19:00ak dira, lana fini, etxera itzultzen zara garraio publikoan, edo, euririk egiten ez badu, bizikleta gainean. Inor ez solaserako, ezer ez telebistan, kopa bat ardoz bete eta Tinder, Facebook, Candy Crush, Instagram, YouTube, Snapchat, Uber, Twitter, edozein aplikazio irekitzen duzu. Handik puska batera hasten zara aspertzen, zapuzten, zeure burua madarikatzen. Zertan ari zara. Beste behin. Ez dakizu nola iritsi zaren honaino. Baina ez kezkatu, normala da. Aplikazioen junkie bilakatu zara, hain zuzen, aplikazioek plazeraren motibazioaren adikzioaren molekula sortzen dutelako burmuinean: dopamina.
Halaxe azaldu digute Arte kate franko (eta barka)-alemanean, Dopamine izeneko serie txiki batean: zortzi kapitulu, kapitulutxo, kapitulutxoño, zortzi pilula –baina oso kondentsatuak, miligramo askokoa bakoitza–, lehen aipatutako aplikazioei eskainiak. Eta ondo dago ezagutzeko oraindik erabiltzen ez dituzun aplikazioak –kalkulua eginda, %50 dira–. Ondo dago ezagutzeko zu harrapatzeko zer mekanismo erabiltzen duten (psikologikoak, fisikoak, filosofikoak). Baina ondo dago, batez ere, ezagutzeko zer ezkutatzen duten, edo, hobeto, azken buruan zer helburu daukaten. Laburbilduz: publizitatea eta datu pertsonalak. Edo guri bizitza errazteko zeudela uste genuen? Edozer egingo dute guk pantailaren aurrean ordu gehien pasatzeko. Edozer egingo dute gu adikto bilakatzeko.
Eta moralista jarri nahi gabe –bigarren aldia litzateke–, baina nola bestelako adikzio formen aurrean gero eta kontzientzia handiago dagoen –baietz asmatu: apustu-etxeak–, izugarria egiten zait ikustea nola gure parkeak telefono mugikorrak dituzten 11-12 urteko neska-mutikoz beteta dauden. Sistema dopaminergikoak 12 urteetatik ondo funtzionatzen baitu. Eta hausnartutako erabakiak hartzeko gaitasuna 20 urteak arte ez baita garatzen. Garatzen bada, noski.
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]