Hostoen altzoa


2019ko azaroaren 17an
Ectoedemia generoko sitsak gai kimiko bat jariatzen du, neguan ere landarearen hostoari berde eta bizi eutsiz. Argazkian, lertxunaren hostoan ageri da.

Neguan sartu gara eta noiznahi nonahi izotza egiteko sasoia da. Urtebete gehiago bizitzeko itxaropena duten landareek erreserbak gizendu dituzte, azalak loditu eta begiak ezkataz jantzi eta babestu. Hostajeari eusten diotenek hostoen eta orrien azala zaildu egin dute, mugertu. Hostoak botatzen dituztenek, aurrez ahalik eta gehien hustuko dituzte, bertan dagoen energia berreskuratu eta jasotzeko.

Hostoa beti da landarearen zati kuttuna. Landarea energiaz hornitzen du eguzkiaren argia barneratuz. Orain, neguan, landarearen gainean geratuta edo lurrera jausi eginda ere energia ematen jarraituko du. Izotz hotzena ere goitik behera zuzen-zuzen jaisten da. Hostoa gainean izango da, landarearen gainean edo lurraren gainean eta izotzetik babestuko du. Gainean, bizi-bizi jarraitzen duten adarrak eta begiak eta baita parean dauden lurpeko sustraiak ere. Lurreratu diren hostoek sustraiak babestuko dituzte.

Baina landarea ez da izaki isolatu bat. Bere burua ez da ezer bakarrik, beste inor gabe. Alta, badaki ingurukoen laguntzarik gabe ez litzatekeela ez nor ez inor. Milaka izakik osatutako sistema baten partaide delako bizi dela badaki. Neguan hostoen babesa antolatzean ere ez du soilik bere buruan pentsatzen, sistema osoa babestu behar duela badaki. Orbeltzen ari den hostoak animalia, onddo, landare eta abar asko hartuko ditu altzoan. Hurrengo sasoian bere magalean aterpetu dituen horiek berebiziko lana egingo dute landarearen bizimodua erraztuz. Horietako asko, gainera, nahitaezkoak ditu irauteko bezala bizitzeko.

Hostoan dagoen janaria hustutzeko bidea ikusgarria egiten zaigu. Hostoak kolore berriak hartuko ditu. Espezie bakoitzak kolore batzuk edo besteak hartzeko joera du. Joera hori indartu edo makaldu egingo da eguraldiaren edo kokapenaren arabera. Intsektu batzuek ere joera hori alda dezakete.

Ectoedemia generoko sitsak, adibidez, arrautza berandu jarri eta harra jaiotzen denerako, hotza gainean izan dezake. Har horrek hostoaren bi aldeetako azalen artean zulobideak egiten ditu barruko mamia janez. Hostoa orbeltzen hasia badago bazka amaitzen zaio harrari. Harra, azkarra, bere parean dagoen hosto zatiari berde eusteko gai da. Gai kimiko bat jariatzen du, landarearen hormona baten antzera lan egingo duena: bazkari berde eta bizi eutsi. Lertxunean (Populus tremula) eta zume zurian (Salix alba) ikusten da, batez ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lertxuna
Eguneraketa berriak daude