"Dudarik gabe, txapelketa hau Euskal Herriaren historiara pasatuko da". Horrela zioen Zeruko Argia-ko argazki oinak duela berrogei urte.
1980ko urtarrilaren 6an Donostiako Balda pilotalekua mukuru bete zen, hamairu urteko etenaren ostean Euskaltzaindiak antolatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala entzuteko. Xabier Amurizak eraman zuen txapela, eta itu bat jarri zuen: haren kantaerak, eskolak, doinuek... beste bertsogintza baten hasiera ekarri zuten. Oraindik asko geratzen zen egiteko –ikusi besterik ez dago finalista guztiak gizonak zirela–, baina bertsolaritza garai berriekin uztartzeko lehen pauso garrantzitsutzat jo liteke.
Momentu historiko hura eta orduko atmosfera ezin hobeki islatzen duten argazkiok ARGIAren artxiboaren parte dira. Halako milaka gehiago gordetzen dira etxe honetan. Eusko Jaurlaritzarekin egindako elkarnari esker, irudiak eskaneatu eta fototeka baten bidez denok ireki ahal izango dugu leiho hori.