Karlos Otegirekin Euskal Literatura Aztertzen

Karlos Otegiri, elkarrizketa

Karlos Otegirekin Euskal Literatura Aztertzen
Karlos Otegiri buruz ohar pare bat komeniko litzateke aldez aurretik; Karlos euskal literatur munduan erabat sarturik daukagu; Bergarako UNEDen B mailako ikasleei textu azterketa ematen die Zarautzko institutoan ere irakaslea da eta beste hainbat lanen artean "Pertsonaia euskal nobelagintzan" liburuaren egilea da. Txillardegik behin zera komentatu zidan: "Karlosek nik ez nekizkien gauzak ere atera dizkit nire liburuetan".
Aurkezpena eginda eta agian zerbaitetarako balioko duen esperantzarekin horra hor Karlosekin izan genuen solasa.
A. Zein da zure ustez azken hamar urte hauetan eman den eboluzioa euskal literaturan? Nola esplikatuko zenuke orain gero eta gutxiago argitaratzea, ea. Ni bederen harrituta geratzen naiz; orain liburu bat argitaratzeko ez dakit zer egin behar den...
K. Nik ere ez. Baina dirudienez argitaletxeek ondo saltzen diren liburuak argitaratzera jo dute, eta ondo saltzen dena haur eta gaztetxoentzako liburua da. Honek, noski, literatura helduaren murriztea dakar. Hala ere, sari bat irabazten duten lanak argitara ateratzen dira, berandu bada ere. Idazle berriak, oraingoz ezezagun direnak, "kontsakratuak''baino traba gehiago aurkitzen dituztela uste dut. Argitaletxeek idazle berrien aukera babestuko balute zinez... Agian oso interesgarria litzateke idazle berriei eskainitako sail bat eratzea.
A. Dena dela orain bi urte R.A. Azkue saria irabazi zuen nobela oraindik argitaratu gabe dago.
K. Irigoienena, ezta? Argitaratuko al da! Beste batzu ordea bai, kaleratu dira. Garateren, Zubikarairen idazlanak publikatzen dira. Joera bateko literatura bestea baino errezago argitaratzen dela esan nahi al du honek? Ez dakit. Bestalde ez da gauza bera idazlana sari batetara aurkeztea eta argitaratzeko eskaintzea. Kaleratzean arriskua, konpromezua handiagoa da. Gerta daiteke idazlea konforme ez gelditzea bere idazlanaren ondorioarekin eta zuzendu nahi izatea. Dena dela sariak antolatzen dituzten erakundeei, haien egoera ekonomikoa argitaletxe arruntena baino airosoagoa denez, laguntza desinteresatuagoa eskatu beharko litzaieke.
A. Ni harritzen nauena zera da, lehen gauza pila bat argitaratzen zela nahiz eta nahiko motela izan.
K. Bai, baina lehengo argitaletxe horietako zenbait itxi egin da, agian politika editorial emankorra, ekonomikoki esan nahi dut, zaindu ez duelako, edo ezin izan duelako. "Lur" editoriala, "Kuliska sorta" saila,... "Ustela", ere geldirik dago, "Gero"k ez du patrika-liburu sail nagusiko liburu berriak ateratzen, etabar. Argitaratu ziren zenbait lan ere, harpidedun sisteman oinarritutako sailetakoak ziren. Harpideduna atzeratu egin da, sail osoa jasotzea askotan ez zuela merezi ikustean.
Badirudi, bestalde, gaur egungo irakurlegoa zabalagoa dela. Alfabetatze eta Euskaltzaindiko tituluak lortzeko ikastaldietako ikasleak, Euskal Filologiakoak, institutoetako gazteak etabar, hauen kopuruak lehen baino ugariago argitaratzeko aukera eskaintzen du.
A. Gaurko irakurlegoa esan dutenez, bostebun pertsonetan dago. Beraz 500 pertsonak irakurtzen dute Euskal Herrian.
K. Irakurlego kopuru hori behar bada zera izango da, argitaratzen duen guztia edo gehientsuena irakurri ohi duena. Edo nahi baduzu "Haizeaz bestaldetik", "Ziutateaz", "Halamiren!!" etabar agian irakurriko duena. Baina nere ustez, gaztetxoen mailako liburuak aparte utzita, hauen irakurlegoa zabala baita berez, "100 metro", "Itsasoak ez du Esperantzarik", "Zergatik panpox", eta mota honetako literaturak bostehuneko irakurlegoa baino askoz zabalagoa izan du. Txillardegi, Arritea, Lertxundi etabarren literatura ere irakuria izan da, ugari.
Orduan zerikusi handia du ere literaturaren eskurakortasuna, eduki literarioaren erakarpena, nolabaiteko erraztasuna, ez zentzu xinpleenean, intrigaren erakarpenaren aldetiko zentzuan baizik. Adibidez, "Argia"k zenbat irakurle ditu?
A. Gure tirada 6.500 bat da.
K. Orduan, bostehun irakurle direla bakarrik esatea ez dut uste erreala denik, nahiz eta aldizkarien zabalbide eta irakurketa, literaturarenaren aldean errazago eta egunerokoagoa izan.
Kontutan hartu behar da ere zenbait liburu agortuta degoela, beraz irakurri egin dira, edota saldu gutxienez. Hemen beste arazo bat planteatzen zaigu: erosi bai, irakurri ordea? Zertarako erosten da liburua? Liburua gordeta edukitzeko? Kontsumo eta propietate gosez bakarrik?
Eta badira berriro argitaratzen ari diren liburuak. Lehen aipatu ditudan horietako batzu eta "Elsa Scheelen", "Leturiaren egunkari ezkutua", "Oilarraren promesa", "Egunero hasten delako" etabar. Beste batzu ere berrargitaratu beharko lirateke. Hor daude, zain, "Haurgintza minetanu", "Haur besoetakoa", "Goiko kale", ...
Erdal argitaletxeen argitarazio lana harrigarria da. Garcia Márquez, Delibes, Camus, Hesse,... etabarren idazlanen argitaratzea etengabea da. Ez gara konparatzen hasiko, noski, baina, adibidez, gure ikastetxeetan, euskal literaturaren programakuntza egoki bat antolatuko balitz, eta zenbait testu irakurtzea eskatu, erdal literaturan Baroja, Fray Luis de León edo Lope de Vega irakurtzea eskatzen den bezala, orduan berrargitaratze lana indartuko litzateke. Eta idazle konkretuak aipatzean ez naiz kalitate kontua konparatzen ari, noski.
A. Aurtengo nobelei buruz, zer? («Halamiren!!», «Heriotza iragarritako baten kronika», "Herbesteratua", («Igibarziaren iphuinak»).
K. Nik "Halamiren!!" eta "Herbesteratua!" bakarrik irakurri ditut. Besteak ez ditut oraindik nere iritzia emateko moduan ezagutzen.
A. "Heriotza iragarritako baten kronika", euskalki guztieteko hitzak agertzen direla... Iiteratura zentzu pedagogiko batetan egiten dute batez ere.
K. "Crónica de una muerte anunciada" irakurtzen badut, interes linguistikoaz egingo dut, erdal espresioak nola euskeratu diren ikusteko. Noski, literarioki ere itzuipenak aporta diezaizkioke euskal literaturari baliabide berriak. Baina itzulpen kontuan interesgarriago iruditzen zait gaztelera ez diren beste hizkuntzetako liburuak euskaratzea.
A. Nire ustez oso oso goi mailako liburuak bakerrik argitaratu dira. «Halamiren!!» irakurlea bonbardeatu nahi zuen.
K. Bai, hitzez bonbardeatu eta benetan astun gertatzen da nobela honen irakurketa. Ondoan eta etengabe erabiltzeko, hiztegi bat behar duzu. Hitzak ulertu arren, zenbaitetan ez da argi ikusten esanahia, darabiltzan atzizki, sintetiko, hitz abstrakto, eta bar ugariak baltira. Bonbardeo hori zertarako? Benetako zentzurik ba ote du? Hiztegiak hor ditugu eta nahi duena hitz baso horietan murgil daiteke. Dena dela ez diot meriturik kentzen. Bilaketa da, bideak urratzea. Oso landua du espresioaren trinkotasuna, eta irudien joko aberatsa. Baina ritmo oso lentoa du, burutapenez josia dago. Poesiatik hurbil ikusten dut nobela hau, nobela lirikoa, barne nobela, alegia.
Beste arazo bat zera da, gure arteko literatura interesgarriena abangoardia literatura dela eta sortzen diren liburuak edo oso errazak, hizkuntza lantzeko eginak, edo oso zailak direla. Tartean hutsune sujerentea gelditzen da. Nik ez diet abangoardia literatura idazten dutenei literatura samurragoa sortzeko eskatuko, artifiziala bailitzateke beraientzat. Baina norbaitek egin beharko luke, hau da, norbaiti jaio beharko litzaioke. Conrad, Orwell, Boll, London etabarren joerako literatura, literatura, baina irekia, alegia, benetan zuzpergarria litzateke. Irakurle asko aspertuta dago, euskaragatik, euskaraz dagoelako bakarrik irakurtzen. Behin, bitan agoantatzen duzu, baina laster, interes bereziren bat ez baduzu behintzat, etsita gelditzen zara. Ez du konpentsatzen.
A. Hor ondo legoke Saizarbitoria bat.
K. Bai, baina bere hirugarren nobelarekin beste bide bat hartu zuen eta ez du gehiago publikatu nobela arloan. Elkarrizketa batean edo beste nonbait "Ene Jesus"i buruz ari zela, honelako zerbait zioen, alegia, bazekiela nobela horrekin irakurle asko galduko zuela. Hala ere, bide hori aukeratu zuen, noski, bere praxis literarioak eraginik, koerente izan nahiean.
A."Herbesteratua!" dirudienez errazagua da.
K. "Halamiren!!" baino errazagoa noski, baina apalagoa, arruntagoa ere, eta ez gara azterketa sakonetan sartuko ez baita hori elkarrizketa informal honen helburua. Nere iritziz, espresio aberatsez idatzia dago eta nahiko erraz irakurtzen da. Baina, ez du atraktiborik, ez du benetako intrigarik, motela da, ez da ia ezer gertatzen. Gehienbat zera agertzen dira, burutapenak, arazo larrien planteamenduak, Madrile eta Euskal Herriko zenbait deskribapen kritikoak. Ideia baten zerbitzuan eraikia dago: euskalduna Madrilen herbesteratua dagoela eta Euskal Herrian, Nafarroako basoan aurkitzen duela euskara, amodioa, konfidantza, babesa. Kontaketaren alderdiak aitzaki bat besterik ez direla dirudi. Sakonki aztertu gabeko inpresioa da, baina zera iruditzen zait, gaur idazten diren zenbait nobelak ez duela oraindik "Garoa", edo "Leturiaren egunkari ezkutua"ren nobelagintza gainditu. Aldatu dira edukiak nolabait, baina moldeak zaharrak dira. Haien moldeetan ari dira oraindik. "Herbesteratua!", soltea da hizkeraz, airosoa elkarrizketan, oparoa deskribapenean, baina oso lotua, zurruna, taiuketa literarioaren aldetik.
A. Zer idazten da orain? Susa, Xaguxarra, ipuin lehiaketetan... Kalitate aldetik zer? Zer iritzi duzu orain ari diren idazleei buruz?
K. Literatura zaila, iluna, baloratzen nekeza egiten da zenbaitetan. Sujerentea eta eragingarria, adibidez, Sarrionaindiaren lana da. "Enperadore eroa" ipuinean freskotasun harrigarria lortzen du, nere iritziz. Orobat "Izuen gordelekuetan barrena", poema liburuan. Arrietak "Abuztuaren 15eko bazkalondoa" idazlanean, nobelaren integrazio eta joskera mai. Ia aipagarria lortu duela esango nuke. Gai gaurkoagoa, biziagoa eskutan hartuz gero, Jose Austin kalitateko sorketa lana egiteko gauza da. Aldizkarietan agertzen diren kontaketa laburrak (Hernandez, Landa, Antza, Uria,...) promesa dira. Ikusteko dago eta, nik behintzat, lan osoagoen zain nago, Irrikaz.
A. Azken galdera, eta honekin buketzeko, zera galdetu nahi nizuke, Saizarbitoria, Kintana... nahiko gazteak direla eta iadanik jubilatuak; hau beti izan da nire kezka bat, nola ulertzen duzu zuk guzti hau?
K. Horretan bakoitzaren historia pertsonala eduki behar litzateke kontutan. Horietako asko beste zenbait arazo eta lanetan murgildu dira. Kintana unibertsitate lanean ari da; Saizarbitoria ekintza kultural eta pedagogikoetan, uste dut, ezta?; Haranburu Altuna argitaletxe gaietan... Txillardegi bera ere irakaskintzan, linguistika sailean, etabar. Honek idazlea mugatu eta desbideratu egiten du. Idazlea liberatua ez dagoen bitartean, neketsua izango da literaturgintzan jarraitzea.
Egokia litzateke literatur lan bat burutzen duenari diru bat ematea. Liburu bat egiten baduzu eta, ahal den neurrian, alderdikoiak ez diren pertsona batzuek lan horrek merezi duela erabakitzen badute, orduan diru kopuru konpensagarria eman. Behar bada txapelketak, sariak antolatzea baino garbiagoa litzateke.
Xabier ETXANIZ
22-24

GaiezKulturaLiteraturaBesteak
PertsonaiazOTEGI1
EgileezETXANIZ3Kultura

Azkenak
Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


2024-04-30 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs: "Zorrez itorik peko errekara doan etxalde batean kokatzen da antzezlana"

"Isiltasuna oztopo eta elkartasuna lagun, egungo mundu gordina" kontatzeko erronkari lotu da Axut! antzerki konpainia.


2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Eguneraketa berriak daude