Migel Joakin Eleizegiren hezurren aurkikuntza ez zen izan ikerketa historiko edo txosten zientifiko baten emaitza, kafe baten bueltan izandako elkarrizketetatik Karlos Almorzak ateratako ondorioa baizik. Hala kontatu du Aranzadiko arkeologoak Ataria-n. Altzoko Handiaren hezurrak ostu egin zituztela zioen zurrumurru aski zabalduaz udaleko langileei galdetuta, “inork, inon eta inoiz ez zuela datu txikiena hori baieztatzeko”.
Eleizegiri buruz idatzi duten historialariek ere lapurretaren edo salmentaren teoria arbuiatu dute. Areago, Luis Ángel Sánchezek Gipuzkoako Aldundiarentzat idatzitako liburuan garbi esaten du: “Nire iritziz hondakinak lurpetik atera zituzten leinu etxearekin loturiko zendu berriei lekua uztearren (...)”.
Almorza Altzo Azpiko hilerrira gerturatu zenean, jabetu zen “erdi abandonatua” zegoela. Eleizegitarren hilobia eta hezurtegia lokalizatu zituen, eta horrela ekin zien 2020ko abuztuan indusketei. Hilobian bilatu ostean, hezurtegian aurkitu zuten Altzoko Handiaren hezurduraren zati handi bat, sorpresa handiz. “Hornoetan artrosi seinale mordo bat aurkitu dugu –azaldu zuen Lourdes Errasti Aranzadiko kideak– horrek esan nahi du gaitza oso aurreratua zuela eta min izugarria izango zuela bizitzan, horregatik kexatzen zen, horregatik bueltatu nahi zuen etxera”.
DNA probak egiteko laginak atera eta berriz hilobiratu zuten beti egon den tokian. Orduan, nondik nora datorkigu lapurretaren kontu hori? Almorzaren ustez ziurrenik Altzoko Handiaren aita, Migel Antonio Eleizegi, izan zen hamaika urte geroago bera hiltzean, semearen hezurrak kaxatik atera eta hezurtegian uzteko agindu zuena, “gorpua lapurrengatik babesteko lekualdatu zuten, Altzo Azpiko hilerrian gera zedin, berak nahi izan zuen bezala”.
Goian Mauro Saravia argazkilariak hezurrak ateratzeko unean ateratako irudiak. Aranzadiko kideak lanean; Pako Etxeberria auzitegi-medikua, Migel Joakin Eleizegirena izan daitekeen besahezurra konparatzen, Jon Garaño eta Aitor Arregi Handia filmaren zuzendariak ondoan dituela; Altzoko Handiaren hezurduratik aurkituriko zatiak Altzo Azpiko hilerrian, bere irudia atzean dela.