen giro aldaketarako. Uste dut orain hobeto arnasten dela Gasteizen gai horiei dagokionean, arazoak desagertu ez badira ere”.

Gora Gasteiz! ez zen sortu betiko ekimen gisa, eta oraingoz taldea lozorroan badago ere, dokumentala lantzen ari dira: “Ez du jarraitzen bere horretan baina jarraitzen du espirituan beste mugimendu batzuetan”.

Hemen albistearen lotura