Agur palma, agur


2019ko urriaren 20an

Palmondoz edo palma-zuhaitzez inguratuta gaudela nioen aurrekoan. Palmondo nanoa, Chamaerops humilis eta Txinako palmondoa edo kalamu palmondoa (Trachycarpus fortunei) aipatu nituen; ez, ordea, gure inguruan ugariena den palmondo generoa, alde handiz ezagunena: Phoenix generoa. Genero honek Afrikako eta Asiako lurralde bero eta tropikaletan hedatuak ditu bere hamazazpi espezieak. Bi dira gehien ikusten direnak: datil palmondoa (Phoenix dactylifera) eta kanariar palmondoa (Phoenix canariensis).

Datil palmondoa dioikoa da, hau da, palmondo batzuk arrak eta beste batzuk emeak dira. Joan deneko 6.000 urtean lantzen da eta etekin ugari kentzen zaio. Begi bakarrekoa denez, enbor bakarra luzatzen du, eta hosto eta lore guztiak bertatik sortzen ditu. Bada, begi hori moztu, eta gutiziarik onena bezala jaten da. Kimu samur hori kentzean, noski, palmondoa hil egiten da. Hostoak ere ez dira alferrik galtzen: saskiak, zerriak, tapizak, erratzak, kapelak, teilatuak, lokarriak... sutarako ere erabiltzen dira hostoak. Enborra eraikuntzan erabiltzen da, batik bat: habe, zubi, gabarra... Bere fruitua datila da. Batez ere datilarengatik lantzen da. Arrak eta emeak izanik, haizeak eta intsektuek polinizatzen dute. Palmondo eme bakoitzak 700 kilo datil eman ditzake. Arabiako eta Ipar Afrikako nomaden elikaduran oinarrizko energia iturria da; izan ere, %60-70 azukre du.

1755ean, Peter Forsskal naturalista suediarrak izurriteen kontrol biologikoaren lehen aipamena egin zuen europar literaturan. Datil palmondoari hostoak ebakitakoan enborrean geratzen diren zurtoin zatien altzoan bizi diren 32 espezie deskribatzen ditu, eta nola bertan txindurriak erabiltzen dituzten izurriteei tamaina hartzeko.

Palmondoaren hostoa edo palma nagusitasunaren ikur gisa ere erabiltzen da. Guduak irabazitakoan, hiriak konkistatzean, kirol norgehiagoketan, ospakizun jendetsuetan eta abar palma agertuko dute. Mediterraneo ekialdetik hedatutako erlijio hiltzaileetan ere konkista eta mendekotasuna eta jendearen esanekotasuna agertzeko palma erabiltzen da. Gogoan dut nola gure ume garaietan erramu igandea esaten zitzaion igande batean jendeak erramu (Laurus nobilis) adarrak elizara bedeinkatzera eramateari. Jende ahaldunak eta haien imitatzaileek palmak ekartzen zituzten. Ondoren etxeetako balkoietan egoten ziren palma lehor horiek, hura erosteko adina bazutenaren eta otzantasunaren adierazle.

Palmondo guztiak hiltzen ari den intsektu bat izurrite ikaragarria bihurtu da: gurgurio edo mokodun gorria, Rhynchophorus ferrugineus.

Bukatu ziren kontu horiek, eskerrak. Eta erlijioak ere laster bukatuko al dira! Palmarenak behintzat egin du. Palmondo guztiak hiltzen ari den intsektu bat izurrite ikaragarria bihurtu da: gurgurio edo mokodun gorria, Rhynchophorus ferrugineus. Polinesia aldetik ekarri eta Mediterraneo inguruan zabaldua da. Azken urteetan Galiziara eta Asturiasera iritsia da. Laster dugu hemen, palmondoen kimu samurra jaten. Agur palma, agur!


ASTEKARIA
2019ko urriaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Besteak
Eguneraketa berriak daude