Portugesa gero eta erakargarriagoa da galiziarrentzat

  • Mugakide dira Galizia eta Portugal, elkarren ondoan daude, baina ez elkarri begira. Galegoz eta gazteleraz mugitzen dituzte mihiak Galiziako lurretan, baina zer gertatzen da portugesarekin? Galdera horri erantzuteko asmoz O valor do portugués en Galicia: competencia plurilingüe, utilidade e actitudes ikerketa egin du Observatorio da Cultura Galegak.

Ikerketan parte hartu duten galiziarren %73,2k uste du portugesa irakatsi beharko litzatekeela Galizian, batez ere ikastetxeetan. Argazkian Vigoko Unibertsitateko ikasleak. Vigok Portugalgo muga autoz orduerdira dauka.
Argazkia: Xornaldelvigo.gal.
Ikerketan parte hartu duten galiziarren %73,2k uste du portugesa irakatsi beharko litzatekeela Galizian, batez ere ikastetxeetan. Argazkian Vigoko Unibertsitateko ikasleak. Vigok Portugalgo muga autoz orduerdira dauka. Argazkia: Xornaldelvigo.gal.

Galiziako gobernu autonomikoak interes bereziz begiratzen dio azken boladan portugesari, izan ere, hizkuntzen arteko antzekotasuna baliatu eta modu estrategikoan erabili nahi du. Horren adibide da, esaterako, Paz Andrade legea, zeinak erraztu duen portugesa hautazko ikasgai izatea Galiziako hainbat eskolatan. Gogorarazi behar da bestalde, Galiziako ikastetxeetan galizieraz ikasteko eskaintza mugatua dela. 16 urtetik beherako ikasleen %13 joaten dira gehienbat galegoz egiten duten ikastetxeetara. Bostetik hiruk irakaskuntza elebiduna jasotzen du, galizieraz eta gaztelaniaz. Portugesera itzulita, hizkuntzaren egoeraren inguruko ezagutza eta galiziarren hizkuntza erabilerak aztertu dituzte ikerketan, eta ohartu dira, galiziarren hamarretik seik portugesez ulertzeko gaitasuna duela, nahiz eta gutxi diren sakontzera animatzen direnak; gehienek ingelesa ikasteko hautua egiten dute.

Håkan Casares Berg ikerketaren egilea eta Observatorio da Cultura Galegako koordinatzailea da, eta azaldu du taldearen helburua galiziarrek portugesez zein konpetentzia dituzten eta zein hizkuntza lehenesten duten ikustea zela. Horretarako, galdetegi bat egin zuten 2019ko uztaila eta abuztuan: “Ikerketak baieztatu du, zalantzarik gabe, portugesa dela galiziar gehienek konpetentzia oinarrizkoak dituzten hizkuntza atzerritarra”. Casaresek dio hori gertatzen dela hein handi batean portugesa modu “natural eta espontaneoan” ikasten dutelako, hurbiltasun geografikoak eta galegoarekin duen antzekotasunak erraztuta.

Datuei erreparatuta, ikus daiteke galiziarren %82rentzat, ikasteko atzerriko hizkuntzarik errazena dela portugesa, eta gainera, %73,2k uste duela portugesa irakatsi beharko litzatekeela Galizian, “jendea ezagutzeko, harremanak egiteko eta negozioetarako baliagarria delako”.  Dena dela, Casaresek nabarmendu du herritarren gehiengoak portugeseko gutxieneko abileziak baditu ere, oso gutxi direla hizkuntza ikastea erabakitzen dutenak: “Hor ingelesa dago lehen postuan eta atzetik jarraitzen dio frantsesak”.
Hizkuntza bakoitza estereotipo eta estatus jakin batzuekin lotzen da Casaresen ustez, ingelesa, esaterako, estatus ekonomiko altuarekin: “Ingelesa jakiteak nolabaiteko estatusa ematen dizu, eta antzeko zerbait gertatzen da frantsesarekin”. Dena den, uste du ingelesak hartu duen toki nabarmena zuzenean hezkuntzarekin lotuta dagoela: “Galizian portugesaren presentzia handitu nahi bada hezkuntzatik lan egin beharko da”.

Hezkuntzaren garrantzia

Ikerketa honen arabera, herritarren %62k uste du Galiziako Gobernuak portugesa ikastea sustatu beharko lukeela eta %66k ondo edo oso ondo hartuko luke Bigarren Hezkuntzan portugesa ikasteko aukera izatea. Hala ere, hori bultzatzeko asmoz sortutako Paz Andrade legea soilik %17k ezagutzen du: “Hori gertatzen da oraindik gutxi direlako aukera hori eskaintzen duten eskolak”. Jendea portugesa irakastearen alde dago eta Casaresek uste du hori dela herritarrek portuges jakintzak handitu eta egonkortzeko modua: “Hezkuntza formalean indarrak jarrita erraza izango da konpetentzia horiek asko hobetzea, izan ere, gaur egun jendeak baditu oinarrizko ezagutzak”.

“Zentzuzkoa eta estrategikoa” izan daiteke mugakide den herrialdeko hizkuntza ikasteari lehentasuna ematea, baina ez da beti hala izaten, eta Hego Euskal Herria bada horren adibide. Casaresek dio Galiziaren kasuan asko direla portugesa ikastearen alde lanean ari diren kolektiboak: “Gaur egun oraindik eskola gutxitan dago portugesa ikasteko aukera eta portugesa sustatzeko ezinbesteko neurria da indarra eskoletatik egitea”. Galizian bigarren eta hirugarren hizkuntza ikasienak ingelesa eta frantsesa izatea eskolaren eragina dela dio, “ez da berezko kontua”.   

Gazteenek interes gehien

Historikoki ez dute bereziki harreman ona izan galiziarrek portugesarekin: “Aurreiritzi asko zeuden portugesaren inguruan, uste zen ez zuela ezertarako balio”. Ikerketaren arabera asko aldatu da uste hori, batez ere biztanleria gazteenarengan. Dena den, herritarren herenarentzat, portugesak ez du bizitzan aurrera egiten laguntzen, ez zaie baliagarria iruditzen umetan ikastea: “Datuen arabera %16 portugesa irakastearen aurka dago”.

Gazteek dute interes handiena mugakide duten hizkuntzan; beraien etorkizunerako baliagarria dela uste dute: “Portugesez zenbat eta konpetentzia gehiago izan, orduan eta handiagoak dira jendearen errenta ekonomikoak, hau da, konturatu gara portugesez ondo hitz egiten duen jendea lanbideen goi mailako eskalan kokatzen dela”. Hala gertatzea espero zuten ingelesarekin eta frantsesarekin, baina portugesaren kasuan, jendearen iruditegian aldaketa bat egon dela atzeman dute datu horri esker: “Hortik ondorioztatu dugu, bestelako hizkuntza guztiek bezala, portugesak ere ateak irekitzen dituela lan munduan”.

Gazteenekin batera, galiziar identitatearekin lotura estuena dutenen artean ikusten da portugesarekiko interes handiena: “Galiziar identitate estua dutenen edo galizieraz hitz egiten dutenen artean portugesarekiko atxikipena altuagoa da”. Hori normala izan daitekeela uste du, galizieraz hitz egiteak portugesera gehiago hurbiltzen duelako, ezinbestean: “Handia da bi hizkuntzen arteko antzekotasuna”. Interes handia duen beste kolektibo bat mugako herrikideena da: “Askok lanerako erreminta gisa ikusten dute portugesa, baina beste batzuen kasuan eguneroko bizitzako harremanak egiteko izan daiteke ezinbestekoa”.

Oro har, erresistentziak egon badaude ere, ikerketaren arabera galiziarrak portugesa sustatzearen alde daude, eta erabilgarria dela uste dute, bereziki, arlo ekonomikoan aurrera egiteko. Pixkanaka historikoki atxikitako estereotipoetatik askatzen ari da portugesa, eta “ezertarako” balio ez duela iruditzetik, lan munduan eta bizitzan oro har aurrera egiteko hizkuntza interesgarri bihurtu da galiziar askorentzat. Orain, borondate politikoaren esku geratuko da bide horretan sakontzea edo ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: portugesa
Eguneraketa berriak daude