Telebistetako tertulietatik eta ostatuetako eztabaidetatik urrun, administrazio publikoen erabaki garrantzizkoenak urteroko aurrekontuetan ezkutatzen dira. Europar Batasunak berrikitan onartu duenak gordeta darama herritarren etorkizuna sakon markatuko duen aldaketa: milaka milioi euroko diru-laguntzak emango dizkie Europak armagintzako industriei, batik bat drone, robot eta bestelako arma automatizatuak ekoiztu eta munduan zabal ditzaten.
“Ez onartu arma industriaren ikerketa sartzea Europar Batasunaren aurrekontu berrian. EBren diruak ez du joan behar teknologia militarrera. Ikerketarako diruek joan behar dute gatazkak prebenitzeko bide ez bortitzetara, eta partikularki munduko ezinegonaren sustraietara doazenetara”. Dagoeneko 143.000 europarrek sinatu dute EB: ez inbertitu armatan izenburupean interneten dagoen eskaria.
“Denok bizi nahi dugu mundu baketsu batean –diote agirian– eta horretarako sortu zen Europar Batasuna. Baina Europako Batzordeak, arma industriaren presioaren mende, aurrekontuetan sartu nahi ditu milaka milioi diru publikoetatik EB sortu zenetik lehenbiziko aldiz teknologia militar aurreratua garatzeko. Haiek ‘defentsa’ kontu bat bezala aurkeztu arren, diru-laguntzen egiazko helburua da sustatzea arma industriaren lehiakortasuna eta esportatzeko ahalmena, tartean Saudi Arabia bezala gatazka hiltzaileetan parte hartzen duten herrialdeetara”.
Protestak gora-behera, Europako Parlamentuak martxoaren 13an onartu zuen 2019-2020 urteetarako 500 milioi euroko multzo bat defentsako ekipamenduak garatzeko. Lehendik ikerketa militarren prestaketarako onartutako 90 milioi gehiago gehitu behar zaizkie. Hasi baizik ez da egin aldaketa: iaztik Europako Batzordeak iragarrita dauka 2021rako sortu nahi duela urtero 5.500 milioi euro gastatzeko ahalmena izango duen funts bat “defentsa europarra akuilatzeko”.
Inbertsio erraldoia aurkeztean, 2017ko ekainean, arrazoia honela zehaztu zuen Jyrki Katainen EBren lehendakariorde denak enplegu, hazkunde, inbertsio eta konkurrentziarako: “Europa osoan jendeak kezkatuta daude haien segurtasunagatik eta beren umeenagatik”.
Aldiz, ENAAT Armen Salerosketaren Kontrako Sare Europarrean uste dute EBk defentsa alorrean kasik ez gastatzetik oraingo plan handietara egin duen aldaketa sakona aspaldi hasitako kanpaina baten fruitua dela, Laetitia Sedouk Multinazionalen Behatokiari (multinationales.org) azaldu dionez: “Arma saltzaileak ate txikitik sartu dira, barne segurtasunaz eta mugen zaintzaz hitz eginez eta ez defentsaz. Pixkanaka iritsi gara honaino”.
2012tik 2017ra bitarteko bost urte laburretan, Europako arma konpainia nagusien artean antolatuta daukaten
lobbyaren aurrekontua urteko 2,8 milioitik 5,6 milioira bikoiztu zen. Hori armagileek deklaratua sinestekotan: zenbait adituk dio ASD Europako Industria Aeroespazial eta Defentsakoen Elkarteak lobbygintzan zifra horren hamar halako inbertitu zuela.
ASDko kide dira alorreko enpresa europar indartsuenak: Airbus, BAE, Dassault, Ficantieri, GKN, Indra, Leonardo, Liebherr, Rolls-Royce, Safran, Saab, Thales... Horiekin lotuta daude herrialde bakoitzeko elkarteak. Esate baterako, TEDAEk biltzen ditu Espainian industria militarrean ari diren enpresak, tartean EAEko batzuk: Aernnova, Tecnalia, ITP Aero, SAPA Placencia eta Sener.
Ingurumenaren ordez armak hobetsi
2015ean Europako Batzordeak 15 laguneko Pertsonalitate Talde bat (GoP) izendatu zuen ondorengo urteetan ikerketa militarrean zer egin aholku eskatzeko. Zerrendako izenak eta bakoitzaren kargua ikusi baizik ez dago ohartzeko armagintzaren kritikoek ez dutela arrazoirik falta: ia denak dira ASD industria militarraren patronalaren buruak. Batzorde horrek gomendatu zuen industria militar europarrak lehiakortasuna hobetu beharra daukanez Europar Batasunak finantziazio programa egoki bat eskaini behar ziola.
“Erabaki politikoen prozedura osoan esku hartu dute industrialek”, dio Bram Vranken Flandriako Vredesactie mugimendu bakezaleko ordezkariak. “Batzordea plan hau prestatzeko fasean gutxienez 36 aldiz elkartu da industrialekin. Ezin ukatu helburua lortzen ari ez direnik, aurrekontuetan sekulako dirutzak sartu baitituzte eta horiekin batera inbertsioen finantziazio plan samurrak ere bai: “%125eko diru-laguntzak lortu dituzte, %100 produktuetarako gehi %25 administrazio gastuetarako. Horrelako finantziazio bikainik ez zaie eskaintzen ezta munduko katastrofe larrienei aurre egin behar dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeei ere”.
Eta zein inbertsio lehenetsiko du EBk? Armen Behatokia elkartean ikertu duenez, droneak eta gerra egiteko sistema robotizatuetan zentratzen dira hein handi batean ikerketa proiektuak: “Ikerketa berri guztietan ageri da robotizazioa, armak gero eta autonomoago izatea da helburua”. Ondoren, ikerketa lerroak produktu zehatzetan mamitzen direnean, industrialak egoera hobean aurkituko dira puntako armak esportatzeko.
Esportazioen kontrolean datza gai honen eztabaidetako bat. Zeren eta armagintzako enpresek gero eta diru-laguntza gehiago eskuratu arren Europatik, esportazioen kontrolak jarraitzen baitu estatu bakoitzaren eskumena izaten. Alemaniak, Angela Merkelek SPD sozialistarekin egin duen itunean bildu denez, kontrol europarra indartu nahi omen du. Frantziak, aldiz, ez du horrelakorik entzun ere egin nahi. Industrialek presio egiten dute esportazioetan eskuak libre edukitzeko, lehiakortasunaren aitzakiarekin. Armada frantsesak ere ez du aldaketarik nahi horretan: “Frantziak eutsi behar dio bere interesak defenditzeko bere aldetik erabaki eta ekiteko ahalmenari”.
Are gehiago, armagintzako industrialek lortu dute diru-laguntzaz finantzatutako patente berriak beren jabetzan geratzea, Europako gizarteari horrek dakarkion kalte bikoitzarekin. Batetik, diru publikoz ordaindutako aberastasunak kapital pribatuak bereganatzen dituela. Bestetik, Europako aginte politikoaren kontrola galdurik enpresek teknologia eta patente horiek saldu ahal izango dizkiotela munduko edozein bezerori, baita edozein krimen egiteko gai direnei ere.
Europar Batasunaren gastu militarra da, kide dituen estatuenak batuta, munduko hirugarren handiena, AEBak eta Txinaren ondotik. Errusiak 69.200 milioi euro gastatzen badu, EBk 264.300 milioi. Diru-laguntza berriak nondik aterako ditu Brexitarekin aurrekontua murriztera behartutako Europak? Ekintzaile asko beldur da ingurumena eta klima izango direla pagaburuak.
Bitartean, Bakearen Aldeko Ikerlariek ere atxikimenduak biltzen dituzte EBren aurrekontua aldarazteko: “Europar Batasunak ikerketa militarrerako programa ezartzeak sekula ikusi den azkartze handiena dakar Europaren militarizazioan. Orain garatzen ari garen teknologia militarren araberakoak izanen dira etorkizuneko gerrak”.
Xak eta Ekiza
Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.
-------------------------------------------------------
Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]
Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.
Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]
Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]
Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.
Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.
Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.
Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]
Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.
Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.
Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.
Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]
"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".