Kalaallit Nunaat-eko groenlandiera biziberritua

  • Groenlandiak 1979an lortu zuen Danimarkarekiko autonomia eta estatutua berritu zuen 2009an. Bertako hizkuntzak indarra hartu du orduz geroztik: hizkuntza ofizial bakarra da, eskolako maila guztietan groenlandieraz ikasten dute, eta administrazioan, tokiko erakundeetan zein lan munduan bertako hizkuntza da nagusi.

Argazkia E. Palmouk eta T. Rodriguezek utzia da.
Argazkia E. Palmouk eta T. Rodriguezek utzia da.

Hitz adina mintzo zikloaren azken hitzaldia izan zen apirilekoa Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Ikastaro amaiera aurtengoz, eta betikoz, sei ikasturte egin eta gero ez baita ondoko ikastaldirik izango. Groenlandieraren gaineko hitzaldiak burutu zuen munduan zehar gutxituak diren hizkuntzen gaineko ibilaldi berezi hau.

Kalaallisut, Groenlandiako inuitek hitz egiten duten hizkuntza dugu, Eider Palmouk eta Txerra Rodriguezek aurkeztu zigutena. Urretxindorra ikastolako Haur Hezkuntzako zuzendari da Palmou, eta Hik Hasiko kide, besteak beste. Txerra Rodriguez, berriz, hizkuntza aholkulari da Emunen. Ezaguna dugu ARGIAn, soziolinguistika dibulgatzea helburu duen bloga baitu Argia.eus-en. Hitzaldiaren sartze modura esan zutenez, “munduko uharterik handiena da Groenlandia, Australia kontinentetzat hartzen baita. 2.166.086 kilometro koadro ditu, horietatik 44.087 kilometro kosta, eta %81 izotza. 56.000 pertsona bizi dira uhartean; horietatik 14.000, Nuuk hiriburuan”. Jakina denez, itsasertzeko hiri eta herrietan bizi dira bertakoak, barnealdeko izotz artean biziko den gizakirik ez baita.

Palmouk eta Rodriguezek atarikoan jakinarazi zigutenez, hemeretzi inuit talde daude munduan, batean eta bestean sakabanatuak, Groenlandian ez ezik Alaskan, Kanadan eta Errusian ere bizi baitira inuitak. “Hala ere, Groenlandian ez beste herrialdeetako inuiten egoera, ekonomikoa zein kulturala, okerragoa da”. Eta egoera eskasago horrek hizkuntzari ere eragiten dio. Groenlandia ez besteko herriez ari gara, betiere.

58.000 groenlandiera hiztun bide dira munduan. Horietatik 53.000 Groenlandian bertan, eta gainerako 5.000 hiztunak diasporan sakabanatuak, nahiz Kopenhagen (Danimarka) diren guztiz gehienak. Groenlandian bizi den populazioaren %90ak daki bertako hizkuntzan hitz egiten eta “azken urteotan, gainera, ezagutza eta erabilera zabaltzen ari dira”. Bada, hala ere, ez dakienik, ikasiko ez duenik: “Groenlandian bizi diren daniar gehienek ez dute berbarik egiten inuiteraz; egia da horietan gehientsuenek ez dutela uhartean bizi-proiekturik eratzen”. Eta lehenbiziko argazkia entzuleei eskainirik, zenbait mito eta bitxikeria, eta denbora-lerro historikoa azaldu zituzten bi hizlariek,  bete-betean hizkuntzari dagozkionak aletzeari lotu aurretik.

Kalaallisut

Hizkuntzaren ezaugarri batzuk ematen hasi zirelarik, Palmouk eta Rodriguezek azaldu zuten hiru dialekto nagusi daudela Groenlandian: “Iparraldekoa, inuktun; ekialdekoa, tunumiisut; eta mendebaldekoa, kalaallisut”. Eta, hain zuzen, kalaallisut dialektoa hartu da estandarra eraikitzeko oinarritzat, nahiz gainerako hizkelgi bietako hitzak ere bereganatu dituen. “Estandarrari esker, inuitek elkar ulertzen dute”. Estandarizazioaz den bezainbatean, hizkuntza bateratzeko lehen ahalegina 1850eko hamarkadakoa dugu, Samuel Kleinschmidt-ek egindako saioa, zeina mendebaldeko itsasaldeko dialektoan oinarritu baitzen. Bidea egin zuen estandarizazio ahalegin hark, harik eta 1973an Kleinschmidten proposamen eta arauak sakon berrikusi zituzten arte. Gaur egun, “inuitak, tokian toki, hiru alfabetoz baliatzen dira: Groenlandian alfabeto latinoa darabilte; Kanadan, silabikoa; Errusiako Siberian eta Alaskan, berriz, zirilikoa”. Hiru alfabeto, eta hiru hizkuntza egoera ere bai: “Groenlandian sendo, Siberian eta Alaskan larri, eta hortxe-hortxe Kanadako inuiten komunitatean. Kanadako lurralde batzuetan ongi ari da, baina ez beste batzuetan”. Hizlariek tarte honetan esan zutenez, inuiten izenek ez dute generorik, ezta hizkuntzak berak ere. Hizkuntza polisintetikoa da eta, euskararen modura, ergatiboa du.

Lege-estatusari dagokionez, groenlandiera hizkuntza ofiziala da 1979az gero, Danimarkaren eskutik hein batean aldendu eta autonomia eskuratzearekin batera, groenlandiera eta daniera uharteko hizkuntza ofizial bihurtu baitziren: “Bigarren Mundu Gerraz gero, Groenlandiak daniarren kolonizazio gogorra jasan zuen, eta akulturatze are gogorragoa. Esaterako, ordu arte herri nomada zena, batean eta bestean kokatzera behartu zituen Danimarkako Gobernuak. Kristautasuna ere ordukoa da uhartean, lehen animistak baitziren; oraingo egunean, kristau animista dira. Garai berean, Groenlandiako zenbait ume hartu eta Kopenhagera eraman zituen daniar gobernuak, ikas zezaten –unibertsitate ikasketak ere eginez–, ostean uhartera itzuli eta buruzagi izan zitezen. Horrek bumeran efektua izan zuen, ordea, Kopenhagera eramandako haietxek izan baitziren autonomiaren aldeko mugimendua sutsuen bultzatu zutenak, Iraultza Artikoa gauzatzeari ekin ziotenak”. Modu baketsuan zertu zen autonomia, eta diren eta ez diren eskumenak bereganatu zituzten inuitek, bi izan ezik, justizia eta armada, Danimarkaren esku irauten dutenak.  
2009an, bestalde, autonomia estatutua berritzearekin, hizkuntza ofizial bakarra izendatu zuten groenlandiera. Administrazioan gehien erabiltzen den hizkuntza da. Oqaasiliortut izeneko administrazio erakundea arduratzen da hizkuntzaz, aholku ematen dio gobernuari hizkuntza politikaz. Besteak beste, toponimia batzordea du, bertako izenak berreskuratu eta normalizatze aldera”. Eta Palmouk eta Rodriguezek esan zigutena: “Herritik oso gertu dago Oqaasiliortut erakundea, nahiz eta gobernuaren parte izan”. Daniera ere hor da, beti, justizia arloan, bereziki, auzitegi gorenek eta gainerakoek Danimarkan baitute egoitza, eta danieraren presentzia handia da instantzia horietan. Tokiko erakundeetan eta lan munduan, ordea, desagertzen ari da daniera Groenlandian.

Badira bi egunkari bertako hizkuntzan. Argazkian duzue Sermitsiak izeneko egunkariaren orrialde bat. 2020koa da albistea, gobernuak Groenlandiako hainbat eremutan alkohola debekatu zuela berri ematen du.
Hezkuntza eta hedabideak

Iragan mendeko 50eko hamarkadaz gero, daniera indarrez sartu zen Groenlandiako hezkuntza sisteman, horixe baitzen goi mailako ikasketak egin ahal izateko hizkuntza nagusia. 1979an aldatu zen egoera, uharteak autonomia lortu zuenean. Palmouk eta Rodriguezek esandakoaren arabera “autonomiaz jabetzeaz batera, inuitera eskolara sartu zen, beheko mailetatik gorakoetara. Eta, era berean, Groenlandiako curriculuma eratzen hasi ziren. Gaur egun, eskolatzea derrigorrezkoa da 6 urtetik 18 urtera. Groenlandieraz gauzatzen da eskolatze osoa”. Danierari dagokionez, berriz, lehen hezkuntzan bertan agertzen da daniera ikasgaia. Ingelesak, aldiz, bigarren hezkuntzara arte egon behar izaten du zain. “Materialgintzan eta pedagogian inbertsio handiak egin dituzte inuitek azken urteotan”, bi hizlariek esan zutenez.

Hedabideez den bezainbatean, 1861ean argitaratu zen lehen egunkaria groenlandieraz: Atuagagdliutit du izena, eta bizirik da oraindaino. Ez da, haatik, kazeta bakarra. “1958an bigarren egunkaria ireki zuten: Sermitsiak. Irratiari dagokionez, 1926an egin zituzten lehen groenlandiera emankizunak, nahiz eta 1982 arte ez abiarazi irrati-telebista publikoak, zeinak baitira KNR Radio eta KNR TV. Hasieratik erabaki zuten euren programak groenlandieraz egitea, baina, haiekin batera, telebistan, adibidez, daniar telebistaren hainbat programa ere jartzen zituzten antenan. 2007az gero, berriz, TDTra igaro eta groenlandiera hutsez emititzen hasi zen bertako telebista”. Eta, bestalde, tokiko irratiak ere badira, eta informazio orokorreko aldizkariak eta espezializatuak ere bai, dela kirol, ehiza edota turismo agerkariak, alegia. Groenlandiar guztiek jasotzen dituzte tokiko prentsa eta irrati-telebisten ekoizpenak. “Baina, han, tokikoak esan nahi du 2.000ren bat pertsonako komunitateari dagokiola eta, bestalde, leku batetik besterako distantziak oso handiak dira”, Palmouk eta Rodriguezek ohartarazi gintuztenez.

Nive Nielsen da argazkiko kantaria, musika estilo modernoetan groenlandieraz kantatzen duen abeslarietako bat. Argazkia: Schorle.
Kultura

Palmouk eta Rodriguezek eman nahi izan zuten datua da: “Groenlandierazko lehen eleberria 1914an argitaratu zen. Emakume batek idatzitako lehen eleberriak, berriz, 1981ean ikusi zuen argia”. Musikari dagokionez, inuiten folk musikaz gain, estilo modernoak ere erabiltzen dituzte, rocka edo hip-hopa, adibidez. “Talde eta kantari batzuen izenak ematekotan, hortxe dira Nive Nielsen, Simon Lyuge, Sumé, Nanook, Uyarakq eta Prussic”. Antzerki konpainia nazionala ere badute Groenlandian, eta urtero hiruzpalau obra gauzatu, groenlandieraz betiere, eta herriz herri erakusten dituzte,  herri tradizioa eta abangoardia lotuz, inondik ere. Margolaritzari dagokionez, bestalde, Aron de Kangeq artistaren izena eman zuten Palmouk eta Rodriguezek, erreferentziatzat, eta zenbait film ere egin dituztela esan zuten. Bi hizlariek Inuk eta Smila jarri zuten adibide.    

Hizkuntza biziberritzen asmatu dute Groenlandian –biziberritze orokor eta zabaldu baten barnean kokatu zuten Palmouk eta Rodriguezek–, kalaaleq edo groenlandiar sentimendu jakin bati guztiz lotua: “Kalaaleq sentimendu hori XIX. mendean piztu zen eta XX. mendeko 60ko hamarkadan puztu. Aktibista multzo txiki batek haize eman zion groenlandiar izateko harrotasunari, eta gaur egun, gogo hori nagusi da Groenlandian”. Herrialde zuri honetan barrena egin dugun ibilian gidari izan ditugun Palmou eta Rodriguezen iritziko, “mugimendu horrek esplikatzen du, hein handi batean, Groenlandian piztu den Iraultza Artikoa”. Horixe izan baitzen erabili zuten terminoa: Iraultza Artikoa.

 

"Herria egiten asmatu dute eta badoaz"

 

Eider Palmou eta Txerra Rodriguez 2013an izan ziren Groenlandian. 21 eguneko bidea egin zuten, inuitak ondoan. Informazioa bildu zuten eta, hor da, besteak beste, Francesc Bailon antropologoari egin elkarrizketa. Eta uhartean ziratekeen aurten ere, pandemia izan ez balitz. Euskal Herria eta Groenlandiaren egoerak alderatzeko eskatu eta etorri da gogoeta: “EAEk autonomia eskuratu zuen garai bertsuan lortu zuten haiek ere eurena. Bi herrion garapena oso ezberdina izan da. Haiek ere bi hizkuntza ofizial, inuitera eta daniera, izan zituzten hasieran. Ordea, laster sartu zen inuitera administraziora, hezkuntzara, hedabideetara... 2009an, autonomia estatutua berritu zuten, eta inuitera hizkuntza ofizial bakar izendatu. Hala ere, elebidun edo hirueledun dira, groenlandiera, daniera eta ingelesa dakizkite. Guztiarekin ere, groenlandiera dute lehenen. Herria egin dute, Danimarkarekiko dependentzia ekonomiko handia gorabehera. Dena den, klima aldaketa dela kausa, izotz geruza mehetzen ari da, eta inoiz baino merkeago zaie lurpeko mineral aberatsak ustiatzea”. Eta azken hitza: “Komunitate dira, pertsonaren gainetik jarria dute komunitatea. Herria egiten asmatu dute, ahaldundu dira, eta badoaz. Autodeterminazio erreferenduma egitekoak ziren aurtengo ekainean... Haiek badoaz. Gu, aldiz…”.


ASTEKARIA
2021eko ekainaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: groenlandiera
Eguneraketa berriak daude