Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Begietara ez begiratzeagatik, agian galtzen ari gara lotsatien arteko harreman ezin ederrago bat. Edo agian galtzen ari gara Etienne de La Boetie bezalako lagun bat ezagutzea. Esan diezaiotela Montaigneri. La Boetie –Marina Garcesek eman zidan haren berri–, XVI. mende erdialdera eta hamasei urte ingururekin testu ezin garaikideago eta ezin helduago bat idatzi zuena, Borondatezko morrontza, zeinean zapalketa politikoaren azken kausa biktima direnen borondatea dela esaten zaigun, eta zeina irakurria izan den alegatu anarkista baten, demokrazia zuzenaren eta estaturik gabeko gizartearen apologia baten gisara.

Esan diezaiotela Montaigneri, testu hori irakurri eta berehala ezagutu nahi izan baitzuen La Boetie. Handik aurrerakoa adiskidetasun istorio ederrenetariko bat dugu: “Lagun gozo, maite, intimoena”, “antzekorik sekula gehiago ez dut aurkituko”. Hil zenean, gazte, hogeita hamahiru urteak bete gabe, hauxe idatzi zuen: “Galdu nuen egunetik ez dut besterik egin, atsekabean arrastaka ibili baino”. Eta bere entseiu ezagunetan betikotu zuen adiskidetasunaren laudorio eta definizio gogoangarri hau: “Behartzen banaute esatera zergatik maite nuen, sentitzen dut hori ezin esana dela baizik eta hau erantzuten: ‘Hura baitzen; ni bainintzen’”.

Ez dakit, agian gehiegitxo izango da halako adiskidetasun bat gaur egun, agian konformatu beharko ginateke Tarantinoren azken filmean Leonardo di Capriok eta Brad Pittek daukatenaren antzeko zerbaitekin –“laguna, anaia bat baino gehiago, emazte bat baino gutxiago”–. Gauza da ez nuela uste, nik, garai batean txiste geopolitiko hura –lagunik ez, aliatuak bakarrik– erabiltzen zuenak, hezur-mamizko laguntasunik eduki nezakeenik. Deskubrimendu handia izan da adin batetik aurrera lagun onak egin daitezkeena. Nork esango zidan, denborarekin, nire La Boetie –edo nire Brad Pitt, nahi duzuen bezala– aurkituko nuenik.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude