Eusko Legebiltzarreko batzorde batek 2003 eta 2015 artean eskola jantokietan izandako iruzurra ikertzen dihardu; iruzur horren ondorioz dozenaka milioi euro galdu dituzte diru-kutxa publikoek. Sektoreko enpresek adostu zuten merkatua banatu eta zerbitzuaren prezioa nahita puztea. Oso larria, eskandalagarria eta susmagarria da administrazioak urte horietan konpainia talde bat kontratatzea, euren artean prezioak puzten aritzea, eta alarmak ez jotzea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dioen moduan, harritzekoa da “denbora tarte luze horretan ez egotea erreakzio edo ikerketarik, ezta inongo badaezpadako kontsulta, ez salaketarik ere” Eusko Jaurlaritzaren partetik, nahiz eta “esleipenak sistematikoki esku beretan geratzen ziren”.
Joan den astean batzorde horren aurrean agertu dira Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua (EAJ) eta bere aurreko hirurak: Isabel Celaá (PSE), Tontxu Campos (EA) eta Angeles Iztueta (EA). Ustekabean eta errezelo gehiago sortzeko, euren deklarazioa adostu balute moduan hitz egin dute, esanez ez zutela susmo edo irregulartasunik atzeman euren agintaldietan, eta legearen barruan aritu zirela. Noski, ez dute berengain hartu diru publikoari egindako iruzurraren erantzukizun politikorik.
Halako narraskeria ezin da horrela geratu ordea. Eusko Jaurlaritzako kargu ohiek diote iruzur praktika hori ez zutela sustatu edo babestu, baina haiek eta exekutiboa bera gutxienez badira erantzule politikoak, euren pasibotasun, moteltasun eta kontrol faltagatik. Ezin da onartu erantzulerik ez egotea eta Hezkuntza sailburuak lasai asko etxera joatea. Batzordeak ez luke iruzur milioidun horren ikerketa oinarririk gabe itxi behar: enpresa kartel horrekiko konplizitatearen itzala luzeegia litzateke.