Hau Mutikoa, Hau!


1980ko martxoaren 16an
Joseba Andoni Agirretxea poesia idazleari elkarrizketa.

J.A. Agirretxea "Antxeta": 13 Urte Eta Poeta
Hau Mutikoa, Hau!
Bakea ez da
labe garaietako kea
bakea ez da
txaletean bizi den
Albako dukea.
Ez, ez da hori
nik nahi dudan bakea
ez, ez da hori
nik behar dudan bakea.
Ez da basamortuan
larri dabilen sugea
hori baino gehiago
hori baino luzeago da
gure bakea
gure bake zuria
Aralargo eta Gorbeiko
elur maluten xehetasuna
da guri bakean bizi den
bake baketsua.
Poema honen egilea, Joseba Andoni Agirretxea da.
"Hori da nere izena, baina mundu guztiak Joseba deitzen nau"
esaten zigun. 13 urte, Ondarruko ikastolan ikasten du. Poesia mailan lau sari irabaziak ditu eta prosan bat. Mutiko itxura dauka baina... bere jakinduri eta bizkortasuna edadetu askok nahi lukete.
Ordulaurden bat Ondarrun bueltaka ibili ondoren, herri ikasola topatu dugu. Lehen ikusi dugun atetik sartu eta jolastoki zabal batean aurkitu gara. Mutiko eta neskato pilo bat jolasten ari dira, beraiekin irakasle ezagun bat. Ikusi gaituen bezain laister Josebari deitzen dio eta taldetik irten ondoren guregana dator. Bere ile rubioa izerdiareikin bustita dago, arnas estu batean arratsaldeonak eman ondoren, bere kuadernoak hartu eta ikastolako gela batetara abiatzen gara.
Bere irakasle eta jende ezagunekin ondarrutarrez mintzatzen da, baina guri euskara batuan zuzentzen zaigu:
Z.A.–Normalki nola mintzatzen zara?
–Ondarrutarrez beti.
Z. A.–Eta euskara batua noiz ikasi duzu?
–Laugarren mailatik honuntz ikasten etorri naiz. Uste dut euskara batua ikastea oso beharrezkoa dela.
poesia espresabide bezala
Hain beharrezkotzak jotzen du, aurten Euskaltzaindiaren D tituloa ateratzen saiatuko baita. Euskara, ingelesa, fubola eta gainera arraunketan aritzen da. Baina denaren gainetik poesia.
–Lehen sariketan, 1976. urtean parte hartu nuen. Lehenagotik poema eskas eta honelako txorakeria batzuek 7 bat urtekin edo eginak baneuzkan. Amak lehiaketaren berri izparringi batetan irakurri zuen eta ia poesia bat zergatik ez nuen bidaltzen esan zidan. Lehenagotik egina neukan bat bidali nuen eta lehen saria eman zidaten.
Z. A.–Eta zergatik hasi zinen poesiak egiten?
–Ez dakit, nolabait espresatu behar nuen eta... poesiak idazten hasi nintzen.
Z. A.–Beste batzuk dibujoaren bidez espresatzen diren bezala?
–Bai, dibujoa ere asko egin dut. 11 edo 12 urterarte dibujoaren bidez espresatzen nintzen. Orain ere dibujo asko egiten dut, pintura ere bai.
Z. A.–Eta dibujoa poesiaren bide beretik eramaten al duzu?
–Batzuetan bai eta beste batzuetan ez.
Zornotzako lehen lehiaketa irabazi zuenean, sentsazio handi bat sentitu omen zuen.
"Oraindik horrelako txiki txikia nintzen eta lehen saria, ez dakit ba, zerbait, emozioa edo, poztasun ikaragarria sentitu nuen"
esaten digu. Poesiak bidali arren, poesia irakurri behar izaten dute. Maila honetan, poesia irakurtzeak ere bere eskola berezi bat baduela digu, dena dela ondo irakurtzeko asko irakurri behar omen da Aulkian geldirik ezin egonik, momentuero posturaz aldatzen dabil, baina badirudi bere nerbioak normalak direla, elkarrizketak ez du batere estutu, gure galderentzat erantzuna mingainaren puntan daukala dirudi.
Z.A.–Zure poesiaren estilo eta zentsura pasatuaz, norbaitengan inspiratzen zara?
–Ez, hasieran ez. Orain Arestiren bidea jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ez, nere estiloa daukat.
Z. A.–Zergatik Arestirengan? Zuretzat onena delako?
–Onena, ez, bakoitza bere denboran kokatu behar da, baina Lauaxeta, Orixe eta hoiengandik salto handia eman zuen. Esate baterako, "la medida del verso" esaten dena, bertso librea asko erabiltzen du, bera oso libreki espresatzen da, neurria nahi duen bezala erabiltzen du; idazteko forma eta hizkuntza aldetik ere asko gustatzen zait.
Z. A–Orixe, Lauaxeta eta hoietaz zer eritzi daukazu?
–Hizkuntza aldetik eta horrela, bizkaieraz idazten zuten, gaur egunerako ez dakit... Nik bizkaieraz ere irakurtzen dut, dena dela Lizardi, Lauaxeta eta Orixe oso onak dira. Bitoriano Gandiaga ere asko gustatzen zait.
Z. A.–Ikusten dut daukazun adinerako asko irakurtzen duzula. Azken aldian zer liburu irakurri dituzu?
–Arestiren "Harri eta Herri", Txomin Agirreren "Kresala", Txillardegiren "Haizeaz bestaldetik" eta gero erdaraz ere irakurri dut.
Z. A.–Nortzuk?
–Miguel Delibes. Poesia erdaraz gutxi, Juan Ramon Jimenez nahiko, baina erderaz gehiena prosa irakurtzen dut.
Z. A.–Eta Estatutik kanpoko norbaiti, ez dakit, hego ameriketarren bati edo irakurri diozu?
–Pablo Neruda bai, gero beste bat, asko gustatzen zaidana, bueno asko..., ez horrenbeste baina bueno, bere garairako uste dut oso ona izan zela, nor da hori, nikaraguensea... bai, duela gutxi hemen monumentu bat egin zioten...
Z. A.–Cardenal?
–Ez, ez dakit, ez naiz gogoratzen, egon...
Aulkitik altxatu eta korrikan irtetzen da. Bere erantzunak osoak izatea nahi du. Ez dakigu nora joan den. Argazkilaria ere aho zabalik geratu da. Segundu gutxi barru, berriro berotasunarekin eta izerdiarekin musua gorri gorri eginda gelan sartzen da: «Ruben Dario zen».
Eta barne poztasunezko irripar bat eginaz aurrera jarraitzeko prest jartzen da.
Mutiko Normala, Baina Jakinduriz Jantzia
Bere jarrara ikusirik, 13 urteko mutiko baten aurrean ez, 24 urteko baten aurrean gaudenaren sentsazioa daukagu baizik. Ez ote da ume aurrelari hoietako bat izango? Joxe Martin Apalategi bere irakasleak honi dagokionez eta ongi ezagutzen duenez gauzak garbi dauzka:
"Gauzak bere lekura ekartzen saiatu dela esango nuke. Alaia da, beti bromatan dago, emateko beti prest dago. Behar bada hori bai, galderetan sarritan ixiltxeago egotea komeniko litzaioke, besteei galdetzea ez da aski, baizik eta bakoitzak bere buruari ere galdetu behar dio".
Baina poesiak egiterakoan bakarrik moldatzen badaki.
Mutil guztiz normala da, asko interesatzen dena, nerbiosoa, gehiegi, ez negatibo bezala, baizik kontrolatzeko esfuerzo handia egin behar duelako. Eta honetarako laguntza behar du. Beste gauza batzuetarako, adibidez poemak egiteko, batere laguntzarik ez duela behar konprobatu dut, berak erreztasun, sintzeritate eta zorroztasun handiaz egiten ditu. Bera honetaz kontziente da, lan asko egiten du, familia aldetik laguntza handia dauka, amak poesia landu behar duela esaten dio. Bestetik gauza askotan sartua dago; baina ez da batere harroa, kontzientea bai, orduan, bere burua ez du tapatuko, den bezala agertzen da, baina gehiago Inoiz ez.
Z. A.–Zure poesiara pasatuz, zein dira gehien ikutzen edo aztertzen dituzun gaiak?
–Askatasuna, maitasuna eta... natura asko.
Z. A.–Natura zergatik?
–Neretzat, munduan desagertzen ez den gauzetako bat delako, edozeinek edozer egiten badu ere, beti hor dago, uste dut natura gauza garrantzitsuenetarikoa dela.
Z. A.–Eta maitasuna, nondik ikutzen duzu?
–Ikuspegi nagusitik aipatzen dut, nola esango nizuke, maitasuna ba, denean, ez gauza batzutan eta hori bakarrik, baizik zabalero osoan.
Z. A.–Zornotzan lehen saria askatasunari buruzko poesia batekin irabazi zenuan, zergatik ikutzen zenuen gai hori?
–Orduko giroa, ba, presoak zeuden, Franco oraindik bizirik zegoen eta... oso giro larria bizi zen. Orain ia gutxiago, ez dakit, politikazko gaiak ez ditut ikutu nahi.
Z. A.–Gazterik aspertu zara politikarekin ala?
–Bai, poesian politika sartzea ez zait gustatzen. Orain arte poesia zer den ez dut sakondu, lehenago rima kontuan edukiaz gauzak idazten saiatzen nintzen. besterik ez.
Z. A.–Beraz egungo errealitateetako bat kanpoan uzten duzu.
–Begira, nahi duenak nahi duena esango du, baina zuk poesian pentsatzen duzuna idazten duzu, zuk sentitzen ez duzuna bada, zuk asmatutakoa da eta politika poesian ona ez dela uste baduzu, ba, zuretzat ez da ona izango.
Rima librean edo bigarrena eta laugarrena rimatuaz, poesia egiten ditu, luzeak ez omen zaio gustatzen. Poesia eta kultura landuz aurrera jarraituko da, tinkotasun osoz baina protagonismoa galtzeko beldurraren fantasma ere inguratzen hasi zaio. Datorren lehiaketan ere lehen saria irabaziko duen galdetuko diogunean hau erantzun digu:
"Ez dakit, urtero beldur berdina izaten dut, hiru bider irabazi eta gero, laugarrena ez irabazteak... horrek beste norbaitek gainditu nauela esan nahiko luke. Eta honek pixkabat pena edo ematen dit. Neri beste batzuek ere poesia landezaten gustatzen zait baina..."
Etorkizunari Begira
Z. A.–Egungo Euskal Herriko kultur egoeraz kezkatuta egongo zara, ezta?
–Ba, ez gehiegi. Agustin Zubikarai idazlearekin behin batean egon nintzen. Euskaltzaindiaren batzarre batean ere bai, horrelako jendearekin mintzatzea gustatzen zait. Nik aurrera begira periodismo egin nahi nuke.
Z. A. -Beraz poesiatik bizitzeko itsaropenik ez daukazu?
–Bufff... uste dut poeta lanetik egun gure herrian bizitzea ezinezkoa dela.
Z. A.–Lehenago aipatu diguzu ikastetik kanpo, ingelesa eta deportea ere egiten duzula, gainera irakurri eta idatzi egiten duzu, ez zara aspertzen, dinamika honetan erretzeko beldurrik ez daukazu?
–Bai, noski aspertzen naizela. Sarritan dena uzteko gogoa ematen dit, baina lasaitzen naizenean... indar berriturik aurrera jarraitzen dut.
Honen edadean pipa jaten ibiltzen ginenok ez genuen stressa ezagutzen, Euskal kultur gizonak eta beren lanak gutxiago, baina Joseba bestelakoa da, bizkorra da eta bere aurrean mundu zabal eta gauzaz betetako bat agertzen zaio. Elkarrizketa bere amaierara iristen ari da eta Joseba ingeleseko klasearekin kezkatua dago: «Ba, ez naiz joango, elkarrizketa bat egiten egon naizela esango diet». Gurekin egotea nahiago duela garbi dago.
Z. A.–Egungo poeta idazleen artean zein da gehien gustatzen zaizuna?
–Bizi direnen artean Bitoriano Gandiaga eta gero Aresti. idazle bezala, Koldo Mitxelena asko gustatzen zait.
Z. A.–Eta idazle gazteen artean?
–Bai, bueno, batzuek ezagutzen ditut. Ramon Saizarbitoriaren "100 Metro" badaukat, hau nahikoa gustatzen zait baina Koldo Izagirre eta hoiek ez daude nere estiloan, ez zaizkit gehiegi gustatzen.
Z. A.–Beraz, zein da zure estiloa?
–Ez dakit, pixka bat estilo naturala da, zerbait esan nahi duena, ez edozer gauza ipini, esate baterako bai, ez, ez, ez, bai, ez, atzera, aurrera eta horrelago gauzak, neretzat horrek poesian ez du ezer esan nahi. Askok, Arestik ere horrelakoak egiten zituela esango dute, baina Arestik gauza asko egin zituen.
Z. A.–Lehen aipatu duzun estilo hori Artzak dauka.
–Artze nere lagun handia da, Usurbilen ezagutu nuen, baina bere poesia irudia da, piramideak eta horrelako gauzak egiten ditu, berari entzutea asko gustatzen zait, baina idatzia. . .
Keinuka, burua haruntz eta honuntz bueltatuaz, detaile minimoenetan ere fijatzen da. Kasete batetan Amatiñoren izena irakurri du eta:
«Nik hori ezagutzen dut, DEIAko "Un mundo feliz" saria irabazi nuenean ezagutu nuen. Periodista karnet infantila ere badaukat, baina ez du ezertarako balio eee"
esaten digu.
Gauden gelaren leiopean ume talde batek futbolean jarraitzen du, beren zarata eta gure aurrean daukagunaren artean nahiko diferentzia ikusten badugu ere, gauza bakoitza bere lekuan jartzen ikasi du eta denen eritziz mutiko oso normala da.
Eta hau nolabait baieztatu nahiean, bere lagunen bati deitzea eskatu diogu. Esan eta egin. Bere hanka luzeekin pauso are luzeagoak emanaz jolastokira jeitsi eta bere adineko lagun batekin datorkigu.
Z. A.–Nola duzu izena?
–Andima Lertxundi.
Z. A.–Nola?
–Andima.
Argazkilaria eta biok elkarri begira geratu gara, ez diogu inondik ere ulertzen, izen hori guretzat erabat ezezaguna da, baina Josebaren belarriak, beti bezala erne daude eta laguntzeko prest agerzen zaigu.
Andima izena, bai, Andima Ibiñagabeitia eta Andima Orueta idazieak badira ba, bai.
esaten digu seriotasun osoaz. Honetan ere mila buelta eman dizkigu eta gure lotsa momentuz ahaztu ondoren Andimarekin mintzatzen jarraitzen gara.
Z. A.–Josebarekin zer moduz konpontzen zara?
–Ondo, lagun handiak gara, baina bera despistatu xamarra da.
Andima mintzatzen den bitartean, Joseba, despistatu nahiean edo Andimari lasai hitzegiten uzteko leihotik begira dago, baina despistea hitza entzun duenean guregana bueltatu da.
Bai, hori egia da, ateratzen ditudan notak ere ez ditut gogoratzen. Eskerrak nere ondokoa oso zorrotza den, bestela...»
Z. A.–Eta bestela zer, oso enpoloia da edo?
–Enpoloia ez, berezkoa edo dauka, famatua da.
Z. A.–Eta bere poesiak gustatzen al zaizu?
–Bere poesiak gutxi ezagutzen ditut. Gainera poesia irakurri behar den bezala ez du irakurtzen, prosa bezala irakurtzen du.
Josebari kritika hori ez zaio gustatu eta guretzat bezala, Andimarentzat ere erantzuna badauka:
Nik zentzu reala emanaz irakurtzen ditut.
Antzerkia, pailasoak, rock talde bat, elkarrekin denetik egiten dute. Hau kontatzean, Andimaren pekak piztu dira. Josebak Zeruko Argiakooi poesia bat egingo digunaren promesa kendu ondoren, herriruntz abiatzen gara. Kresala tabernan Pello eta Josebarekin pote bana hartu eta jaso dugun inpresio ederraz mintzatuaz Donostiaruntz. Txemak denbora guztian: "zer mutikoa!" besterik ez du esaten.
LURDES AUZMENDI
Argazkiak: TXEMA ORMAZABAL

Josebarentzat, Aresti, Lauaxeta, Orixe, Lizardi eta Gandiaga dira onenak
"Euskara batua ikastea oso beharrezkoa ikusten dut"
J. A. Agirretxea Urrestik, "Antxeta" izengoitia erabiltzen du
Joxe Martin Apalategiren eritziz, mutiko guztiz normala da.
"Enpolloia ez da, berezkoa edo dauka, famatua da" dio Andimak.
"Nolabait espresatu behar nintzen eta... poemak idazten hasi nintzen".
Bere poesietan askatasuna, maitasuna eta natura ikutzen ditu.
13-18


GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaPoesia
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakAGIRRETXEA1
PertsonaiazAGIRRETXEA1
EgileezAUZMENDI1Kultura

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude