Hain ezkor eta hain baikor

Antton Oariaga

Gizakiak eragin hondamendi orokorra, bai jendartea bai bere ingurumen osoa suntsituz, egunero hurbiltzen ikus dezakegu. Adiskide batzuek berriki gomendatu Comment tout peut s’effondrer. Petit manuel de collapsologie à l’usage des générations présentes / Nola dena lehertzen ahal den. Kolapsologia eskuliburua, orainaldiko belaunaldiei zuzendua” liburuan (Seuil, Paris, 2015), Pablo Servigne eta Raphaël Stevensek frogatzen dute katastrofea nagusitu daitekeela arlo guzietan. Begira giza harremanen bortizkeria, gobernuen zitalkeriak, etengabeko gerlak, aberastasunen banatze orekagaitza, ingurumenari jasanarazten dizkiogun neurrigabeko erasoak... Nola sinetsi etorkizun hurbilean gizakia zentzatuko denik, hainbeste mendez eraikitako erokeriei uko eginez? Nola uste izan, Euskal Irratietan Amets Arzallusek berriki erran duenaren ildotik, eguneroko “gauza sinpleek” erabat eralda dezaketela sistema ustel osoa ? Geure buruaren akabantza jadanik apailatua daukagula da gauzarik argiena.

Alabaina, ikuspegi horrek sor dezakeen beldur eta etsipenari aurre egiteko, beharrik hor ditugula azken aste hauetan antolatu hainbat ekitaldi herrikoi: Zubietako Iraultza Txikien Akanpada, Baionako Alternatiba, laster Euskaraldia... Milaka jendek erakutsi dute –eta erakutsiko– modu engaiatuan bizi nahi dutela, biziraupenaren izenean ekimen berriak abiaraziz, edozein arlotan, hezkuntzan, energian, emazte eskubideen alde, ekonomian, ingurumenean, migratzaileen harreran, euskararen defentsan... Mugimendu horietan murgiltzea bihotz altxagarri izaten da: zuzentasuna eta biziaren alde borrokatuz, ez gara gehiago sistema ero baten biktima indargabetuak sentitzen, baizik eta eguneroko heroi.

Baina zerk bultzatzen gaitu engaiamendu horretara? Funtsezko baikortasunak, utopiak inoiz egiazta daitezkeen sinesteak, ala halabeharrak, Jean-Jacques Rousseau idazle frantsesak “iraupen sena” deitzen zuena –izaki bizidunen bizitzeko gogoa, edozer gerta ere– hots, ezkortasunaren ilunpean sustraitua dagoen baikortasun behartuak? Jean-Jacques Rousseau ez dut biziki gogoko, baina uste dut arrazoi zuela, eta euskaldunok behintzat hala jokatzen dugula.

Berriki iragan diren Aldude Ibarreko Ate idekietan, hausnarketa berak egiteko parada ukan dut: zerk bultzatzen ote ditu urepeldar, aldudar eta bankarrak manera sutsuenean munduari erakustera harana bizi dela eta tokiko biztanleek biziarazi nahi dutela, jakinez beren bizitza etengabeko borrokan oinarritua dela –administrazioarekin, izadiarekin?–. Aldudeko ibartarrek ikaragarriko indarra erakutsi diete bisitariei lau egunez, indar horrek ikaragarriko zalantzak, izuak eta etsipenak dituelarik behin behineko soilik itsutu.

Maiz entzuna izan da euskaldunok eskizofrenikoak garela, bai gure artean, bai erdaldunei begira beti bizpahiru postura kulturalen artean jokatzen dugulako, ezin finkatuz. Baina bipolaritatetik ere badaukagu: errealitatearen gordintasunak eragin etsipen bihozgabetzaile dorpeenetik jauzi egin dezakegu euforia handienera, delako baikortasun behartu harengatik. Alternatiben bestek eta Euskaraldia-k sorrarazi diguten karra erraustuko digu laster Eguberri kari goraipatuko den gain kontsumo okaztagarriak, baina berriz piztuko Korrikak... Aurten Gazteluma saria lortu duen Girgileri anderea eleberrian, hain zuzen ere Maialen Heguy-Lucuk bipolaritatea dauka aipagai, bereziki horren inguruan dauden tabuak euskal gizartean. Denok hein batean bipolarrak bihurtu garelako ote? 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude