Euskarazko literatura idatzia ahotsez emana, nola dago panorama?

  • Ez da kontu berria idatzizko literatura ere entzunez jasotzea. Audio-liburuen fenomenoa, hainbat herrialdetan dagoeneko sustraitua dagoena, horren jarraipena baino ez da. Inguruko hizkuntzetan dagoeneko oparoa da literatura irakurria entzuteko aukera, baina euskara oraindik ez da plaza horretara jalgi, ez nazioartean zabaldu den moduan.

Literatura idatzia entzuteko aukerak biderkatzen ari dira, baina pauso sendoagoak eman behar ditu sektoreak hutsunea betetzeko.
Literatura idatzia entzuteko aukerak biderkatzen ari dira, baina pauso sendoagoak eman behar ditu sektoreak hutsunea betetzeko. (Argazkia: Dani Blanco)

Pandemia hasi aurretik ere goranzkoa zen audio digitalen kontsumoaren joera. Mugikorrek eskaintzen duten aukerarekin podcastak eta audio-liburuak entzutea ohikoa bilakatu da garraio publikoan, autoan, lotara joan aurretik, gosaldu bitartean eta etxea garbitzen ari garela. Gero eta errazagoa baita gogoko saioak eta liburuak nahieran entzutea, irrati tradizionalak ematen duena baino hautatzeko aukera handiagoarekin. Audio-liburuen fenomenoa ere lehertu egin da azken urteotan, are gehiago pandemiak ekarri dituen itxialdien, berrogeialdien eta aurrez aurre sozializatzeko aukeren murrizteten ondorioz. Euskarazko audio-liburuak entzun nahi dituenak, ordea, hutsunea topatuko du beste hizkuntzetan oparotasuna dagoen lekuan. Aste honetan bertan hutsune hori betetzen hasteko bidea egin daitekeela erakutsi dute EITBpodcast atarian argitaratutako liburuek, adibidez, baina ikusteko dago zer ekarriko duen etorkizunak, audio-liburuen ekoizpena sistematizatuko ote den, eta zein baldintzetan.

Audio-liburuak ez dira euskaraz mintzo
Literatura irakurria aski zabaldua dago egun, mundu anglo-saxoian nabarmenki, baina baita Espainiako zein Frantziako estatuetan ere. Horren adibide argia da Audible plataforma estatubatuarra, esaterako. Joan den mendearen azken urteetan sortua, 2008an Amazon erraldoiak erosi zuen 300 milioi dolarren truke. Podcasten eta iPoden lehen loraldian azkar hedatu zen aspalditik existitzen zen audio-liburuen formatua. Egun, Estatu Batuetako audio-liburu ekoizle eta banatzaile nagusia da Audible, baina ez Estatu Batuetakoa soilik, nazioartean ere itzal handia hartu baitu azken urteotan.

Banaketa egiteaz gain ekoizpenean ere parte hartzen du Audiblek, horretarako sortutako Audiobook Creation Exchange plataformaren bitartez. Bertan, irakurleak, egileak eta argitaratzaileek elkarren berri izan dezakete audio-liburuak sortzeko eta gero Audibleren bitartez zabaltzeko. Plataformak hamar urte bete ditu aurten. Lehen zortzi urteetan 160.000 audio-liburu baino gehiago ekoitzi ziren haren bitartez. Merkatu plaza horretan, ordea, enkantean jartzen dira lanak, nork egingo merkeago. Horrek ekoizten diren audio-liburuen kalitatea eta langileen lan-baldintzak kaltetzen dituela kexu dira asko.

Audio-liburuak entzuteko plataforma gehiago ere existitzen dira, Storytel, esaterako. Gehienetan hilabetekako harpidetza sistema bidez funtzionatzen dute, nahiz eta batzuetan ale solteak ere eros edo aloka daitezkeen. Horien alternatiba libreak ere badaude, domeinu publikoko lanak topa daitezkeen Librivox, besteak beste.

Horietan guztietan, ordea, ez dago apenas euskararen presentziarik. Audiblen topa daitezke euskarazko ale bakan batzuk, haurrentzako ipuinak ia guztiak, eta haien lokuzioaren kalitatea zalantzagarria da. Hortik kanpo, beraz, urteetan zehar aski sakabanatuta agertzen joan diren audio-liburu eta bestelako pilula solteak topa daitezke. Liburuen artean beharbada ezagunenetakoak izango dira Joseba Sarrionandiaren Hau da ene ondasun guztia (Txalaparta / Esan Ozenki, 1999) eta Igelak 2005ean Xabier Olarraren itzulpenean argitaratutako Raymond Queneauren Estilo ariketak liburuak dakarren CDa.

Hala ere, Internetera jo behar gaur egun audio-liburuen bila. Ez da erraza euskaraz nazioartean ohikoa bilakatu diren moduko liburu osoak topatzea, gehiago dira ipuin eta poema solteak. Susa argitaletxearen webgunean eta armiarma.eus atarian topa daitezke hainbat testu irakurri, horietako asko idazlearen ahotsean. Wikipedian ere entzungarri daude literatur testu batzuk, horiek ere idazleen ahotsetan. Booktegi.eus proiektuaren webgunean eta Pako Eizagirreren aittu.eus atarian ere entzun daitezke literatur testuak. Alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzen duten ipuin laburren Zirriborroak eta gero bildumako fabula guztiak ere entzungai daude idazleen ahotsetan, proiektuaren webgunean. Etxegiroan.eus webgunean ere asko dira entzun daitezkeen ipuin eta liburuak, haurrentzako zein helduentzako. Hamaika urte beteko ditu webguneak laster.

Xerezadejaian idazleak eta lagunak elkartzen dituzte irakurketa publiko batean. Argazkia: Xerezaderen Artxiboa

Hamar urtez Xerezade
Bestelako atari batzuek ere osatu dute, pixkanaka, katalogo bat. Modu amateurrean egin du ibilbidea Xerezaderen Artxiboa podcastak, batez ere narrazioen irakurketa dramatizatuak eginez. Aurtengo ekainean hamar urte bete ditu Ana Moralesen eta Jasone Larrinagaren proiektuak.

Moralesek dioenez, txikitatik gustatu izan zaio literatura entzutea, baina etxe barruko kontua izan da luzaro: “Txikitan nagusiek eta anai-arrebok elkarri irakurtzen genien... Banekien audio-liburuak zeudela, baina nire inguruan ez ziren existitzen. 2006an lagun batzuek iPod bat oparitu zidaten, eta batek azaldu zidan horrekin podcastak entzun ahal izango nituela. Orduan hasi nintzen aztertzen zer zegoen eta ikusi nuen podcast asko zeudela literatura irakurria eta dramatizatua zirenak. Beti esaten nion neure buruari horrelako zerbait euskaraz egin zitekeela”. Eta beste inork egin ezean berak egingo zuela pentsatu zuen. Nondik hasi ez zekien, ordea, eta taldean egin beharreko lana iruditzen zitzaion. Lankide izandako Jasone Larrinaga batu zitzaion orduan asmora.

Etxean horretarako tresnarik ez zutela-eta Bilbo Hiria irratikoengana jo zuten. Mieltxo Monfort zenak, bertako zuzendariak, harrera beroa egin zien. Tartean Saioa Gabikagojeaskoa ere batu zen proiektura. Xerezaderen Artxiboa irratiaren estudioan grabatzen zuten hasieran, eta gero etxean editatu. Bost urte ingururen buruan, ordea, etxean grabatzen hastea erabaki zuten, baliabide egokiak eskuratuta. Gaur egun Arrosa sareak banatzen du eta blog bat ere jarri zuten martxan, orain xerezade.org webgunea bilakatu dena. Larrinagak eta Moralesek jarraitu zuten saioa egiten, maiztasuna gutxitzen joan den arren. Orain, ahal dutenero egiten dute, baina saiatzen dira hilabetean bat argitaratzen: “Gure apustua da inoiz ez uztea egiteari”.

Ehun audiotik gora argitaratu dute urteotan zehar. Duela pare bat urtetik, gainera, audioak emakumeek egindako artelanez lagunduta ematen dituzte. Internetetik kalera ere salto egin izan dute, Xerezadejaiak antolatuz, literatura ahoz gora irakurriz lagunekin gozatzeko jendaurreko irakurraldiak. 2020an egin behar zuten hurrengoa, baina bertan behera geratu zen, espero dute datorren urtean egin ahal izango dutela zerbait.

Moralesen aburuz badirudi mesfidantza modukoa dagoela mota audio-liburuen bidezko irakurketari, paperean irakurri behar dela uste da. “Baina hori oso oraintsuko pentsaera da, literatura belarriz gozatzea oso aspaldiko kontua da, komentuetan, irrati-nobelak... ez da batere nobedadea. Niretzat oso gozagarria da ozen irakurtzea, konturatzen zara beste gustu bat ateratzen diezula gauzei eta aurkitzen dituzula bestelako ñabardurak, etenekin, enfasiekin...”.

Audio-liburuen kasuan, uste du argitaletxeek apustua egin beharko luketela: “Agian beldur izango dira eta inbertsioa egiten ez dira ausartzen. Aurreiritziengatik ere izan daiteke. Ausartu beharko lirateke”.

Hutsunea betetzera
2018an, sortu eta lau urtera, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako liburu digitalak mailegatzeko eLiburutegia atarian euskarazko 300 audio-liburu jarriko zituztela iragarri zuten, irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat pentsatutako Daisy formatuan. Gaztelaniaz Daisy formatuko beste hainbeste liburu daude eLiburutegian, eta Daisy formatuan ez dauden 80 audio-liburu gehiago. Moralesek dioenez, eLiburutegian audio-liburuak ez badaude oro har ez daudelako da.

Hutsune hori nabarmentzen joan da azken urtean, eta badirudi pixkanaka euskarazko audio-liburuen ekoizpenean dagoen hutsuneari arreta jartzen hasi direla sektoreko eragileak eta instituzioak.

Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzak Dosdoce enpresa kontratatu zuen euskarazko audio-liburuen ekoizpenaren eta merkaturatzearen inguruko txosten bat egin zezan. Halaber, aurten sortutako EITBLab laborategiak ere audio-liburuen ekoizpenari arreta jarri dio. Aste honetan bertan argitaratu dituzte lehen aleak.

Iñaki Beraetxe aktore, zuzendari eta bikoizlea, aldiz, bere kasa hasi zen audio-liburuak grabatzen, eta gero, hortik abiatuz, On Time ekoiztetxeak estudiotxo bat eraiki du, audio-liburuen ofizioa ikasi eta lanean hasteko asmoz. Gaur egun norbere burua grabatzeko baliabide teknikoak eskuratzea erraza bada ere, ekoizpen profesionalak egiteak baliabide garestiagoak, denbora eta lana eskatzen du. Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteko lehendakaria ere bada Beraetxe, eta dioenez ez dago oraindik audio-liburuak arautzen dituen hitzarmenik eta merkatua bera ere nahiko kaskarra da nazioartean. Aktore moduan lan handia eta mardula eskatzen duela dio. Oro har, azken emaitzako ordu bat grabatzeko hiru ordu behar direla kalkulatzen dute.

Katalunian aski garatuta dago audio-liburuen ekoizpena. Hango profesionalekin hitz eginda, Beraetxek dio haiek garrantzia handia ematen dietela egin beharreko askotariko lanei:  liburua irakurri, narratzailea eta elkarrizketak zehaztu, casting egokia egin, interpretazioa nolakoa izango den erabaki... Izan ere, kontuan izan behar da normalean kaskoetatik entzungo dela, eta gertutasun bat eduki behar da. Soinu efektuei, masterizazioari eta ekualizazioari ere arreta handia jarri behar zaio.

Irakurketari dagokionez ere berezia dela dio, liburua irakurtzen jakin behar baita: “Desafioa izan da askorentzat halako lanak egitea”. Bikoiztaileen elkartean bazirudien audio-liburuena lanerako aukera bat izan zitekeela, meharra izan arren. Hala ere, aparraldia zirudiena geldirik dago orain, zoritxarrez. Egindakoak zenbaterainoko arrakasta izango duen ere ikusteke dago oraindik.

EITB-ren lehen labekada
EITBLabeko Itziar Arangurenek dioenez, euskal gizartearentzako balore publikoa duten produktuak zein izan daitezkeen aztertzen du laborategiak, batez ere euskarak daukan arrakala digitalari erreparatuz. Mundu guztian audio digitalaren kontsumoak izan duen gorakadaren erdian euskarazkoak ez zirela ekoizten ikusi zuten. Ondorioz, egoera aztertu eta audio-liburuak ekoizten hasteko harremanak egiten hasi ziren. Horrela jabetu ziren On Time ekoiztetxea ondorio berera heldu zela eta dagoeneko urrats batzuk ematen ari zela: “Norabide berean elkarrekin arraun egitea erabaki genuen”.

Aipatutako balio publiko hori ahalik eta gehien zabaltzeko tituluen aukeraketa aproposa egitea izan zuten lehen pausoa: "Batez ere lan desberdinak aukeratzea izan da helburua, jende desberdinari gustagarriak egingo zaizkionak".

Audio-liburuak ekoizteko eskaria On Timeri egin zioten, beraz. Arangurenek dioenez, lortu duten emaitza nazioarteko estandarren parean edo gainetik dago: “Euskarari kalitatezko produktu bat eman nahi diogu; oso-oso ongi landutako audio-liburuak ekoitzi dituzte”.

Hiru fase izango ditu esperimentuaren lehen zati honek. Aste honetan argitaratu dituzte lehen hiru audio-liburuak EITBpodkast atarian: Lo potolo (Alberdania, 2019) haurrentzako lotarako ipuin laburren bilduma. Albert Sanchez Piñolen Larrua hotz (Txalaparta, 2008) zientzia-fikziozko nobela, Lander eta Zigor Garrok itzulia, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia (Susa, 2017), Euskadi Irratiko sei emakume esatarik irakurri dutena, eta azkenik Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa, 2017), idazleak berak irakurrita. Bigarren fasean Go!azen telesailaren bueltan ateratako lau liburuak eramango dituzte audiora. Kasu horretan, telesaileko aktoreek egin dituzte lokuzio lanak. Lehen labekada honen azken zatia azaroaren 25ean etorriko da, oraindik publiko egin ez duten euskarazko nobela baten audio-liburua argitaratuko baitute, emakumeen aurkako indarkeria gaitzat duena.

Liburuak hautatzerako orduan audio-liburuei orokorrean aplikatzen zaizkien irizpideak kontuan izan dituztela dio Arangurenek, hau da, audioaren izaera iheskorrari heltzen dioten lanak izatea. Horretarako idazle askorekin gogoeta egin dute, eta idazleen jarrera pozgarria izan dela dio. Genero, erritmo eta gai desberdinetako liburuak aukeratzeko apustua egin dute, ahalik eta jende gehienarengana heltzeko.

Irakurzaletasuna bultzatzeko azpi-helburua ere badu audio-liburuak argitaratzeak. Izan ere, jende asko dago audio-liburua entzun eta gero liburua paperean irakurtzen duena. Gainera, hautatutako liburuek dagoeneko harrera beroa izan dute paperean argitaratu direnean.

Idazlearen ahotsean
Lo potolo liburuan agertzen den bere bertsoa grabatu zuen lehenik Uxue Alberdi idazleak, On Time ekoiztetxeko estudioan. Horren aitzakian Jenisjoplin ere berak graba zezala proposatu zioten. Iñaki Beraetxeren laguntza izan zuen lan horretan.

“Norbaitek zezena adarretatik hartu behar du: administrazioak, idazleek eta editoreek”

Alberdik dioenez, ez da gauza bera publiko batentzat irakurtzea edo bakarka entzungo dena grabatzea, eta ikasteko aukera izan da hau berarentzat: “Idazleak daude eroso sentitzen direnak idazten eta kito, beste batzuk irakurle taldeetan ere parte hartzen dutenak, adibidez, eta gehiago. Niri asko interesatzen zait hitza eta komunikazioa, ahoz ematearen geruza hori, lehen mailakoa dena, bai aurrez aurre eta baita grabaketa batean ere. Pila bat disfrutatu nuen grabatzen, noiz sartu arnasak ahots batean eta noiz ez... Hitzarekin batera ahotsak liluratzen nau eta aukera bikaina zen hori ere lantzeko. Asko erlaxatzen zuen, gainera, hiru orduz ia xuxurlaka aritzeak”. Nobela grabatzeko guztira, hiru orduko zortzi saio egin zituzten, zortzi goiz.

Audio-liburuei dagokienez, Alberdik dio hemen ez dagoela horretarako kultura eta ohitura handirik, baina hori sortu egiten dela, egin behar dela, dauden apurrak ere ez baitaude oso sozializatuta. “Betidanik gustatu izan zait testuak idazleen ahotsean entzutea, batez ere autoan, gaztetatik. Julio Cortazarren CD bikoitz bat eramaten dut musika beharrean. Paseoan noanean ere entzuten ditut”. Zentzu horretan, podcasten kulturak audio-liburuak eta antzekoak zabaltzen laguntzen duela dio. Hala ere, irakurtzea eta audio-liburuak entzutea bi esperientzia ez ordezkagarri direla iruditzen zaio, eta audio-liburuek balio dezaketela irakurtzeko zailtasunak dituztenek literaturaz gozatzeko, hizkuntza ikasteko...

Alberdiren aburuz, auzi honetan ere eginez ikasten da, baita zer ez den egin behar ere. Batetik, euskaldunok kontserbadurismorako joera dugula iruditzen zaio, ustea dela egitekotan dena egin behar dela perfektu. Bestetik, kontrakarrean estraliterarioak diren beste interes batzuk ere badaudela dio, eta oreka bilatu behar dela. "Interes desberdinen artean errezeloa sortzea normala da baina gatazka da bidea. Bi indar horiek daude eta eztabaida horietatik aterako da bidea".

On Time ekoiztetxeko Joxe Felipe Auzmendik dioenez, audio-liburuak ekoizteak prezio bera du hizkuntza edozein dela ere, arazoa da euskarazkoen merkatua oso txikia dela, eta horren irtenbidea dela instituzioetara jotzea. “Norbaitek zezena adarretatik hartu behar du: administrazioak, idazleek eta editoreek. Eta egiten hastekotan txukun egin behar da. Baina horretarako planteamendu bat egin behar da”.

Gaur egun erdaretan argitaratzen diren liburu gehienen audio-liburuak sistematikoki ekoizten dira, eta hori falta da. Horregatik, idazle eta editoreen artean hautaketa bat egiteko proposatzen du Auzmendik, Literatura Unibertsala sailarekin egin zen bezala. “Bihotz onez jokatuta ados egongo ginateke hautatutakoen %90ean gutxienez. Baina hemen pentsatzen eta hitz egiten urteak pasatzen ditugu eta bitartean euskarazko audio-libururik ez dago. EITBpodkastek egin duen ahalegina oso txukuna da. Jendeak agian ez du nahiko hor jarri, baina orduan non jarri? Alternatiba hoberik badago goazen hori egitera”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Audio-liburuak
Eguneraketa berriak daude