Jose Ramon Etxeberria: «Juizioa Irauli Egin Dugu»


1983ko abenduaren 04an
Jose Ramon Etxeberria epaituari elkarrizketa

Jose Ramon Etxeberria: «Juizioa Irauli Egin Dugu»
Madrilgo Epaiketaren Ondoren
Ezin hasiko gara orain Jose Ramon Etxebarria aspalditik ezaguna dutenei aurkezten. ARGIAren irakurleak, ANAITASUNA oraindik gogoan duenak, Udako Euskal Unibertsitatearen tiffossi nekagaitzak, bertsozaleak,... baita euskaltzalerik berrienak ere ezagutzen du Joserra.
Bere ideia guztiekin ados ez dagoen abertzaleak ere sentitu du halako egonezin bat estomaguko zuloan Madrilen HBko hautatuei eginiko Juizioan euskaraz soilik hitzegiteagatik isilerazi dutenean, edo juezari «Nire aitaren etxea defendituko dut» bota dionean muturraren erdian.
Etxekoak baino hobeto nork kontatuko digu ordea Madrilen gertatua?
ARGIA.–Hitz egiten utzi dizucte azkenean, nahi zenutena esan ahal izan duzue....
Jose Ramon Etxebarria .–Begira, harrigarria da Herri honetan gertatzen dena: hitz egin abal izateko juzgadu baten aurrera joan beharra. Azken batean ekintza parlamentario batean joan ginen gu Gernikara, Espainiako erregeari Euskal Herriaren aurpegi deformatu bat erakutsi nahi ziotelako. Beste aurpegi bat erakusteko, gure ustez askoz ere errealago dena, hitz egin nahi genuen. Noski, ez ziguten hitz egiten utzi eta kantatu egin genuen. besterik ezin genuelako.
Guretzat orduan sorpresa bat izan da Madrila joan eta hainbeste gauza esaten utzi digutela. Ez dena, hori ere esan behar da. Izan dira gai batzuk ezertarako ere onartu ez dituztenak, torturen aipamenak esate baterako: gai hori azaltzen zen momentuan presidenteak moztu egiten zuen.
A.–Prentsak ez du bada holakorik esan, nahi zenuten guztia esan.ahal izan duzuela idatzi da behin eta berriz.
J.R.E.–Ez zuen esango baina hala izan da. Juezen iragan frankista gogoratzea ere ez zuten inola ere lagatzen. Eta holako beste mozketa batzuk ere egon ziren. Abokatuei ere behin baino gehiagotan esaten zitzaien halako galdera ez zetorrela gaira. Baina abokatuak oso azkarrak direla aitortu behar dut. eta galdera beste era batera planteiatzen zuten. juizioarekin zer ikusirik izateko moduan.
Mozketak izan dira, beraz, nahiz eta gauza asko esan ahal izan ditugun. Eta beste gauza bat euskararena: euskara ezin dute ikusi, inola ere. Azken egunean, azken borondate bezala, utzi ziguten esaten nahi genuena, euskaraz ere, itzuliaz eta abar. Baina lehenengo egunetan, gure defentsarakoan euskara aditu eta moztea bat bera izan da. Mozketak izan dira bai.
A.–Hala ere dexente ganza esan ahal izan duzue. Zergatik utzi dizuete? Harrigarri gertatzen bait da.
Nere eritzia emango dizut. Arazo honekin itxura bat eman nahi izan dute: estatu demokratiko batetan gaudela alegia. Baina beren hanka sartzeak egin dituzte hala ere. Poliziaren jokabidea adibidez: poliziak kontrolatu egin du Justizi Palazio osoa. Protesta egin genuen, gure abokatuen bitartez. Eta zera erantzun ziguten, jauregiaren barrua Barne Ministeritzaren eskuetan zegoela, beren eskuetatik kanpo, beraz. Nola uler justiziaren independentzia bertako kontrol guztia Barne Ministeritzaren esku baldin badago, juezak zer esanik ez badauka?
Publizitatearen printzipioa ere, edozein epaiketetan gorde behar dena, itxuraz gorde nahi izan dute, eta oso modu sibilino baina zitalez apurtu dute. Familiarrak sartu aurretik, salako ilara guztiak poliziek harturik zeuzkaten. Beren arteko konbertsazioak ere entzun ahal izan ditugu: «Jo, berriro bihar ere etorri egin behar dudala esan zaidak jefeak!» eta holakoak. Hau da, guri zergetan zurrupatzen diguten dirua erabili dutela gure familiarrek eta lagunek lekurik eduki ez dezaten sala tapatzeko eta betezeko. Ez dute lortu, gu ere gogor ibili garelako.
A.–Baina sartu ziren familiartekoak.
J.R.E.–Noski, baina gogor egin genielako. Esan genion polizien buruari gure senideak sartzen ez baziren gu ere ez girela sartuko salara. eta azken egunerako autobuskada oso bat sartzea lortu genuen. Baina beren asmoa besterik zen. Eta alde guztietatik berdin. Itxura egin nahi izan dute, forma batzuk gordetzen dituztela, eta lotsagarria da hori. Gu politikariak bagara ez daukagu gure egiak epaiketa batean zertan esanik, kalean baizik. Eta horixe da errespetatu ez dutena.
A.–Mundu zabalaren aurrean zuen eritziak azaltzea oso garranizizkotzat jo duzue. Demokrazia honen izaera, poliziaren jokabidea, magistraturaren errealitatea... Oihartzun onik ikusi al duzue prentsaren aldetik?
J.R.E.–Beste nazio eta estatuetako jendea egon da obserbadore moduan. Eta gauza batzuekin harriturik zeuden. Euskara erabiltzen ez uztearekin esate baterako. Horretan ere argi eta garbi joan dira konstituzioaren aurka, berek jarritako konstituzioaren aurka, beraiek idatzitakoaren kontra. Tribunaleko presidenteak horretan ignorantzia itzela agertu du, espainolez jakiteko eskubidea eta beharra nahastuz. Horretaz oso harrituta zeuden atzerriko obserbadoreak, Poliziaren jokabidearekin ere oso harrituta joan dira. Behatzen egon badira ikusiko dute ea zer pasatzen den hemen parlamentari bat argumenturik gabe kondenatua bada.
Beste hau ere erantsi beharra dago hemen: epai mahaiak ukatu egin dizkigula eskaturik geneuzkan testigu kanpotarrak. Belgikako parlamentariak-eta eskatuak geneuzkan, beste parlamentuetan holako ekintzak eta gehiago ere bai normalak direla erakuts zezaten. Lekuko horiek ukatzean publizitateari ere kalte haundia egin diote.
A.–Estatu espainoleko prentsa ere irakurriko zenuten.
J.R.E.–Egia esan Madrilen erresonantzia haundia izan du epaiketak. Madrilgo egunkariak irakurri ditugu batez ere, eta gutxiago Kataluniakoak, goizean goiz hartzen genituelako batez ere. Eta egunero azaldu dira hango egunkarietan baita orri osoak ere. Eta kazetarientzat gure jarrera izugarrizko sorpresa bat izan da, nik uste. Hango kazetariak halako morbosidade batez joan dira gure epaiketara, «badatoz hemen zoroak, apurtzaileak, gauza guztiak apurtzen baino ez dakitenak...» eta juizioan hainbeste kazetari egon da egunero, itxaroan..., nik uste, ea juizioa noiz apurtuko genuen edo noiz egingo genuen astakeriaren bat.
Azkenean heuren irudi prefabrikatua puskatu egin zaie beren begien aurrean. Herri Batasunaren irudi deformatu bat saldu diote kazetari horiek jendeari eta epaiketara konprobatzera joan dira, ea berek saldutako irudia betetzen den. Eta ez zaie hori gertatu. Ikusi dute HBkoak pertsona batzuk garela, hitz egiten dakigunak, eritzi politiko batzuk dauzkagunak, horiek defenditzen ditugula, eta gainera gai garela, uzten bazaigu behintzat, nahi duguna azaltzeko. Lorpenik haundienetakoa hori izan dela esango nuke, benetako irudia ematea, ez gezurrezkoa, azken batez hori garelako: talde bat, bere iritziak dituena, bere ideologia daukana, eta metodoak ere benetan demokratikoak erabiltzen ditugula, ez berek egiten duten bezala, azken batez adierazpen askatasuna praktikan defenditzen dugulako, berek egiten ez dutena. Sorpresa bat j aso dute.
A.–Epaiketa amaitu da eta sententzia besterik ez da falta. Baina Madrilgo bost egun horiek nola baloratu dituzue, epaiketa modu orokor batean harturik?
J.R.E.–Hasiera batean gure kontra zihoan juizio bati, nik uste, buelta ematen jakin dugula. Euskal Herriak bizi dituen baldintza guztiak salatu ditugulako eta gure tesi nagusiak dioena bera salatu dugulako: Euskal Herrian demokraziarik ez dagoela. Hor argumentu politikoekin salatu dugu. Alde horretatik, berek egin diguten eta guk nahi ez genuen juizio bat, juizio horri buelta ematen jakin izan dugu, eta beren buruen kontra jartzen. Baina hori hitzarekin bakarrik, argumentuekin.
Bai alde politikoan eta baita alde juridikoan ere. Juridiko aldetik, garbi geratu da fiskalaren akusazioak funts gabeak direla, izateko arrazoirik ez zeukatela inola ere. Heuren alorrean ere buelta eman diegu beren argumentuei. Hori argi geratu da, nire eritziz. Bestalde, komunikabide mailan egin den batailaz, gutaz saldu den irudi publikoari ere buelta eman diogula uste du. Aurkeztu gara garen bezala, ez beraiek nahiko luketen bezala.
A.–Beraz, istilurik ez sortzea eta hain lasai eta pazifiko aritzea aurretik aztertutako jokabide bat zen. Pentsa bait zitekeen erabili egin zaituztetela.
J.R.E.–Eta zertan geneukan istilurik sortu beharrik guk nahi genuena esaten uzten baziguten? Gu oso paketsuak gara. Kazetariek ez digute sinistu nahi, berek beste irudi bat saltzen dutelako. Baina guk geure buruak garen bezala aurkeztu ditugu. Gero, onartzen gaituzten ala ez beren prolema da. Baina eskubide osoa daukagu uste duguna, gure eritzi independentistak, defenditzeko. Horixe da bertan egin duguna.
A.–Beno eta hainbeste haizatu den boste arazo bat: zuek aurkeztutako lekuko eta testigu guztiak ez direla presentatu.
J.R.E.–Hori ere lotsagarria izan da. Eta lotsagarriago oraindik, hemen Euskal Herrian Sabinoren omenez hainbeste hitzaldi eta artikulu agertu direnean; teorian Sabinoren pentsakera eta ideiak berentzat eta beren interesetarako erabili nahi dituzten pertsonaia horiek Sabinoren mitoarekin geratu dira eta ez dituzte bere toeriak praktikara eramaten. Izan ere Sabinoren aportaziorik nagusiena izan bada, eta nire eritziz hala izan duk, beste arlo batzutan ez bait gaude berarekin ados aportazio nagusia diot zera izan bada, euskaldunon aberria Euskadi dela, eta bera izan zen hori esan zuen lehenengoa, guk hori eraman dugu praktikara Madrilen. Bitartean, bere oinordekoak omen direnak ez dira ausartu aberria defenditzera Madrila hurbiltzera, eta aitzakia rnerke batzuekin ez dute aurpegirik eman nahi izan, Madrilen, eman behar zuten lekuan.
Lotsagarria izan da. Eta hor salbuespen bat aipatu nahi nuke, aurpegi eman duena. Ez dakit pentsatua izan den ala ez, baina Gebarak aurpegi eman zuen. Baina Garaikoetxea eta Pujana bertan ez agertzea lotsagarria izan da, eta bere harrokeriaren frutu bat. Gehiago esango nuke oraindik: gu juzgatzen gintuzten bitartean gauzatxo batzuk esan dituzte gure alde, Gernikakoa ekintza parlamentari bat zela susma eraziz bezala, baina «kortesia falta» eta holakoak esatea.... lotsagarria: Kortesia zer den berek jakin behar lukete, eta euskaldunen historiari egin zioten salmenta famatua, erregeari Foruak eta gure legeak eta gure askatasunak juratu gabe nolabait eman nahia gure buruzagitza,.... horixe da... hitz gogorra da, baina nere eritziz hori da traizio izugarria beren historiari eta Sabinoren printzipioei.
A.–Prozesu hau politikoa da, bistan dagoenez. Eta edozein epaiketa politiko bere momentuan ulertu behar da, politikak bizi duen unean. Zuek Madrilen HBren eritziaz nahiko lasai botatzen zenituzten une berean ezagutu da Lege Antiterrorista berria. Zortzi egun elkarrekin pasata aztertuko zenuten egoera.
J.R.E.–Momentua oso larria da. Atera duten legea benetan exzepzio estatua baino latzagoa gertatzen da. Irakurri ditudan gauzak beldurtzekoak dira. Poliziak inolako mandamentu judizialik gabe etxe eta edozer arakatzeko duen ahalmena, adierazpen askatasunari egiten zaizkion erasoak,.... ze eskubide estatu da hau? Hori ateratzen zuten bitartean, gurekin itxurak egiten zituzten Madrilen. Lege hau ez jada onartzea baizik eta aurkeztera ausartzea bakarrik, eta hori eskubide estatu bat dela esatea... niretzat egia argi baino argiago azaltzea da: hemen ez dutela politikariek agintzen, beste batzuk direla agintzen dutenak, eta politikariek beste horiek agintzen dieten erritmoan egiten dutela dantzan.
Hori da nire balorazioa, eta beste guztiena ere antzekoa dela uste dut. Gero eta garbiago agertzen da hau ez dela eskubide estatu bat eta hori salatu behar dugu bai hemen eta bai leku guztietan. Datuak badaude sobran, eta badiozut, ez lege hau onartzea, lege hau aurkeztera aursartzea bera dignidade guztia galduta daukan talde politiko baten emaitza besterik ez da. PSOE da hori eta PSOEk ez du besterik egiten agintzen diotena baino. Gure tesis politiko bat, hemen ez dagoela eskubide estaturik, konfirmatu ahal izan dugu, bai epaiketan bertan eta atera duten lege berri honekin. Lehendik bagenekiena konfirmatu.
A.–Gernikan pasatako tragoari etekin poska bat atera diozue beraz. Berriro berdin egingo al zenuke, zuk zeuk, diot, Joserra Etxebarriak?
J.R.E.–Bai, behin eta berriro galdetu zaigu hori, baita han bertan ere.Joango ginateke, bai, berriro Gernikara, gure baseak eskatuko baligu, zeozer egiten aritu garenaren ustean. Zeozer hori da gure askatasun minimoak lortzeko bidean dagoen gauza bat. Egin genuengatik oso pozik nago ni. Berriro ere gustora egingo nuke, eta besteek ere bai, gure jendeak eskatuz gero.
A.– Egun horietan makina bat anekdota izango zenuten. Pasillotik gentozela kontatzen zenidan adibidez nola zahar batek parean pasatzean + Viva el Pais Vasco- esan zizuen berehala jendartean galizeko, eta juzgatutako HBkoak zinetela ezagutu eta zorionak eman zizkizueten gazte haiena-eta.
J.R.E.–Izan dira bai holako istoriatxoak. Esate baterako Mirandan, Euskal Herriko mugan, nola hartu gintuzten, bosoak zabalik. Ostera, gero Gasteiza etorri ginenean nola poliziak hartu zuen militarki eta okupatu, gobernadore zibilaren aginduz. Penagarria izan zen. Eta justu Virgen Blancara gindoazela, Eusko Legebiltzarraren edifizio berriaren ondotik, berri berria, txukuna, eta inguru guztia polizia nazionalak kontrolatuta. Eta nere artean esaten nuen, jo, hau bai dela lehen esaten zena hilobi zuriztatua, jaio aurretik hila dagoen gauza bat, txukuna, garbia, baina ezertarako balio ez duena. Agintzen dutenak beste horiek direlako. Eta kontraste hori, edifizio berri eta dotorea eta bestetik kalea poliziak okupatua. Han jendeak oihukatu zuena azken batean adierazpen askatasuna izan zen.
Eta jendeak hartu nahi bait gaitu eta agurtu, horretarako ere baimena eskatu behar al da? Pertsona bat maitatzeko edo miresteko edo dena delakoa, horretarako ere gobernadoreari baimena eskatu behar diogu? Gasteizen lehengo egunean argi eta garbi ikusi genuen: hemen ez duela Eusko Jaurlaritzak agintzen, gobernadoreek agintzen dutela. Eta nik esango nuke gehiago: Francoren denborarik onenean baino txarrago. Horrekin dena esana dago,
Han zegoen jendeak dignidade bat erakutsi zuen, bertan egoteaz. Eta besteek aldiz, erabateko indignidadea. Lotsarik eza.
A.–Baina ez duzu aislaturik egotearen irudipen bat? Euskal Herriko jendeak jadanik zuen mentsajea ez duela hartzen alegia.
J.R.E.–Baina nola ez du jendeak dena tragatuko, teorikoki bere defendatzailea omen den alderdia egunero tragatzen ari bada, etsenplu txarra ematen ari bada? Begira, orain dela urte batzuk sinestezina zen orain gertatzen ari den banderen asuntoa. Lotsagarria da, Sabinoren astea ospatzen ibiltzea eta bide batez igandean Labaien bandera espanola harmadari ematen aritzea.... eta esan zituenak esatea! Azken batean Espainia dela. Eta hori argi esan behar da: ez dela. Eta gu joku horretara ez goazela.
Erretolaza hasi zen banatzen, gero Eli Galdos, orain badirudi Cuerdak eta Labaienek eta guztiek hortik pasatu behar dutela. Ez dakit nola ez diren lotsatzen. Eta baseak, hain abertzaleak direnak.... izango dira hor ere abertzaleak, baina ez dakit non dauden, hori ikusita denak daude hain trankil. Zer da hori baina? Nola ez du jendeak tragatuko gero? Dauzkaten medio guztiak, instituzioak, komunikabideak, denak erabiltzen dituzte traga erazteko, etsenplu txarrak emanaz. Zuk esango didazu baseak eta beste baina... azkenean berdin-berdinak dira denak. Gogorra da esatea, baina praktikak erakusten du. Abertzale direnek, Gernikak zer esan nahi duen ulertzen dutenek, konprenitu dute Euskal Herriaren askatasunen kontrakoa izan dela juizioa. Buruzagiek ulertu ez badute, beren komenientziagatik izango zen edo beren tratuengatik. Baina lotsagarria. Hori esateko beste hitzik ez bait da.
Iñaki ZUBIONDO
4-8

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakEpaiketak
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazETXEBERRIA2
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude