garrazkiak negua argitzeko eta berotzeko


2019ko urtarrilaren 27an

Negua da eta garrazkien edo zitrikoen sasoi gorena. Mandarina (Citrus reticulata), limoia (Citrus x limon), lima (Citrus x aurantifolia), laranja (Citrus x sinensis), arabisagarra (Citrus x paradisi), kumkuata (Citrus japonica) eta abar luze bat urrutira gabe topatuko dugu. Denak Citrus generokoak dira. Landare genero hori Asia hegoaldeko lurralde tropikaletatik hedatu da antzeko giroa duten mundu guztiko herrialdeetara.

Itxuraz garrazki guztiak hiru espezie nagusitatik datoz. Berez izugarrizko erraztasuna dute elkarrekin nahasi eta hibridoak sortzeko, baita klonazio naturalak bezala bat-bateko mutazioak agertzeko ere. Horrexegatik, zitrikoen genealogia oso da nahasia eta korapilatsua. Ez da harritzekoa gutxiena uste duzunean forma edo kolore edo usain edo tamaina desberdineko fruitu berriren bat aurkitzea. Era berean gure elikadurarako garrantzitsua bilakatu da garrazki jendea. Historian zehar nekazaritza garatu eta indartzen joan den eran, garrazkiak lantzeko joera bertakotu da. Fruitu aukera zabala izateak, bai dasta edo lurrin eta egitura aldetik, etxekotzea sustatu du; horri fruituaren azal lodiak kontserbatzeko eta garraiatzeko ematen dion erraztasuna erantsita, horra bere arrakastaren oinarriak. Asia hegoalde osoa eta Mediterraneoaren inguruko lurraldeak dira garrazki ekoizle nagusiak. Garrazkiek duten azidotasunagatik edo garratzagatik eta C bitaminagatik dira ezagunak. Euskaldunok itsasora sagardoa eramaten genuenean, beste kultura askotakoek garrazkiak zeramatzaren eskorbutoari aurre egiteko. Bidaia luzeak egin behar zituzten marinel ingelesei limoia ematen zieten, gaitza harrapa ez zezaten. Hortik esaten zitzaien mespretxuz “limey”. Geroztik, Ameriketan ingeles orori horrela esaten zaio.

Negua izan ohi da geurean garrazki sasoi onena. Garai hotz eta ilunenean. Argi eta berotasun beharrak asetzeko sua pizten den sasoia. Eta sua pizteko garrazkien azala bezalakorik ez dago. Garrazkiren bat bere hatzekin zuritu duenak badaki azal horrek uzten duen lika antzeko arrastoaren berri. Lika hori limonenoa da. Azalaren olioan dago, eta berak ematen dio usain berezi hori. Inoiz saiatu al zara azala bihurritu eta suaren parean jartzen? Su festa polita egiten du. Nik Burundan ikasi nuen Iturmendiko Maria Otxoa de Errarte Gabirondo zenaren eskutik. Hark beti sutondoan garrazkien azalak lehortzen izaten zituen. Hurrengo egunean sua pizterakoan lehortutako azalaren limonenoari esker alde ederreko abiaduran hartuko du sua egurrak. Garrazkiak negua argitzeko eta berotzeko.

Irudia: Maitane Gartziandia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zitrikoak
2015-05-10 | Jakoba Errekondo
Irakurleak galdezka: Limoiondoa

Kaixo. Orain hiru urte argazkietako limoiondoa oparitu zidaten. Ontzia erosi eta hiru lekutatik ekarritako lurrez bete nuen. Han sartu nuen landarea. Oso ongi hazi da, indarrez. Baina fruitua ematean arazoak ditu.

Azken bi urteetan, loreak ekarri ditu eta itxuraz ongi hartu... [+]


Eguneraketa berriak daude