Lubakiko antifaxismoa

Ekaitza gogor ari da, jakinaren gainean geunden, gezurra litzateke besterik esatea. 2011 urte aldean, Greziara bizitzera joateko zoria izan nuen. Demokraziaren sehaskatzat joa den lurraldean bizi zen tragediaren alderantziz proportzionala zen nire zortea. Herrialdez aldatu nintzen eta Erasmus programaren Europako diru funtsari esker, formakuntza ikastaroak hartu nituen unibertsitatean, Troikak ezarritako zergen murrizketek itota zegoen estatu batean. Shockaren doktrina hain gordina eta latza zenez, sektore herrikoienetan “munstroa” berragertu zen. Egoera hartan ernatu zen elkarte popularraren esperantzazko izena: Urrezko Egunsentia.

Alderdi faxista horrek botoen %7a lortu zuen, Greziako Parlamentua sartu zen eta hemezortzi eserleku bete zituen. Harrezkero ez du hartutako lekua utzi. Bere estrategia, egunero telebistan eta zuzenean ikusten ari garenaren antzekoa da, tira, hobetua. Hau da, iritzi publikoarengan zirrara eragiteko zentzugabeak diren ustezko burutapenak botatzen ditu. Halaber, liskarra biziarazteko ekintza probokatzaileak antolatzen ditu, bere arerioak sumintzeko. Jendarteko talde sentikorrenak eta zaurgarrienak erasotzen ditu, gehiengoaren aurka oldartu daitezen, haien kontura etekinak lortzeko.     

Greziako egoerak jendearen interesa eragin zuen munduan eta etxera bueltatzean, esperientziari buruzko eztabaidetan eta hitzaldietan parte hartzeko aukera ugari izan nuen. Ekitaldi haien lemak ideia beraren inguruan hausnartuak izaten ziren: “Zer egin dezakegu muturreko eskuinari aurre egiteko?”. Orduan ez nekien, eta gaur egun ez dut guztiz argi ere. Alabaina, solastoki bakoitzean ideia bera errepikatzen nuen: gure praxi politikoa sozializatuko duten espazio kolektiboak sortu behar ditugu, sistema anker honen ondorio latzenak jasaten dituzten jendeak laguntzeko.      

Urrezko Egunsentia alderdi faxistak botoen %7a lortu zuen eta Greziako Parlamentuan sartu zen. Harrezkero ez du hartutako lekua utzi. Bere estrategia, egunero telebistan eta zuzenean ikusten ari garenaren antzekoa da,
tira, hobetua

Antifaxismoaren aurkako kolektibo egokiena PAH (Hipotekak Kalteturikoen Plataforma) da. Elkarte hori Babilonia moduko bat da. Ia-ia dena galdu zuten pertsonak ahalduntzeko topagunea da, gizartearekiko lotura berreskuratu dutenen tokia, hurkoen arteko sostengua funtsezkoa dela ohartu direnen txokoa. Beren larru kolorea alde batera utzirik, galdu duten duintasuna berreskuratzeko bilgunea. Euren lorpenak dira horren bermea. Sabadell eta Manresan, immigrazioaren tasa-altuak dituzten hiriak –gorrotoaren diskurtsoa zabaltzeko eremu aproposak–, herritarrek hauxe ikusi dute: auzokideak elkarren aurka jartzea helburu zutenek intolerantziaren aurkako sare komunitario batekin egin dute topo.  

Hala ere, testuingurua egokia da sua biziarazteko. Horren lekuko, Katalunian izan diren bi eraso arrazistak: gazteen harrerako zentroen aurkakoak; eraso gehienek  magrebtarrak kolpatu dituzte. Aukera baten bila bide luze eta bakartia egin ondoren, arrazismo estrukturala eratu duen Mendebaldeko gizartean atzerritarrentzako legea bizi behar dute, eta hori gutxi bailitzan, gainera, Adin Gutxiko Ez Lagundutako Atzerritarrak izendatu ditugu (MENA). Haien estigma areago indartuz, haiek erasotzea errazten duena, subjektu homogeneoa eraiki baitugu haien bizkar.   


Hartara, egun batzuen ostean, zarata mediatiko bete-betean, Espainiako banderaz betetako karpa berde bat instalatu zuten aipatu gertaerak izan ziren udalerrietako batean. Mossoek faxisten aurkako kontsignak aldarrikatzen zituztenen kontzentrazioko kideak babesten zituzten bitartean, xenofobiaren jomuga ziren gaztetxoak bakarrik-bakarrik gelditu ziren. Bistan da, haiek ez dute inoiz Europar Batasunaren beka bat izango lasai bizi ahal izateko. Beraz, izan gaitezen kontziente: gu gara izan dezaketen bakarra.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude