Antibirtuosismotik, herri musikara

  • 1993. urtean eratu zen Gutariko Bat taldea, baita Dut ere. Urte hartan argitaratu ziren Beti Muganen Oreka desorekan eta Ama Say taldearen Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen diskoak. Urte berekoak dira, halaber, Getxo Sound delakoaren gakoak izan ziren El Inquilino Comunista eta Lord Sickness taldeen lehen lanak. Cancer Moonen Moor Room ere 1993koa da, baita Negu Gorriaken Borreroak baditu milaka aurpegi ere. RRVak bere onenak emanak zituen ordurako, metalaren eta hip-hoparen eraginak sumatzen hasiak ziren gurean eta euskal rocka aniztasuna irabazten ari zen aipatutako taldeen ekarpenen ondorioz, besteak beste.

Zarata egiten duten artistek auzitan jarri dute azken urteetan rockak bere-berea duen jarrera maskulinoa. Deseraikuntza bikoitza da, musikala eta genero alorrekoa. Argazkian, Itziar Markiegi eta Myriam Petralanda, Magmadam proiektuaren emanaldi batean.
Zarata egiten duten artistek auzitan jarri dute azken urteetan rockak bere-berea duen jarrera maskulinoa. Deseraikuntza bikoitza da, musikala eta genero alorrekoa. Argazkian, Itziar Markiegi eta Myriam Petralanda, Magmadam proiektuaren emanaldi batean.

Hamarkadaren hasiera hartan “antibirtuositatearen soinua kanon bihurtu zela” dio Xabier Erkiziak. Izan ere, Amerikako Estatu Batuetako musika independentearen eraginei jarriki, rockaren molde klasikoak deseraiki eta formula posibleak biderkatu ziren, finkoak ziruditen mugetan arakatzearen ondorioz. Underribi bilduma Hondarribia inguruan gertatu zenaren testigantza egokia da eta Noise Hole eta Zup taldeek utzitako aleak baliagarri zaizkigu Berako harrobia hobeto ulertu ahal izateko. Azkoitiko Matadeixe, ezinbestean aipatu beharreko Akauzazte taldeaz harago, erreferentziazko musika laborategi, areto eta sorleku izan da geroztik –dagokigunerako, Carlos Desastre tartean izan zituen Compañía de Sueños Ilimitada zigilua eta Después De Nunca taldea aipa genitzake, beste hainbaten artean, bertako uzta hobe ulertze aldera– eta Tzesne eta Xanti Manterolak osatutako Gutural proiektu industriala lehenetarikoa izan zen elektronika eta metala uztartzen, Donostiako Buenavistan. Honen guztiaren laburpen egokia da, orobat, 1999an argitaratu zen Museum bilduma.

Azken argitalpen horretan Borrokanen lehen abestiak ere entzun daitezke, eskola beraren bigarren olatu batean kokatu genezakeen Berako taldea. Lif, Izaera, Eten edo Lisabö bezalako taldeekin batera, ildo berari jarraitu zioten hauek ere, Xabier Erkiziaren arabera “egiten zutenaz puskaz kontzienteagoak” izanagatik. Nola hauek guztiek, hala gerora etorri diren Sacco, Tooth edo Bob Xatar bezalakoek, jada zedarrituagoak zituzten estetika zaratatsu haren mugak eta urrunago, ziur aski, bidean galtzearen zirrara.

Arroka urtzen

Taldeak eta diskoak zerrendatzen jarraitu beharrean, merezi du milurte berriak ekarritako aldaketei erreparatzeak. Urte haietan, Donostiako Elektronikaldia, Berako Ertz edota Bilboko MEM Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia bezalakoek zarataren nolabaiteko instituzionalizatze bat ekarri zuten. Soinu esperimentazioaren arnasleku bilakatuko zen Artelekuko AudioLab ere; eta beste hainbeste esan genezake Arto Artian kolektiboaz edo Le Larraskito klubaz.

Era berean, garaiek hala aginduta eta ezinbestean, gune hauetan (ere) emandako deseraikuntza eta jolasak zarataren formari egokitzapenak eragin zizkion. Zenbait musikarik rockak eskaintzen zituen aukerekin aspertu eta Tzesne edo Amsia bezalako aitzindarien lekukoa hartu zuten, soinu uhinak manipulatzeko teknika berriek eskaintzen dituzten aukera ugariez baliatzeko. Mattinek gidatutako Billy Bao edo Killerkume bezalako taldeen bilakaerak izan daitezke horren bi adierazle egoki, abiapuntutzat zituzten rockaren aldaera bortitzak deseraiki eta askotariko elementuak txertatu baitizkiote beraien formulen kontrako errezeta anbiguoari.

Rockaren moldeekin haustearen eskutik etorri da, hein berean, rockak bere-berea izan duen agertoki gaineko eredu maskulinoaren gainbehera erlatiboa ere. Agian, horrek hauspotu ditu Baseline, Miryam Rzm, Garazi Gorostiaga edo Itziar Markiegi bezalakoen hamaika proiektu irudimentsu. Azken hau, Jana Jan izenpean gailu elektronikoen erroreetan oinarritzen da ordenagailuetako plugin ezberdinen kode binario aurrezehaztuetatik ihes eginez musika osatzeko. Definizio hertsiez harago joateko nahi horren oihartzunak topatu genitzake, nahi izatera, genero deseraikuntzaren muinean berean ere.

Itsasotik iturrira

Eta laino digitalaren garaiotan zer? Xabier Erkiziak dio “arretaren zarata eta arretaren gerra” dela orain bizi duguna. “Kanontxoen munduan” bizi omen gara, oso denbora laburrean sortu, kontserbadore bilakatu eta hiltzen diren eredu iheskorrez osatutako inguru kultural batean. Zarata beti izan da kontestuala, baina gaur egun, inoiz baino gehiago. Eta gaurko testuinguruek iraungitze data bizkorra dute.

Gaur egungo zarata logika horren kontra egingo duen zerbait izan behar omen da, desioa jaten duen irudiaren botere itogarriari eta hiperestimulazioari aurre egingo diona. Erantzun gisa, agian, bada herri musikaren biziberritze bat, erroetara itzuli eta muinetik berreraikitzeko gogoaren ondorio. Horretan ari dira Artelekuko AudioLaben garaian kanon berriak ez eraikitzeko metodologiak lantzen aritu zirenetatik asko –urte haietan, bertan egin zuten topo Iban Urizarrek, Maite Arroitajauregik, Oreka TX-ekoek, Angel Unzuk, Ibon Rodriguezek, Oier Etxeberriak edo Gaizka Sarasolak– eta horren fruituak dira egun jasotzen ari garenak. Ezin joera hau ongi ulertu, dena den, Xiru eta Errobiko festibala bezalakoek egindako ekarpenak ere aipatu gabe.

“Estiloa erlijio gisa defendatu dutenak eta praktikak defendatzen dituztenak ezberdintzen dira, azken hauek ez baitute aurreiritzirik bide hori ondorio guztiekin jarraitzeko”. Horixe esan digu Erkiziak eta berriki argitaratu dira horren adierazle izan daitezkeen bi disko: IbonRG sestaoarra, adibidez, esentzialismoei jaramon handirik egin gabe iritsi da euskal kantaera tradizionalera, Beñat Achiary bezalakoen ildo askeari jarraiki. Lurpekariak nafarrek, aldiz, Itsasotik iturrira diskoa kaleratu dute, musika herrikoi eta tradizionalaren molde eta estrukturen gainean jazz inprobisazio libre eta ausartez osatua.

Azken proiektu horretako partaide den Jon Celestinok dio folklorea bera ere zientzia fikzioa besterik ez dela. Ezagunaren mugetatik at kokatzen den lurralde bat dute Lurpekariek jomuga, beraz, eta horrek lotzen ditu, finean, Artze, Gutariko Bat eta beste hamaika ere.


ASTEKARIA
2019ko apirilaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Noise
2019-04-07 | Jon Urzelai
1963-1993: euskal zarataren genealogia txiki bat

Xabier Erkiziak kontatu digu nola Julio Caro Baroja antropologo eta historialariak lapiko-jotzeen iturburua zenbait euskal herrietako ohituretan topatu zuen. Jakina da 70eko hamarkada bitarte Lesaka eta inguruko herrietan, esaterako, ezkontzera zihoazen bikote gazteak omentzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude