"Osasunara etortzean, nire azpi-helburuetako bat zen euskara bultzatzea Nafarroan"

  • Duela sei urte iritsi zen Osasuna futbol taldera entrenatzaile gisa. Denbora tarte honetan lortu du taldea lehen mailara eramatea eta iaz Kopako finalera eta Europako lehiaketa batera, aspaldiko partez. Euskara ere eraman du lehen planora prentsaurrekoetan, entrenamenduetan eta ekitaldi publiko jendetsuetan, gureari beti lehentasuna emanez. Bere bertsoak ere famatu egin dira. Euskararekiko konpromiso hori publikoki aitortu dio Iruñeko Komunikabideak Fundazioak Bostekoa saria emanez. Elkarrizketa hau ekitaldi hartan egindako elkarrizketan oinarrituta dago.

Argazkia: Dani Blanco / CC BAY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BAY-SA
Jagoba Arrasate Elustondo. Berriatua, 1978

Osasuna futbol taldeko entrenatzailea eta futbol jokalari ohia. Irakasle ikasketak egin zituen eta irakasle gisa aritu zen profesionalki futbolean hasi baino lehen. Berriatuako taldean hasi eta hamar urtez Espainiako Ligako Hirugarren eta Bigarren mailetan jokatu zuen hainbat taldetan (Eibar, Lemoa, Beasain, Elgoibar eta Portugaleten). 30 urte bete baino lehen entrenatzaile lanean hasi zen. Elgoibarren lehenbizi, Real Sociedad eta Numancian ondoren, 2018an Osasuna taldera etorri zen arte. Hurrengo urtean lortu zuen talde nafarra Lehen Mailara eramatea. 2022/2023 denboraldian Osasunak Errege Kopako finala jokatzea lortu zuen hemezortzi urteren ondoren eta UEFA Conference League txapelketan ere jokatu zuen.

Pozik Bostekoa sariarekin?
Niretzat berezia da, bai. Entrenatzaile bezala helburua da partiduak irabaztea, baina aurretik pertsonak gara eta nik banituen azpi-helburu batzuk Iruñera heldu nintzenean: horietako bat zen euskarari bultzada ematea. Ikustea badagoela jendea hori baloratzen duena, niretzat oso pozgarria da eta asko betetzen nau.

Kirola maite izan duzu beti. Nolakoa izan zen zure haur eta gaztaroa?
Oso oroitzapen politak ditut. Gu baserri batean bizi ginen. Zortzi lehengusu ginen eta gure artean ibiltzen ginen beti jolasean. Berriatuarekin beti oso identifikatuta sentitu naiz eta bere euskararekin ere bai, nahiz eta batzuetan zalantzak eduki batuaz edo gure modura aritzeko, baina iruditzen zait euskalki pila daudela eta Berriatuko euskara hori zabaltzea garrantzitsua dela.

Garai hartako oroitzapenak oso politak dira. Oso bihurriak ginen eta beti futbolean edo pilotan aritzen ginen, denetarik egiten genuen. Gero gaztetan ikasketekin eta futbolean serio hasi nintzen. Berriatuan beti egon da zesta puntarako joera eta nire lagunek jokatzen zuten, baina nik ez, nik esku pilota nahiago. Markinako eskolan aritu nintzen. Aldi berean futbolean ere ibiltzen nintzen. Nire aita mutrikuarra da eta 7 urtegaz apuntatu ninduen Debako hondartza futbolean.

Futbola lehenengo nire pasioa zen eta orain ogibide bihurtu da. Pilota asko gustatzen zait eta, gainera, bultzatu beharra dago gure kirola delako. Oso gustura joaten naiz Labritera.

Parrandazalea ere bazinela aditu dugu. Kuadrillako zintzoena zinen?
Futbolean ibiltzen nintzenez nik eramaten nuen kotxea normalean eta formalena ni nintzen; gero agian pixka bat aldrebestu zen kontua, baina garai batean behintzat bai. Izan zen uda bat, adibidez, Su Ta Gar taldearen atzetik ibili ginela gelditu gabe. Jotzen zuten toki guztietara joaten ginen. Planak egiten genituen kontzertuen arabera: egun batean Bergaran, beste batean Gasteizen edo Nafarroan... ez dakit zenbat aldiz ikusi genituen, agian 20 bider.

"25 jokalari dituzu goizean goiz belarriak tente, ia zer esaten duzun eta esaten duzunaren arabera, eurek segituan neurtzen dute oso goian, oso behean edo kaka eginda zauden”

Musikazalea zarela erakutsi duzu askotan. Bereziki Zea Mays taldearen Negua joan da ta abestia bereziki maite duzula esan duzu noizbait. Zergatik?
Zea Mays asko gustatzen zait eta Aiora Renteria pila bat, baina kantu hau entzunda, barrura sartzen zaizun zeozer badago eta ematen du gainera abesti hori ez dela modaz pasatzen. Letrari erreparatuta, negua joan dela dio eta askotan guk bizitzan, eta futbolean ere bai, une txarrak ditugu eta negu gordin horri buelta eman behar diogu handik ateratzeko. Negua joanda berriro udaberria helduko da, argitasuna eta aukera berriak.

Eibarren hasi eta Zornotzan bukatu, hamar urte egin zenituen jokalari gisa. Nolako garaia izan zen hura?
Oso pozgarria. Gehienbat Ligako Bigarren B eta Hirugarren mailako taldeetan ibili nintzen eta asko disfrutatu nuen bai entrenamenduekin, bai partiduekin ere. Azken urteetan jada irakasle ogibideagaz uztartuta, goizean klaseak eta arratsaldean entrenamenduetara joaten nintzan. Oroitzapen oso politak, jakinda nire neurria hor zegoela: bigarren edo hirugarren mailan eta hortik ezin nuela pasatu. Hor hasi nintzen entrenatzaile moduan pentsatzen.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Eta entrenatzaile izatera nola iritsi zinen?
30 urte bete baino lehen hasi nintzen entrenatzaile tituluak ateratzen eta azken urteetan jokatzen egon arren, baneukan entrenatzaile joera hori. Gehiago pentsatzen nuen entrenatzaile moduan jokalari moduan baino. Azken urtean, Beasainen Manix Mandiola entrenatzailearen nengoela, nik egiten nizkion txostenak eta berak ere entrenatzaile moduan ikusten ninduen eta askotan iritzia eskatzen zidan.

Herrian hasi nintzen bertako gazteekin eta oso gustura. Gero Elgoibarretik deitu ninduten. Hirugarren mailan gauzak pixka bat serioagoak dira eta han bi urte egin eta gero, kasualitatez, Bittor Alkiza zegoen Realeko oinarriko futboleko zuzendari eta nire bila etorri zen Realeko jubenilekin joateko. Gero lehen taldera pasa nintzen. Ondoren Soriara joan nintzen, Bittorrekin, eta han hiru urte igarota, Iruñera etorri nintzen, duela sei urte. Futbol profesionalean ez da erraza disfrutatzea eta hemen momentu askotan disfrutatu egin dut, hori baloratzen dut.

Bittor Alkiza eta Sergi Pérez prestatzaile fisikoa ekarri zenituen Osasunara zurekin…
Bai. Sorian ezagutu genuen Sergi eta hirurok etorri ginen. Gaur egun entrenatzaile bat ez da heltzen toki guztietara eta lan talde on bat edukitzeak asko laguntzen du. Ardurak delegatzeko konfiantza osoa eduki behar duzu.

"Niretzat pedagogia da bizitzeko era bat. Azken batean, ni irakaslea naiz eta gustatzen zait pedagogia hori futbolean erabiltzea futbolean, eskolan edo etxean familiarekin"

25 jokalari gazte, ospetsu, dirudunak... Bakoitzaren atzean enpresa moduko bat dago, hori dena nola gobernatzen da? Amamaren akuilua erabiltzen duzu?
Batzuetan bai. Asko aldatu da futbola. 25 jokalari dira, denak oso onak, denak izan dira beren auzoko onenak, gero klubeko onenak eta joan dira filtro horiek guztiak gainditzen. 25 dira, baina aldi bakoitzean hamaika besterik ez dira zelairatzen eta besteek galdetzen dute ea horren onak izanda zergatik ez ote duten jokatzen. Gainera, atzetik interes asko dute: agenteak, nutrizionistak, entrenatzaile pertsonalak, aholkulari fiskalak... eta ez da erraza hori dena kudeatzea. Gu saiatzen gara naturaltasunetik egiten gauzak eta badira hori ondo ulertzen duten jokalariak, baina beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Hala ere, epe luzera jokalariek ikusten badute zure erabakiak egokiak direla, ondo erantzuten dute. Zentzu horretan, ikusten dut Oier Sanjurjo bezalako kapitain bat izatea luxu bat izan dela, asko lagundu duelako kudeaketa horretan.

Zure lana nolakoa da? Pedagogiatik eta psikologiatik asko dauka?
Bai, hala da. Niretzat pedagogia da bizitzeko era bat. Azken batean, ni irakaslea naiz eta gustatzen zait pedagogia hori futbolean erabiltzea futbolean, eskolan edo etxean familiarekin. Gure lana da entrenamendua prestatzea, aurkariak aztertu... Hori ez da zaila, horretarako lan talde on bat duzulako. Zailagoa da barrurako egin behar duzun lan hori. 25 jokalari dituzu goizean goiz belarriak tente, ia zer esaten duzun eta esaten duzunaren arabera, eurek segituan neurtzen dute oso goian, oso behean edo kaka eginda zauden. Hor garrantzitsuena da transmititzea zuk nahi duzuna, eta horretarako pedagogia eta psikologia gaur egun oso garrantzitsuak dira. Azken finean, jokalarien errendimendurik onena atera nahi duzu eta horretarako ezagutu behar dituzu. Enpatia puntu hori eduki behar duzu eta batzuetan ez da erraza.

"Jokalariek atzetik interes asko dute: agenteak, nutrizionistak, entrenatzaile pertsonalak, aholkulari fiskalak... eta ez da erraza hori dena kudeatzea"

Hiru haurren aita zara eta futbol entrenatzaileak nomadak zarete. Nola daramazu hori?
Beno. Urte asko dira horrela. Realean nengoenean Itziarren bizi ginen. Hori erabaki genuen, nire andrea hangoa delako eta han etxea genuelako. Soriara alaba nagusiagaz joan ginen. Han hiru urte eman genuen eta guk baino hobeto hitz egiten du orain erdaraz. Han geundela Luka jaio zen eta Niko Iruñean.

Ez da erraza. Haiek ondoan daude beti eta ondo ez badaude, behar den oreka mantentzea zailagoa da. Zorionez, Mutiloan lehenengo egunetik oso ondo hartu gaituzte. Andrea eta hiru seme-alabak oso gustura daude eta ni ere bai. Seme-alabak Irulegi eskolan daude, nagusia aurten hasi da Mendillorriko Institutuan, jende guztiarekin beti harreman ona izan dugu eta bizimodua Mutiloan egiten dugu. Iruñera gutxi joaten gara. Sei urte dira momentuz. Ez dakit zenbat gehiago izango diren, baina etorkizunean beti izango dugu Iruñerria eta Mutiloarekiko maitasun hori, seguru.

Bertsozalea zara, bertso eskolan ibilia eta bertsotan aritzen zara zerbait ospatzeko dagoen aldi oro. Eta inork ez du protestarik egiten euskara hutsez kantatu arren. Arraroa Nafarroa honetan…
Agian ez dutelako ulertzen [irriz].

Edo misterra zarelako eta mundu guztia zurekin dagoelako?
Niri bertsoak gustatzen zaizkit. Iruditzen zait badela modu bat adierazteko nahi duzuna era indartsu batez. Askotan diskurtsoetan galtzen gara eta zeozer laburra bada eta gainera errimaduna, hainbat hobe.

Egia esan inor ez da kexatzen: erdaldunek ez dutelako ulertu eta euskaldunek amaieran beti joaten delako mezu indartsu bat, eta agian horrekin gelditzen direlako, eta ez diotelako horrenbeste begiratzen neurriari edo errimak aberatsak diren edo ez.

Negozio itzela da gaur egungo futbola. Zer da gehien eta gutxien gustatzen zaizuna futbol modernoan?
Gehien gustatzen zaidana da jokoa bera. Nire pasioa izan da beti joko hori aztertzea eta hobekuntza horretan buru belarri murgiltzea. Hori eta horrek dakarrena ere bai. Hemen Iruñean dagoen pertenentzia sentimendu hori, adibidez, futbolak daukan gauzarik politena da. Eta gutxien gustatzen zaidana da futbolaren inguruan sortzen diren interes horiek guztiak. Lehen kirol bat zen eta orain jada ez dakit kirol bat edo negozio bat den, baina onartu behar den zerbait da, gu ere barruan gaudelako.

Osasuna beti Osasunika izan da, talde txikia eta etxekoa. Orain badirudi zurekin hori aldatu dela eta eroso gabiltzala Lehen Mailan…
Bai, beti dago konplexu hori, baina aldi berean gure txikitasun horretan ondo goaz eta harro gaude. Hala ere, nik ez dut ulertzen kirola anbiziorik gabe eta, gure jokalariei esker, azken urteak oso onak izan dira.

"Lehen Mailan hamahiru partida irabazi gabe bazaude, normalean zure etxerako bidea hartu behar duzu eta, gainera, ezer esan barik"

Iazko emaitza itzela izan zen. Aurten Osasuna makalago dabil?
Bai, kostata ari gara. Uda gogorra eduki dugu, Europako lehiaketa hori jokatuko ote genuen zalantzan. Azkenean, jokatu eta min handia eman zigun Brujasen aurkako kanporaketa horrek. Egia da orain makalago goazela, baina ligaren heren bat egin dugu eta lanean jarraitu behar dugu. Iazko langa oso goian dago eta ez da erraza, baina argi dago hasiera ez dela izan guk nahi genuen modukoa.

Bolada txarrak ezagutu dituzu lehendik ere. Adibidez, hamahiru jardunaldi irabazi gabe egon zinetenean. Hala ere, klubak zure alde zuen.
Bai, une kritikoa izan zen. Lehen Mailan hamahiru partida irabazi gabe bazaude, normalean zure etxerako bidea hartu behar duzu eta, gainera, ezer esan barik. Hala ere, guk barruan ikusten genuen gai ginela aurrera ateratzeko, eta kirol zuzendaria atera eta gure aldeko mezu indartsua bota zuenean, horrek ardura eta indar handia eman zizkigun, eta ni oso eskertuta nago harekin.

Konexio berezia ikusi zenuen hor?
Bai, talde askok esaten dute desberdinak direla, baina ez da aski esatea, hori demostratu egin behar da eta Osasunak momentu horretan demostratu zuen: bai desberdina dela, bai sinesten duela entrenatzaile batengan edo pertsona eta talde batengan, eta baita egiteko era batean ere. Hori da garrantzitsuena.

                                                                                        *          *          *

"Amama, saria zurea ere bada"
“Sari berezia da niretzat. Seigarren urtea dut Osasunan eta heldu nintzenetik euskara Iruñean aldarrikatzeko helburu hori izan dut beti. Sari hau niri eman didazue, baina Oier Sanjurjo bezalako pertsonek ere merezi dute, asko egin dutelako euskararen alde. Sari hau amamari eskaini nahi diot. Momentu honetan amama dugu 100 urte eginda eta gaixorik. Azkenetan dago eta hemendik berari besarkada handi bat bidali nahi diot, bere magalean jaio eta hazi ginelako baserrian, su epelean euskaraz abesten. Orain denbora gutxi gelditzen zaio mundu honetan. Amama, hau zurea ere bada".

Oier Sanjurjoren hitzak
[Osasunako kapitana urte luzez] “Jagoba Arrasateren eskutik eskutik taldeak izugarrizko gorakada izan du. Bestalde, goraipatu behar da Jagobaren lana euskararen defentsan eta euskara plazaratzeko nahi horretan. Ahal duen guztietan euskarara jotzen du. Nafarroan eta Iruñean ez dago euskararen erreferente asko eta Osasunako entrenatzailea eta kapitaina euskaraz entzutea haur eta gazteentzat, bereziki, oso onuragarria izan da azken urteetan".

Ane Martiartu mintzo da
[Zale gorritxoa da] "Osasunaren zalegoa beti leiala bezala definitu da, baina honetaz gain, oso anitza da eta Jagobak aniztasun hori batzeko gaitasuna izan du, pertsona gardena eta naturala delako. Sinesten duena defendatu eta bultzatu du eta euskararekiko duen joera bada horren adibide argia. Urte parrasta eginen ahal du gure artean".

Jagobaren esker oneko bertsoa
“Nafarroan euskara izan gendun ilun,
baina aurrera egin dugu jardun eta jardun,
holako hizkuntzarik ez daukagu inun,
beraz guztion artean bultzatu dezagun,
lararailarailaralai, bultzatu dezagun”


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunbete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude