Biriatu, Lapurdi

  • Frankie, beraz, beste munduko ezer ez, baina zeozer mugiarazten dizu tripetan –eta ez al da hori film batek, artelan batek lor dezakeen gauzarik behinena?–. Argumentua, egia da, ez du bereziki originala: larriki gaixorik dagoen frantziar aktore batek bere hurkoak elkartzen ditu, Sintra, Portugalen, agurtzeko edo. Bikotekidea, bikotekide ohia, semea, alaba-ordea, lagunen bat. Une labainak izan arren, gonbidatuen arteko frikzioak sortu arren, hiltzera doanak nahi duen bakarra da: denbora tarte atsegin bat pasatzea denek elkarrekin.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Garai batean pentsatzen nuen nahiago nuela kolpetik hil –ez oraindik, lasai, ez daukat interes berezirik–. Baina kolpetik, auskalo bizi bitartean bizitzari buruz soilik pentsatu ahal izateko, eta modu horretan heriotzaren ideiari iskin egiten saiatzeko. Orain ordea ez nago hain ziur, zalantza handiagoak ditut: ez ote nukeen jakin nahi noiz izango den bukaera, gutxi gorabehera, joateko pixkanaka pertsona maiteei agur esaten, itxi beharreko gauzak ixten, bizitzari osotasun bat, zentzu bat, narrazio bat ematen. Absurdoa da, badakit, oker ez banago ez baitugu aukeratzeko modurik.

Aukeratzeko agian ez, baina prestatzeko zergatik ez. Sophie Calle artistak, adibidez, badu dokumental moduko bat, zeinean agertzen den hilobi bat erosten, Bolinas, Kalifornian. Hilobi bat beretzat, noski, dagoeneko mundu honetan ez dagoenerako –eta ze gai egokia den hau, heriotzarena, eufemismoentzat–. Ez zait ideia txarra iruditzen. Nik ere, ausardia bilduko banu –eta, noski, diru pizar bat–, erosiko nuke hilobi bat, niretzat, dagoeneko mundu honetan ez nagoenerako. Zalantzarik gabe Biriatu, Lapurdin. Eta egingo nioke bizian bisitaren bat, aldaketaren bat, apainketaren bat. Ez baita ahaztu behar bertan pasako dudala eternitate osoa. Eta hori denbora asko da.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude