Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Joxe Maria Azpiazu mendizaleari elkarrizketa
Kiroletan Ere "Euskal" Sena Eta Usaina Nabari "Euskal Herriko Mendizaleen Elkargoa"
Mendiaz hitzegitea ez da zaila, bainan behetik gorantz igotzean, mendiak eskatzen duen sakrifizioa bai, ordea. Hau da, mendia bere barnean senti eta erarnatea. Azken finean, natura maitatzea.
Oraingo honetan, zenbait argitasunen eske eta zerbaiten jakin minez, azpeitiar mendizale batengana jo dugu. Hontarako, pozik eta gogotsu prestatu zaigu goian aipaturiko ELKARGO horretako Zabalkunde Arduraduna den Joxe Maria Azpiazu gaztea. Goazen ba, harira.
-- Joxe Mari irakurleak jakin dezaten, nor haugu ?
-- Mendiaren beharrez aurkitzen den, mendia barnean daraman eta mendian hazi den 22 urteko azpeitiar gaztea nauk.
Urtarrilean, elgoibarren eginiko Batzarrean, hauteskunde bidez, Prentsa eta Zabalkundearen arduradun aukeratua.
-- Lehen erabat nahasturik ez banago bederen, "Federación Vasco-Navarra de Montañismo" zian izena ustez
-- Bai.
-- Orain beste izen batez ageri duk. Honi buruz, esaiguk zerbait.
-- Orain, "Euskal Herriko Mendizaleen Elkargoa" bezala ageri duk. Hau guztia, aurten Gernikan, urriaren 24ean hain zuzen, eginiko Batzar Nagusiaren ondorioa duk. Hego Euskal Herriko probintzietako lehendakari guztiek harturiko erabakia.
-- Erabaki honen arrazoi nagusia, zein duk?
-- Ba, Nafarroa ere Euskal Herria denez gero, Federación Vasco-Navarrak egun, zentzurik eta zer esanik ez duela. Gainera, nafarrek beraiek eginiko eskaria dela hau. Bainan, ez eskari honengatik bakarrik, gaur egun, herriko egoera eta herriaren eskakizunak ikusirik, gu mendizaleok ere, egoera horren ispilu izan eta egoera hori nolabait isladatu edo erreflejatu egin behar dugulako baizik.
-- Izena Euskaraz, zergatik?
-- Lehenik, euskaldunak garelako.
Geure hizkuntza, gai guztietarako baliagarri dela eta hala bihurtu behar dugulako.Nahiz eta "asunto ofizialetarako" bi hizkuntzetan egin, menbrete e.a. behintzat euskaraz izanen dituk.
-- Izenez aldatzeko, zein izan duk edo dituk oztoporik handien edo nagusienak?
-- Nik, bereziki bi aipatuko nizkiake.Tradizioz datorrena bata eta burokrazizkoa bestea.
Tradiziozkoa, Federación Vasco Navarra bezala, 40 urte luze hauetan, izan duen jendearekiko eragina. Traba politiko-zatitzailea duk hori, noski.
Burokrazizkoa, ba, inori ezer esateke, geuk harturiko erabakia izan baita. Honek ekar diezaguken ondorioa... Izen-Estatutoak aldatu beharko dizkiagu. Nahiz eta oraino ofizialki ez izan onartuak, geure lan guztiak izen honekin atereaz, eta eginaz, aurrera joanen garela uste diagu. Hontan bederen, ahaleginuko gaituk.
-- Izenez bakarrik aldatu ahal duzue, hala beste zerbait ere bai?
-- Izena, definizio, motor bezala agertzen zaiguna duk. Zeren izena alda eta barruz ez aldatzearekin ez diagu deusik egiten. Izen hau, bere barrua ere aldatu nahi delako eman zaiok.
-- Zer aldatzen duk?
-- Gernikan, urriaren 24ean, harturiko erabakiei jarraituz: Madrileko nolabaiteko independentzia lortzearren tarjeta osagarri bat, Honek Euskal Herri ( Iparra barne ) guztirako balio izanen dik, Euskararen onartzea ( eta noski, erabiltzea ), Refugio arazoei aterabide edo irtenbide ( ugalduz eta hobetuz ) jatorra ematea, eta abar. Baita, Euskaldunok dugun, "Muro de Berlin" hori (Pirineoak ) nolabait kentzea ere.
-- Euskal Herriko Mendizaleen Elkargo bezala, zer asmo dituzue?
-- Lehen zerbait erantzunik zegok, nik uste behintzat. Bainan, hala ere, hau izanen huke, asmorik nagusiena; eraerrikuntza eta aldatzea. Ez lehengo tradizioarekin hautsiz, gaurkotuz baizik.
Barne egiturak aldatu. Expedizio handiei ( hauei ere bai ) baino herri ekintzei garrantzia handiagoa ematea, ( laguntzak, Eskola Nazionala, materiala, e.a. Ahalik eta elkarte gehien bildu eta nolabaiteko EUSKAL kutsuz, Herri kutsu bat eman.
Mendiaren zentzu hertua zabaldu, hau duk, ez mendia igo eta jaitsi bakarrik inguru guztia, natura guztia maitatzen irakasten saia. Abeastasun eta gaurko gizarte honen aurkako expresio eta reakzio bezala. BELAGOAKO natura deuseztatzeko doan plan horren aurka burruka gogorra egin eta aurrera eraman.
Mundu guztiaren aurrean, EUSKALDUN bezala agertu.
-- Elkargo honetan, euskarak, sarrerarik ba ahal dik?
-- Sarrera haundia izanen dik. Baina hala eta guztiz ere, kolpetik dena euskaraz egitea ezina zaigula pentsatzen diagu. Adibidez, lehenengo lana Pirenaica aldizkari bietara egitea duk. Honela euskara pixkana-pixkana zabalduz joanen duk. Baita, F.LKARGO hontatik irteten diren paper guztiak ere.
-- Zerbait esan nahi ahal diek irakurleei?
-- Bi gauza eskatuko nizkiekek : laguntza morala eta bestelako laguntza guztia. Hemendik izanen ditugun arazoak konpontzen lagunduko digun laguntza morala eta kuotak ordainduz emango ligukeen laguntza ekonomikoa. Denen beharra bait dugu. Honen ordaina izanen duela agintzen zieat.
Kolaborazioa ere eskatuko niekek. Adibidez, Pirenaica aldizkariarekikoa. Kasimiro Bengoetxeari sarri entzun diodan bezala, nik ere hau errepikatzen diat: "exijentziarik zer egonik ez dagoela, kolaboratzen ez den bitartean ".
Baita elkarrizketarako prest gaudela ere. Norbaitek, zerbait badu, etor dadila guregana. Lasai eta astiro hitzeginen dugu. Hor Bizkaian zehar hala-nolako talde batzu gure aurka irtenak dira ( eta azken finean Euskal Herriaren aurka...) eta horiekin ere elkar hizkerarako prest gaudela esan nahi dut. Nahiz eta horien asmoak ez hain euskaldunak izan. "Vizcainismoa" orain ere ? Eta, hemendik aurrea "Muga" hori, guretzat ez dela muga izanen.
Mila esker, Joxe Mari.
Tamalgarria litzateke izenaren aldaketa hutsean bakarrik gelditzea, baina, hala ere, urrats handia eman dela esan beharra daga. Euskal Herriak, beste gauzetan bezala, bakarrik ibili eta elkarte bat sortzeko adina indar baduela pentsatzen dugu. Horregatik bada, ELKARGO honek emaniko urrats eta harturiko bide berri horri, tinko eta gogotsu jarrai dakiola eskatzen diogu.
AURRERA, EUSKAL MENDIZALEOK!!
TXITXAN
33
GaiezKirolaMendizaleta
PertsonaiazAZPIAZU2