Euskal erakundeetatik ematen ari diren mezua da “Euskadi oasi bat” dela. Langabezia, pobrezia eta bazterkeria soziala, jendartearen parametro normal eta teknikoetan egon litekeena dela diote. Kanpora begira, ongizate rankingetako bikaintasun eta lidergoaren bandera jasotzen dute.
Jarrera hori lizun bezain gordina zaigu, errealitate ekonomiko eta sozialaz datu zehatzak azaldu orduko. Cáritas antolakunde batere susmagarriak eman ditu berriki Foesa Euskadi 2019 txostenean. Bazterturik dauden 334.000 pertsona zenbatu ditu EAEn –hau da, biztanleriaren %15,2– eta “gizartetik kanporatutako” beste 90.000 lagun ere egoera kritikoan daude. 50.000 etxebizitzatan baldintza osasungaitzak jasaten dituzte eta 25.000tan pilatuta bizi dira.
Gehiegizko gastuak 233.000 herritar pobreziaren mugan jartzen ditu; 31.000 familia “etxebizitza ezegonkorrean” bizi dira, kanporatuak izateko arriskuan; eta 69.000 familiatan sendagaiak erosteari edo dietak jarraitzeari utzi diote zailtasun ekonomikoak medio. 62.000 etxetan heldu guztiek ezgaitasunen bat, gaixotasun kronikoa edo osasun arazo larriak dituzte, eta beste 26.000 etxetan menpekotasuna duen eta laguntzarik jasotzen ez duen pertsonaren bat dago.
Gainerako gizartea hoberantz doan bitartean, bazterkeria eta pobrezia sozialaren argazki horrek erakusten du EAEn desberdintasuna gorantz doala izugarri.
Eta hori ikusita, ondarearen zerga kentzea pentsatzea ere –180 milioi euroko sarrerak ekartzen ditu urtero– beste zaplazteko handi bat litzateke sufritzen ari direnentzat. Ez hori bakarrik, beste behin frogatuko litzateke Eusko Jaurlaritza kapitalismo basatienaren menpe dagoela. EAE ez da oasi sozial bat, fortuna handientzako oasi fiskala baizik!