Beste Holandar Bat Gure Artean
Rudolf De Rijk Jauna
Gaztañagaren luma zailu eta txairoak tajuturiko bi idazlan eder irakurriak ditugu oraindik-orain aldizkari honetan bertan, Holandako Kruiger senar-emazteek Aizarnan egin duten egona gai harturik. Beste Holandar bat ere izan dugu. duela hiruzpalau hilabete, Euskalerrian: Rudolf de Rijk jauna. Euskaldun askok ezagutzen du. urte asko bait da euskaraz ikastera guregana etortzen hasi zela eta hasiz gero, urterik huts egin gabe jarraitu da etortzen. Hizkuntzalari trebea denez gero, inor gutxi bezain ongi jabetu da euskaraz (zeurok antzemango diozute, nik eginiko galderei eman dizkien erantzunak irakurtzen badituzute) eta euskalzain izendatua izan zen, duela urte batzuk. Izan ere, haren ahoan hemen ifintzen ditudan hitzak, harek emanak berberak dira, inolako aldakuntzarik gabe. Hala eskatu dit eta hala egin dut. Nik izkribuz egin nizkion galderak eta harek ere izkribuz eman dizkit erantzunak. Ez zuen inola nahi, berak idatzitakorik alda nezan; zipitzik ere ez. Gipuzkera du batipat maite eta gipuzkeraz idatzi du. Nola idatzi, alajaina!
–Txikago-ko Unibersidadera omen zoaz, Rudolf. Jakin ahal diteke zertara?
–Bai, Txikago-ko Unibersidadeko lantoki batean nago, au idazten ari naizela. Unibersidadeak ona deitu ninduen bi eskola emateko: eskola batek «Sintaxis eta Semantika II» du izena, "Euskeraren Kondaira ta Egitamua" besteak.
–Euskarak han ere ba ahal du jarrailerik, ala?
–Bai, izkuntza au mintzatzen dakienik emen ez izan arren, euskerarako zaletasun aundia ba-dago emengo izkuntzalarien artean. Euskera nork erakutsiko zai zeuden aspalditik
–Gaurko hizkuntzalariek zergatik dute, zure iritziz, euskerarekiko arreta eta ardura?
–Galdera orri erantzun baño len, esan dezadan izkuntzalariak euskerarekiko duten ardura ori ez dala gaurkoa bakarrik. Guillermo Humboldt 1 799-gn urtean euskera aztertzen asi zanetik gaur arte, beti ugari izan dira zuen izkuntza zoragarri ori ikasi ta goratu zuten izkuntzalariak. Zergatik? Ez dute danak, noski, zio edo arrazoibide bera izaten. Batzuek antxiñako Europa-n itz egiten ziran izkuntzen berri jakin naiko luteke. Indoeuroparrak ego-alderatu aurrean, or izkunka pranko mintzatzen ziran, eta, orain, izkuntza auek zearo galduak dira, gelenetan arrastorik ere utzi gabe. Bere bakarrean, garai artako izkuntzen baten ondoko bat, euskera agertzen zaigu. Ortatxe datza, beraz, jakintsuentzako bere ordaingabekotasuna. Euskerarik ezpalego, nora jo?
Beste izkuntzalari batzuek gramatikari begira daude, kondairari ta itzai baño geiago. Izkuntzalari auek, bai gaurkoak bai atzokoak, izkuntza guztiak gordetzen dituzten lege orokarrak billatu ta aztertu nai dituzte. Naiz-eta ezalean bestela iduri, gramatika-saillean izkuntza guztiak oiñarri sakon berberak ba-dituztela gero ta garbiago ikusten da, linguistika berrituaren jakinbideak jarraituz. Esate baterako, Hungartarren izkuntzak eta euskerak ez dute beiñere ar-emanik izan; alaere, galdekizunari buruzko legeak berdintsuak dituzte.
Izkuntza danetan indarra duten legeak billatu naiean, izkuntzalariak geiegitan Indoeuropar izkuntzez baliatzen ziran bakarrik, batez ere, latiñez eta griegoz. Orrela indoeuropartasuna arkitzen zuten, izkuntzatasuna arkitu bearrean. Gaur, ordea, izkuntzalari geienak Indoeuropar eztiran izkuntzai gora aundia ematen diete, eta ikasi ala, arreta aundiz aztertzen dituzte beroiek erakusten dizkiguten legeak. Izkuntza guztiak lege berdintsuak badituzte ere, batek barne-barnean izkurtatzen duena, beste batean aral-aralean agertu diteke, edonork errez ikusteko moduan. Neroni, esate baterako, euskerazko izketaren goraberak erakutsi didate izkuntza danetako egia aundi bat.
Bear bada, beste arrazoien batzuek ere arkitu ditezke, baiñan ez nuke geiegiz luzatu nai, eta ementxe aipatu dedana naikoa da euskerari gaurko izkuntzalariak nolako garrantzia ematen dioten adierazteko.
–Zerk eragin zinduen zu zerori Rudolf, euskaraz ikastera?
–1956-gn urteko udaroan Amsterdam-etik Granada-ra joan nintzan turista gazte bezela. Andik berriz Holandaratzean, Donosti-tik igaro bear, eta orko kalean Aita Mari-entzako oroitarria ikusi nuen bere euskerazko lerroekin. Lingustika ikasten asia nintzan eta ba-nekien euskeraz izan bear zala. ingurukoekin zer ikusirik gabeko izkuntza zaar bat. Jakin-miñak eraginda, auzoko jaun bati lerroak erderatu zizazkidan eskatu nion. Jaun orrek, arrezkero nere lagun aundia egin dan Iraola-tar Gregorio, alegia, bai pozik erderatu ere Aita Mari goresten duten lerro eder oiek. Orduan, euskal-gramatikak eta beste ikasliburuak nun arkitu zitezken galdetu nion Iraola jaunari. "Edozein liburutegian", berak erantzun. Gelditu zitzaidan dirutxoarekin gramatika txiki bat erosi nuen, eta onela asi nintzan ikasten Amsterdam-en. Lenengo pausoak, bai, zaillak izan ziran, baiñan euskera oso izkuntza ederra ta egokia dala laster asko konturatuz, gero ta errerago ikasten nuen.
–Damu ahal duzu, Rudolf, euskaraz ikasten horrenbeste lan hartua?
–Ez, jauna! Zuen mintzoera ikasten lanak izaten banituen ere, ez det orrengatik damu izpirik ere. Matematika asko ikasteko artzen nituen nekeengatik, ordea, bai. Alaz ere, joskera jatorra ez duten liburu asko erabilliaz eta berauetan agertzen dan sasi-euskera ikasten salatuz, alperrik galtzen nuen denboraz, bai, damu naizela ezin det ukatu.
(Elkar hizketa hau izkribuz izan beharrean hitzez izan balitz, sasi-euskara zuten liburu horiek zeintzuk ziren galdegingo niokean pozik, ez dakit erantzunik emango ote zidakean baina. Ez, jakite aldera hutsera, noski; Rudolf-ek bezala gaur ere euskeraz ikasten ari direnek denborarik alferrik gal ez dezaten baizik).
–Zer deritzazu gaurko euskeraren egoerari? Zu lehendabizikoz Euskalerrira etorriz gero, irabazi ala galdu, zer egin du?
–Irabazi egin duela uste det. Leen, aurrai euskera irakasten etzieten euskaldun gurasoak baziran, eta oraindik ere oiako gurasoak badira. Ontan, beraz, ez dago alderik. Gaztean artean, ordea, leen baiño euskaltzale askoz geiago arkitzen dirala edonork ikusi dezake. Gazte aiek konturatu dira bi izkuntza jakiteak aberastu egiten duela gizona, eta mintzo zaerra galtzen uztea gure ondokoai altxor bitxi bat kentzea bezela izango litzakeala. Gainera, ikusi dedanez, gazteak bear duten kultura euskeraz sortzen asi dira. «Ez dok amairu»-ko taldeak, esate baterako, lan ederra egin du azkeneko urte auetan. Maria-Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa ta abar egiazko utsune baten betegarri bezela agertzen dira. Euskeraren etorkizuna gazteen eskuetan dago, eta gazteengan uste osoa ba-det.
–Euskalerriko toki askotan ibilia zaitugu. Ba ahal dugu euskaldunok, oro har, euskara zaintzeko eta gordetzeko behar hina axola?
–Euskaldun ama bat gelditzen dan artean bere aurrai euskera irakasten ez diena, ez dezute iñola euskerarekiko izan bearko zenduketen ajola. Euskaldun guztiai, baiña batez ere Naparreuskaldunai esaten diet au. Negargarria da benetan, euskeraz ain garbi ta egoki mintzo diran Naparreuskaldunak beren seme-alabai euskera irakasten ez dietela ikustea.–Zure aburuz, zein du gaur euskerak arraiskurik handien?–Arriskurik aundiena zer dan zailla da esaten. Baiña arriskurik aundienetako bat dezute euskalkiak goizegi ta artifizialki bateratzea. Bide orretan barrena zoromoro abiatu diranak berebiziko kaltea egin lizaioteke euskerari borondaterik onenaz. Ez diot, batasunik geiago bear ez dala. Baiñan noiz eta nola, orixe bear da jakin.
(Rudolf-ek azkenik dizkioen hitz horiekin, nor ez ote dator bat? Noiz eta nola behar dela jakin, dudarik ez dago. Baiña nork daki? Eta inork ez badaki eta aurrera ere inork jakin lezakeanik, Jainkoak ez ezik, itxaropen eta probabilidade gutxi badugu, zergatik orain bertan saio bat egiten hasi ez? Zoromoro abiatu direnek berebiziko kaltea egir lezaioketela? Baita; egia hori ere. Baina inor abiatu ahal da zoromoro? Euskarari buruz inoiz inork ezer jakin badu, gaur bizi dugun batek daki. Horren gidaritzapean ari gara ari garenok. Borondotea ez ezik, ba du ere gizaseme horrek euskararen jakitea. Huts egin lezakeala? Bai, noski. Baina huts egin lezakealazko arrazoi –baldin hori arazoirik bada–hutsagatik, besoak antxumatu eta ezer egin gabe egon, orain arte bezala, noizbait berez edo norbaiten asmanenez euskara bat ditekealakoan? Ez deritzat horri jokabide zuzena. Goizegi? Europa-k duen hizkuntzarik zaharrenetakoa dela esan eta altortu ez duzu, bada, zerorrek? Ez da, beraz, goizegi, aski berandu baizik. Artifizialki? "Izkuntza guztiak gordetzen dituzten lege orokarrak billatu ta aztertu nai dituzte"-la esan ez diguzu, bada, hizkuntzalariek? Euskarak ere, antzinako euskarak, alegia, izango ditu, hortaz, lege orokar batzuk eta gaurko euskalkiek hantxe izango dituzte axalean edo axalpean lege horiek! Horiek oinharri harturik batu nahi dugu euskara, ez artifizialki).–Berriro etortzekoa ahal zaitu gu?
–Bai, noski, Jaungoikoak nai ba du. Euskera aaztu ez dakidan, bestegatik ezpalitz ere.
(Eta oraindoino egin dizuten bezain harrera gozoa egingo dizute euskaldunek, Rudolf! Hemen eten da gu bion arteko izkribuzko elkarhizketa... oraingoz bederen. Ba bait dakit nik nere gisa erantsi ditudan hitzei harek zer erantzuna izango duela eta erantzuteko aukera zor diot gizalegez, nere hitza azkena –ez ta azken urrena ere– izan dadin eskubiderik ez bait dut. Idazti hau zure eskuetara hel baledi, hortaz, eta erantzuteko gogorik bazeneza, erantzuidazu, arren. Dena dela, bijoazkizu eskerrak nere galderei erantzuten hartu duzun nekeagatik).
Patxi Altuna-k, S.J.
14