Freskotasunez gainezka

Argazkia: EGO fundazioa
Argazkia: EGO fundazioa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Herriko Gazte Orkestra
Zuzendaria: Unai Urrecho.
Egitaraua: Rossiniren La gazza ladra-ren obertura, eta Brahmsen 4. Sinfonia, mi minorrekoa, op. 98.
Non: Gasteizko Principal Antzokian.
Noiz: Urtarrilaren 3an.

-----------------------------------------------------------

Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu zenetik, urtero bezala, instrumentista gazteek osatutako taldeak Gabonetako kontzertua eskaini zigun. Musika entzuteko aukera ederra, musikari gazte hauek ematen duten freskotasunaz betea, jai eta familia giroan.

Oraingo honetan, orkestrak, Unai Urrechok zuzendari gonbidatu gisa gidaturik (zuzendari titularra Rubén Gimeno da), programa ederra eskaini zigun. Izaera oso desberdina duten bi obra, edozein talderen kalitate musikala ebaluatzeko proba izan daitezkeenak, zalantzarik gabe.

Egitarau laburra, baina Urrechok berak obra bakoitzaren hasieran ematen zituen azalpenekin osatua. Bere hitzen bidez jakin genuen, adibidez, bera ere instrumentista izan zela taldearen inaugurazio egunean, 1997an, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Hona hemen harrobiko musikari horien eboluzioaren adibide bat.

Topaketa Rossiniren La gazza ladra obraren obertura famatuarekin hasi zen, energiaz eta dinamismoz beteriko obra. EGOk talde gisa erakutsi zituen ezaugarrien adierazpen ezin hobea aurkitu zuen lan honetan: zuzendariaren argibideekiko esanekotasuna, trinkotze ona, kemen musikala. Hain zuzen ere, gazte-talde batengandik espero dena.

Orkestrak benetan soinu ona atera zuen. Eta azpimarratzekoa da Urrechoren batuta ona: zehatza keinuan, eta kontu handiz xehetasunetan.

Eskaini zuten bigarren lanak izaera zeharo desberdina zuen. Brahmsen 4. Sinfonia mi minorrean obra sakona da, non konpositoreak bere arima erakusten duen, introspekzio handiko lana. Zuzendariak "entzuteko lan zailtzat" jo zuen arren, obra konplexua delako, musikalki eta emozionalki, sinfonia hau arkitektura ikaragarriko lana da, zentzumenentzako plazer bat. Errepertorio unibertsalaren sinfonia gogokoenetakoa.

Horrelako lanekin gertatzen dena da agian sakontasunik gabe ager daitezkeela gazte bertsio batean, eta oraingo honetan, nolabait, horrela izan da. Lehen mugimendutik espero genuen arnasketa irrikatsua zerbait "neurtua" izan zen. Eta bigarren mugimenduko hausnarketa eta introspekzioa zertxobait "arinagoak" izan ziren. Baina horrek ez zuen eragotzi obraren irakurketa zuzena eta freskoa izatea. Bertsio ona, dramatismorik gabea nolabait, baina ongi eraikia.

Entzuleek gogoz txalotu zuten. Eta bisak bikainak izan ziren: Brahmsen bi dantza hungariar, distiraz beteak. Harrobi ona dugu, ez dago zalantzarik.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude