"Tamilek gogotik eusten diote hizkuntza transmisioari"

  • Waran Kangeyan (Brent, Londres, Erresuma Batua, 1991) udan izan zen Euskal Herrian. Gaztea da bera eta HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketara etorri zen.  Tamila da, baina ez da ez Sri Lankan ez Indian jaioa. Londrestik bidaiatu zuen Gasteiza hizkuntza gutxiagotuetan hitz egiten duten gazteak ezagutzeko asmoz.

Waran Kangeyan, Londresen bizi den tamila. Argazkia: Zaldi Ero.
Waran Kangeyan, Londresen bizi den tamila. Argazkia: Zaldi Ero.

Tamil etniakoek Sri Lanka iparraldean bizi zuten arrazakeria eta diskriminazio egoerak beharturik, Europara egin zuen Kangeyanen aitaitak XX. mendearen erdialdera, eta haren urratsen ondotik heldu ziren, tantaka, Ingalaterrara gainerakoak. Han jaioa, ingelesez hazia da Kangeyan. “Gurasoek tamilera hitz egiten zuten baina, guk, senideok, gaitasun hobea dugu ingelesez, tamileraz baino. Gero, hazitakoan, Indiara joan, zenbait hilabete Tamil Nadu eskualdean eman eta hainbestean jarri nintzen tamileraz hitz egiteko. Ez zen aise izan, hango ahoskera eta etxean aditu nuena diferenteak zitzaizkidan. Egun, ulertzeko zailtasunik ez dut. Hizketan egin behar dudanean datozkit korapiloak”.

Sri Lankako iparraldean ez ezik, Indiako Tamil Nadu eskualdean ere indarrean da tamilera, hindia eta ingelesa hizkuntza koofizialak diren herrialdean. Hortxe gatazka. “Tamilek beren hizkuntzari eutsi nahi diote. Indian, hasteko, hindia eta ingelesa dira bi hizkuntza ofizialak, baina tamilak ez hindiz ez ingelesez bizi dira. Gehiengoaren hizkuntzan gabe, tamileraz bizi dira, eta tamileraz bizi nahi dute, hindiaren aldekoen presioei kontra eginez. Tamilek gogotik eusten diote belaunen arteko transmisioari, eskolan ere tamileraz egiten dituzte ikasketak... Hala ere, hizkuntza gutxitua da. Aski duzu polizia-etxera joan, laster esango dizute hitz egiteko hindiz edo ingelesez, ez hitz egiteko tamileraz”. Eta egoera ez da hobea Sri Lankan, tamil etniaren lurraldean. “Gure herria diskriminaturik bizi da, arrazakeria hor da oraindik. Tamilera, berriz, hizkuntza gutxitua da, eta etorkizuna ere ez da garbi ageri. Tamil askok alde egin du Sri Lankatik...”.

Hedabideak ere badira tamileraz, nahiz muga handi bat duten: adierazpen askatasuna: “Esate baterako, tokiko prentsa da tamileraz, baina ez du gobernuaren kontra hitz egiterik. Ez da debaldeko kontua. Azken hamarkadetan hainbat kazetari hil dituzte. Prentsak hainbat eraso jaso ditu”. 1983tik 2009ra bitartean Sri Lankako gerra zibila da beti atzean, tamil herriaren burujabetasun gogoa. “Gure komunitateak botoa eman nahi du, katalanek eta, beharbada, euskaldunek bezala. Ez du inoren mende bizi nahi. Ez zieten aukerarik eman. Eta biolentziaren bidea hartu zuen askok. Giro horretan, tamileraren liburutegia erre zuten, 19.700 liburu eta eskuizkribu galdu ziren, 2.000 urteko tradizio idatzia!”.

Ontzat eman zuen HIGA biltzarra. “Nire irudiko, eredugarria izan da, nazioarteko biltzarra nola antolatu behar den erakusteko balio izan du. Bat-bateko itzulpen zerbitzu eta gainerakoak. Oso interesgarria izan zait. Ikusi dut hizkuntza komunitate bakoitza bere bidea egiten ari dela. Denek jasaten dute nola-halako zapalkuntza, eta kontrako hizkuntza politika bat”.

Euskarari buruz, berriz, Waran Kangeyanek dioena: “Eredu da hizkuntza berreskuratu nahi duten komunitateentzat, inspirazio iturri”.

Eta hor dabil, txapela buruan, munduan. “Non edo non Euskal Herritik zabaldu da txapela batera eta bestera, hainbat idazle eta artistak erabili du, eta halaxe darabilt nik ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: tamilera
Eguneraketa berriak daude