Zoe zortzi urteko neska da, eta gai da Zank bere txakurraren zaunkak ulertzeko. Bizikletan ibiltzea oso gustuko du, baita laguntza premia duenari laguntzea ere. Horregatik, beti saltsaren batean sartuta dabil”. Hitz hauekin aurkezten zaigu liburu hasieran Zoe, Zank bere txakurrarekin batera liburuko protagonista nagusia.
Mikel Valverdek, aurretik Rita-rekin egin bezala, neskatila baten abenturak kontatzen dizkigu sail honetan (Zank & Zoe bilduma bat izango delako liburuak atera ahala), eta gaztetxoei hainbeste gustatzen zaien errealitatea eta fantasiaren arteko nahasketa darabil istorio bizi eta entretenigarrian murgiltzeko.
Valverdek gaur egun herri eta hirietan gero eta gehiagotan gertatzen den arazo bat du abiapuntu istorio honetan; denda txikien krisia. Zoe eta Zank Tea andrearen gozo-dendara doazela hasten da kontakizuna, igandero egin ohi duten moduan bientzat “gozamena zen bisita” egitera doaz. Baina Tea andrea goibel dago, eta atzean kartel bat “Gozotegia ixtera goaz” dioena.
Gertakari horren aurrean Zoek eta bere familiak zerbait egitea pentsatzen dute, zerbait Tea andrearen gozotegia ezaguna izan dadin eta aurrera egin dezan. “Tea andreak bere gozotegiaren publizitatea egin behar du, baina modu berritzailean!” aitonaren ideiatik abiatuta, eta ikusita Zoek duen indarra, abilezia eta trebezia bizikleta gainean, lasterketa batean parte-hartzea erabakitzen dute.
Liburuan zehar lasterketa hori prestatzen eta korritzen duten bitartean jazotakoak biltzen dizkigu egileak (testuaren bidez, baina baita ere, eta ez bigarren mailan, ilustrazio ugari eta egokien bidez), hainbat gertakari eta pasadizo, batzuk maltzurrak, beste batzuk umoretsuak bilduz, gertakariz jositako lanean. Baina liburuari izenburua ematen dion Mendi beltzeko munstroa-k ere badu bere papera, eta ez txikia, kontu sozialak eta baita ekologikoak ukitzen dituen abentura honetan. Baina munstro hori nor den eta zergatik jokatzen duen jokatzen duen moduan jakiteko onena izango da Valverderen istorioan murgiltzea eta Zoerekin eta Zank txakur bizkorrarekin gozatzea… beraiek Tea andrearen pastekin gozatzen duten bezala!