“Liher taldeari esker ikasi dut aske izaten eszenatokian”

  • “Harreman ireki ez esklusiboa” du Lide Hernando Muñozek (1991, Donostia) musikarekin. Liher taldearekin pausaldia eginda, Bele musika proiektua aireratu berri du. Berriki aurkeztu du Izotz ura liburua ere, Susa argitaletxearekin. Sorkuntzatik bizitzea erabaki osteko etapa baten hasiera da, muga askoduna, era berean, baina mugarik gabea. “Nahi dudana egiteko gogoa dut”, dio.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
'Izotz ura', lehen liburu

“22 urterekin Literatura masterra egin nuen. Musikan konfiantza gehiago izan dut idazten baino. Irakasleak, onena, dakigunari buruz idaztea zela esan zigun. Horregatik, liburua gaur egungo musika industria barrutik ezagutzen duen baten testigantza fikzionatua da. Pertsonaiek nire bi pentsaera islatzen dituzte, askotan talkan egon direnak. Idaztean ohartu naiz gizarteak, guk, polarizatu ditugula bi jarrera horiek, eta onartu egin behar ditugula kontraesanak. Batzuetan, gurekoiago jokatu nahi dugu, eta besteetan, supermilitanteak izan nahi dugu, eta dena egin gainontzekoengatik. Bi postura horiek islatzen ditu bi nesken adiskidetasun harremanetik”.

Nola definituko zenuke musikarekin duzun harremana? 
Harreman ireki ez esklusiboa da. Pixkanaka nire bizitzako gauza zentralena bihurtu da. Uneotan nire lan printzipala –ogibide zena– irailean utzi nuen, eta orain abestera dedikatzen naiz. Egunero daukat kontzertu edo hitzaldiren bat. Oraingoz, zorion gehiago ematen dit zorigaitza baino, nahiz eta bidea latza izan. Industriaren antolaketa-modua ez da justua –hainbat faktoregatik–, baina musikak asko ematen dit, ez naiz nekatu, eta hala aritzea espero dut denbora askoan. 

Noiz eta nolakoak izan ziren zure lehen notak?
Musikan 21 urterekin hasi nintzen. Txikitatik abesten nuen etxean eta ikastolan. Trikitiko irakasleak askotan jartzen gintuen abesten, eta eskolako ekitaldietan kantatzen nuen. Karrera bukatzean erosi nuen gitarra, eta hor hasi nintzen abesti propioak jotzen. Gero, piano-jotzaile bat ezagutu nuen, eta kalean jo genuen bi udaratan turistentzat, Donostian. Sekulako irakaspena izan zen, egunero kalean 2-3 orduz jotzen baikenuen. Horrela hasi nintzen ikasten, bidean, ahotsa ez nekatzeko. 22-23 urterekin lehen maketa atera nuen. 

Arrazoi gutxi, denbora asko izan zen zure bakarkako lehen maketa, gerora heldu zen Liher taldea. Zer du Lidek Liherretik, eta Liherrek Lidetik?
Aske abestea. Hasieran geldi nengoen, eta ez nuen uzten nire askatasuna naturala izaten. Denborarekin, Liher taldeari esker ikasi dut aske izaten eszenatokian. Liherrek Liderengandik, aldiz, nahiz eta estiloa gogortu, nire ahoskera jaso du, kantaera souleroa. 

"Orain, talde gazteek 'management' enpresei deitzeak tristetu egiten nau: lehenbizi zure bidea egiten saiatu, ur horietan mugitu, eta ikusi zein erraza edo zaila den"


Liherrekin Tenplekuak erre dituzue. Parentesia iragarrita, orain zer?
Musikarekin jarraitu, beste formatu batzuetan. Helduen bizitza geroz eta konplikatuagoa da, eta entseatzeko ez bestetarako geratu ahalko gara: kafe bat hartu edo parranda egiteko. Beraiekin elkartzeko gogoa dut, baina jo behar izan gabe. Nahita iragarri dugu etenaldi mugagabea, nahiz eta beldurra eman horrek. Ez da utzi nahi dugula, etenaldiari mugarik ez diogula jarri nahi baizik, gogoa badugu elkartu eta berriz hasiko gara. Zortzi urte daramatzagu gelditu gabe, 400 kontzertutik gora jo ditugu Euskal Herrian eta Europan, eta nekatuta gaude fisikoki zein mentalki. Asko maite dugu elkar, baina burua beste gauza batzuetan murgiltzeko gogoz gaude, ez musikan bakarrik. Gogoa dugu parentesia ireki eta pittin bat elkarren falta nabaritzeko.

Zuzenekoei ematen diezun indarra, ahotsa eta gorputza izugarria da. Eszenatokiko jarrera hautu kontzientea da?
Bilakaera naturala izan da, ez hautua. Musikak aurrera eramaten zaitu, doinu intimistagoa balitz gutxiago mugituko nintzateke. Hala ere, presentzia ez da mugimendua eta janzkera, fisikotik ateratzen da. Denborarekin lortutako askatasunaz oso harro nago, eszenatokira igotzean klik egiten dut, eta jendeak zer pentsatzen duen ahazten saiatzen naiz: nor naizen, nondik natorren, zein adin daukadan... Abestitik abestira burbuila hori puskatzen da batzuetan, eta ni izatera itzultzen naiz, barrez hasten naiz. 

Bele proiektua abiatu berri duzu. Zer nahi diozu eskaini zozoari?
Ondo pasatzeko musika ezberdina da Bele. Sortzen ari garen soinua ez dago gaur egun Euskal Herrian, nahiz eta batzuekin alderatu daitekeen. Nahiko genuinoa da egiten ari garena Euskal Herriarentzat. Ondo pasa daitekeela erakutsi nahi dut, dantzatuz, irribarre batekin bukatuz, kontzertu polit batean gozatuz. Musika afroamerikarrak ez du izan inoiz Euskal Herrian harrera potenterik, beti jo izan dugu gauza zuriagoetara: rock edo pop britainiarra, folka... Nik beti edan dut musika afroamerikarretik, soula, aranbi… 

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Euskarazko kultur eszena aldatzen ari da?
Zeharo, eta sekulako abiaduran. Etengabe geratzen zara atzean. Durangoko Azokan, joan den urtean, musikan 300 nobedade egotea sekulakoa da, bizi garen biztanle kopurua kontuan hartuta. Pandemiak birak eta zuzenekoak etetea ekarri zuen, baina jendeak etxean ekoizteari ekin zion. Gaur egun, lokalak ez daude beteta, garajeetan egiten zen rocka edo zarata, eta orain ez. Beti aldatzen ari da. 

Esaterako, musika industrian, management enpresatara jotzen du jendeak. Marrazoak dira, geroz eta handiagoak dira eta geroz eta gutxiago daude. Talde gazte asko doaz horra. Gaztetxeen sarea geroz eta ahulagoa izateak eragin du, akaso, horretan. Lehen, gaztetxeetara deituta, zure kabuz jo zenezakeen. Orain, talde gazteek management enpresei deitzeak tristetu egiten nau: lehenbizi zure bidea egiten saiatu, ur horietan mugitu, eta ikusi zein erraza edo zaila den. Jai eremu aldarrikatzaile asko ere, enpresek antolatzen dituzte, eta hor ere kontraesana dago.

Zer nolako kultur industriarekin amesten duzu?
Askotarikoa dena. Jendeak bururatu ahal zaizkizun estilo guztiak egiten ditu euskaraz, baina industria ez da horren horizontala. Irudikatzen dudan industrian, askotariko sorkuntza legoke, eta hedabideek ere tokia egingo liekete sorkuntza horiei guztiei. Horrela, jendea hezita legoke musika ezberdinak entzuteko, eta ez betiko lau estilo ezagunak bakarrik entzuteko. Management enpresa asko eta txikiak leudeke, gure lana ateratzen saiatuko liratekeenak, eta ez gure lanetik bizitzen. 


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude